Udal aurrekontu proposamena onartu da, jeltzaleen eta sozialisten aurkako botoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 23a, 01:00

Bi ordu eta erdiz luzatu zen ostegun arratsaldeko Udal batzarraldia, eta bertan preso ohien harrera ekitaldiak edota hileta zibilak aztergai izan zituzten. Herritarrei hitza emateko txandan, Asuncion klinikako langile ordezkari batek hitza hartu zuen.

Masa hedabideen begiradapean, eta ohikoa baino herritar gehiagorekin, bi ordu eta erdiz luzatu zen plenoa. Hainbat eztabaidagai izan zen.

Hileta zibilen ordenantza

Gehiengo osoz onartu zen, PSE-EEren abstentzioarekin. Ekitaldi horiek hildakoaren gorpua bertan dela egitearen aurka daude sozialistak.

Harrera ekitaldiak

PSE-EEk 49 orduko epean bigarren mozioa aurkeztu zuen, gehiengo zabala lortze aldera. Eusko Legebiltzarrean egin bezala, sozialista, jeltzaleak eta Podemosen diskurtsotik gertu dauden hiru zinegotziak alde agertu ziren. EH Bildu aurka agertu zen, harrera ekitaldia eta omenaldia bereiztuz eta biktima guztiekiko errespetua agertuz.

Pentsioak

Ganemosek eta Irabazik mozioa aurkeztu zuten, eta PSE-EAJ alderdiek mozio alternatiboa. EH Bildu bietan abstenitu egin zen, eta boto gehiago lortu zituen bigarren mozioa onartu zen.

Udal aurrekontua

Ia guztia iragarrita zegoen arren, eztabaida piztu zen. Gehiengo osoz onartzeko akordioa bazegoen, Bildu, Ganemos, Irabazi eta atxekiturik gabeko zinegotziaren artean. Alegia, 17tik 9 boto. 

PSEren eta EAJren emendakinak ez ziren aurrera atera, nahikoa babes ez zutelako lortu. Emendakinak aurkezteko prozeduratan, interpretazio ezberdinak direla eta, ika-mika sortu zen bereziki Bildu eta EAJren artean. 

Bozketa egin aurretik, Bilduk poza agertu zuen akordioarekin. PSEk emendakin batzuk faltan bota eta agintaldi osoan zehar bezala aurka bozkatu zuen. EAJ-PNV oso kritiko agertu zen aurtengo aurrekontu proposamenarekin, eta aurka bozkatu zuen. Ganemos, Irabazi eta ez atxekituak aurrekontuaren arlo soziala nabarmendu eta ados agertu ziren.

Amaieran, herritarrei emandako txandan, Asuncion Klinikako ordezkari batek hitza hartu zuen eskualdeko osasun zerbitzuarekikiko kezka adierazteko. Lan baldintzak hobetzeko borrokan ari dira, eta bozeramaileak adierazi zuen ez zela lan baldintzen inguruko eztabaida jokoan. Zerbitzuen kalitatea bera kolokan zegoela. 21 milioi euro diru publikotik enpresa kontzertatu bati bideratzeak kontrola merezi lukeela erantsi zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!