Euskal Herri osoko 733 musikari Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 23a, 01:00

Euskal Herri osoko piano-jotzaileak hurbilduko dira asteburu honetan Andoainera. Zehazki, 733 musikari Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik, Iparraldetik eta Gipuzkoa osotik etorritakoak. Jaialdiak duen dimentsioaren datu argigarria da hori.

Ehunka izango dira jaialdi honetan parte hartuko duten haur eta gazteak. 626 Gipuzkoatik, 72 Bizkaitik, 31 Nafarroatik, 2 Arabatik eta 2 Iparraldetik. Horietatik, 233 musikarik lehen aldiz hartuko dute parte jaialdian. Urteak aurrera joan ahala, partaidetza biziberritu egiten baita. Batzuk badoaz, helduarora iritsi direlako. Baina badatoz partaide berriak, taulagainera igotzeko zirrara berezi hori sentitzeko gogoz daudenak.

Piano Jaialdia beharrezkoa da, parte hartze datuak ikusita

Esti Mujika zinegotziak aurkezpenean aipatu zuen moduan partaidetza handi horrek bere baitan erakusten du horrelako jaialdia egitearen beharra: “Aurtengo edizioan 733 partaide ditugu, bazegoen horrelako ekimen bat egiteko nahia eta beharra”.

Kontzertuak Bastero kulturguneko bi areto ezberdinetan emango dira; ekitaldi aretoan eta kulturguneko auditorioan. Auditorioan, gainera, 29 saio ezberdinez gain, zazpi sari banaketa ekitaldi eta amaierako kontzertua antolatuko dituzte. Ainhoa Aiertzak aurkezpenean aipatu duen moduan “Urtero obra berriak txertatzen ari gara gure errepertoriora eta kontzertuetan estilo eta garai ezberdinetako 566 obra ezberdin entzuteko aukera izango da”.

Saio irekiak, eta doakoak

Piano Jaialdia ezagutu nahi duen herrikideak ateak zabalik aurkituko ditu. Emanaldi guztiak irekiak dira, eta doakoak. Musikarien senideez gain, beraz, edonork ikus ditzake emanaldiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!