Pianoa ardatz duen jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 22a, 01:00

Zapiz beteko da Andoain asteburuan, Piano Jaialdiaren bereizgarri den arrosa koloredun zapiz. Udalaren lankidetzarekin, beste behin ere Deiadar elkarteko Castro, Ulanga eta Aiertza hirukoteak lan eskerga egin du.

Asteburuan, Andoaingo Piano Jaialdiak bere 13. edizioa ospatuko da, eta aurten antolatzaileak bi berrikuntzekin datoz. Jaialdiaren atarian, ostiral honetan, Txitxu Castrok eta Myriam Ulangak Andoaingo piano irakasle guztiekin entsegu orokorra egingo dute. Hitzordua ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 18:00tan hasita. Eta bertara piano-jotzaileen senitartekoak gonbidatu dituzte.

Bigarren berrikuntza, taldekako jarduerari dagokio. Myriam Ulangak iragarri zuenez, “iaz ez zen sei eskuetara parte hartzeko aukerarik egon, baina edizio honetan maila eta modalitate guztietan izango ditugu partaideak”. Aurtengoan, beraz, bakarlari moduan aritzeaz gain, lau eskuetara eta sei eskuetara pianoa jotzeko aukera izango da. Esti Mujika udal zinegotziak musikak haur eta nerabeentzat ikasketa prozesu moduan duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Horrelako jaialdi bat antolatzea izugarrizko apustua izanik, lan gogorra eginez merezi duen proiektua bihurtu dutela aitortu zien musika eskolako irakasleei.

Boulanger eta Debussy musikarien mendeurrena
Musikari erreparatuta, 2018an bi konposatzaile ezagunen mendeurrena ospatzen da. Zehazki, Lili Boulanger eta Claude Debussy musikariarenak. Biei jaialdiaren amaierako kontzertuan aipamena egingo zaie.  Baina ez hori bakarrik, Debussy-ren obraren interpretazio onena egiten duen parte hartzaileari sari berezia emango baitiote.

Antolatzaileen eskertza
Aurkezpenaren amaieran, Ainhoa Aiertza antolatzaileen bozeramaileak eskerrak eman nahi izan zizkien Andoaingo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bereziki piano jaialdiaren inguruan laguntzen diharduten dozenaka gazte eta familiei.
Jaialdia herritar orori zabalik dago, emanaldi guztiak irekiak baitira. Eta doakoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!