“Erretiroa hartzeko garaia iritsi da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 23a, 01:00

Bizitza osoa Udalari lotuta darama Ana Arilla billabonatarrak. Udaleko jardunean eta instalazioen erabileran eman diren aldaketen inguruan aritu da.

Berrogeita lau urtez aritu da Ana Arilla (Villabona, 1955) herriko administrari lanetan. Otsailaren 15ean, bere urtebetetze egunean, zapaldu zuen azkenekoz Udala langile gisa. Egunari jarraipen ederra emateko, elkarrekin bazkaldu zuten Zizurkilen langile guztiek, eta baita aurrez erretiroa hartuta dutenek ere. Ospakizun guztiak amaituta, bizimodu berria lasai hartu nahi duela adierazi du Arillak: “Lehenik nire burua kokatu behar dut, eta ondoren hark esandakoari kasu egingo diot, egunean egunekoa biziz”.

Ana Arilla 18 urterekin hasi zen Amasa-Villabonako udaletxean lanean, administrari laguntzaile gisa. Urte batzuk geroago, administrari postua sortu zuten berarentzat. Arlo berdinean lankide zituen Pedro Zufiria eta Bittorio Lizarraga eta idazkari lanetan ari zen, berriz, Eustakio Irusta. Arillaren lanpostua berarekin hasi eta amaitu da, eta hortaz, hemendik aurrera administrari bat gutxiago egongo da Amasa-Villabonako Udalean.

 

Digitalizazioaren garaia

“Papera eta arkatza nituen lan-tresna hasierako urteetan”, azpimarratu du. 1981. urtean ordenagailuak iristearekin batera, Udaleko agiri eta dokumentu mordoa digitalizatu behar izan zituzten, aurrerantzean modu digitalean lan egiteko. Ikaragarrizko saltoa izan zela esan du Ana Arillak: “Ez genekien ezer informatikaren inguruan. Hutsetik hasi behar izan genuen, baina modu digitalean lan egitearen abantailak oso handiak izan dira”.

Urteak igaro ahala, herria hazten joan zen eta lanerako moduak ere aldatu egin ziren. Horrek guztiak, udaletxeko plantilla handitzea eskatu zuen. Arillaren hasierako urteetan hamar langilek osatzen zuten Udaleko plantilla, egun, berrogei langile inguru daude.

Orain gutxi ere aldaketa gehiago eman dira kudeaketa admnistratiboaren arloan. Abenduan Zuretzat izeneko herritarren arreta zerbitzua zabaldu zuten Udaleko arkupeetan. Bi langile aritzen dira bertan, herritarrei administrazioarekin loturiko gestio guztiak errazte aldera.

 

Udala bizitoki eta lantoki

Ondo baino hobeto ezagutzen du Ana Arillak Villabonako udaletxea. Izan ere, berak urtebete zuela joan zen familia osoa udaletxeko azken solairura bizitzera. Bertan igaro zuen haurtzaroa, ahizparekin batera. Euren etxebizitza izateaz gain, garai hartan udal-eraikina bestelako zerbitzu batzuk eskaintzeko ere erabili izan zen. Esaterako, hezkuntza arlorako. “Udaletxeko azken solairuko ezkerreko aldean bizi ginen, eta eskuineko aldean nesken eskola zegoen, egun Arratzainen kokatzen den Fleming Herri Eskola zen hura, eskola publikoa”. Lehenengo solairuan, berriz, mutil txikien eskola zegoen. Beraz, egun areto nagusia dena, ikasgela zen garai batean, eta Anak ondo gogoan du hori guztia. Oso pozik gogoratzen du haurtzaroa, herriko haur asko jolastera bere etxera joaten zirela azalduz.

Bitxikeria gisa, Udalaren kanpoaldean, egun Udal liburutegia dagoen lekuan, animalien hiltegia zegoela azaldu du Arillak, eta asteartero bertara ekartzen zituzten behien marruak etxetik entzuten zituela ere gaineratu du.

27 urte zituela ezkondu, eta Altzin Kalera joan zen bizitzera. Geroztik, bertan bizi da. Bizilekua herriko plazako eraikinean edukitzetik Altzin kalean edukitzera igarotzeak ez diola aldaketa handiegirik eragin esan du; giroa ezberdina izan arren, Villabonan pozik bizi dela azalduz.
 

Luziano eta Maria Dolores

Ana Arillaren gurasoak aski ezagunak dira billabonatarren artean. Aita Luziano Arilla herriko aguazil bakarra izan zen urte luzez, eta ama, Maria Dolores Iñurrita, udaletxeko garbitzailea.

Amak gozoki kiosko bat ere ireki zuen Berdura Plazan. Herriko gozoki denda bakarra zenez, haur guztiak hara joaten ziren gozoak erostera. 4-5 urtez egon zen zabalik, eta kioskoaren azpian zeuden komunak ere garbitzen zituen Maria Doloresek.

Herritarrek estimu handitan duten familia da berea, eta azken egun hauetan txikitako pasadizo eta momentu ugari gogoratu dituzte. Esaterako, Udalak otsailaren 7an antolatutako festan Maite Izagirre alkateak ahizparekin bizitako momentuez hitz egin zion: “Gogoratzen dut oraindik nola ibiltzen zineten ahizpa eta zu udaletxeko pasilloan barrena korrika”.  Villabonako kaleetatik zehar paseoan dabilela ere zenbait  herritar hurbildu, eta erretiroagatik  zorionak eman ostean garai haietako kontuez hitz egiten diote.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!