Urnietako Udalak dagoeneko jaso ditu urnietarren proposamenak, aurtengo Udal aurrekontuko 125.000 euro zertan gasta daitezkeen erabakitzeko. Urteko lehen asteetan egin da parte hartze ariketa, horretarako modu eta baliabide ezberdinak eskainiz. Ekimenean Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako pertsonek parte har zezaketen. Udala parte hartzearekin pozik dago, aurreko urteko datuekin alderatuta kopurua zertxobait jaitsi bada ere.
157 galdetegi jaso dituzte denera
157 galdetegi jaso dira parte hartze prozesuan. Horietatik "142 galdetegi eman dira ontzat. Onartu ez direnak informazio faltagatik, galdetegia behar bezala ez betetzeagatik edo egilea ez identifikatzeagatik baztertu dira".
Parte hartzeko modu ugari erabili dira: 54 herrian zehar ipinitako buzoi eta kutxatan, 40 Urnieta APP eskuko telefonoko aplikazioaren bitartez, 37 otsailaren 2an eta 3an ipini ziren informazio karpan jasotakoak eta 26 urnieta.eus webgunearen bidez.
Udal teknikariek proposamen guztiak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte. Erabaki horien berri emateko bilera irekia deituko dute.