Dejabu konpainia kalitatearen bermea da, egiten dituzten sormen lan guztiak arrakastaren bidetik joan baitira. Haurrentzat “Azken portua” eta “Idazlea zeu zara” antzezlanak ekoiztu dituzte, oraindik ere han eta hemen eskaintzen ari direnak. Helduentzat, berriz, “Gure bide galduak” antzezlan ezaguna egin zuten, eta beste kolektibo batzuekin batera beste zenbait obra ezagunetan parte hartu dute: “Arrastoak”, “Hamlet” edota “Errautsak”. Bistan da Oarsoaldeko konpainia ibilbide oparoa osatzen ari dela. “Linbo planeta” antzezlanean, Miren Alkala eta Alvaro Garayalde izango dira aktoreak. Taularen atzealdean kokatu dira Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo Dejabuko aurpegi ezagunenak. Aktore lanak alde batera utzita, lehena zuzendari arituko da eta bigarrena eszenografiaz arduratuko da.