“Erorikoa saihesteko modurik hoberena ariketa fisikoa egitea da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 22a, 01:00

Erorikoak saihesteko lantegia egin zen otsailaren 19an Bastero kulturgunean. Bertan, erorikoak ekiditeko orekak duen garrantziaz, ariketa fisikoaz eta hauek ekiditeko hartu beharreko neurrien inguruan ere hitz egin zen. Horretaz gain, otsailaren 21ean martxan jarriko den ibili Andoain ekimenaren inguruko zalantzak argitu eta jendea bertan parte hartzera ere gonbidatu zuten.

[Argazkiak]

ERORIKOA EKIDITEKO LANTEGIA

“Erorikoa saihesteko modurik hoberena ariketa fisikoa egitea da.” Aipu honekin eman zion hasiera Ana Carrere Andoaingo alkateak erorikoak saihesteko Basteron izan zen hitzaldiari.  Aipatutako Ana Carrere alkateaz gain, Ana Sanz  Gizarte Zerbitzuetako arduraduna, Tomas Plazaola Tolosaldeko Osasun saileko arduraduna, Arantxa Mendiluze erizaina eta Eduardo Iñiguez medikuak hartu zuten parte otsailaren 19ko jardunaldian. Eguraldiak kalera ateratzeko lagundu ez bazuen ere, uste baino jende gehiago gerturatu zen Basterora informazio bila, eta baita adin tarte ezberdinetako jendea ere.

Lantegian, erorikoak gutxitzeko hartu beharreko neurriez eta Andoain ibili ekimenaren informazioaz gain, Ana Sanzekin batera dantzatzeko eta ondo pasatzeko tartea ere izan zuten gerturatu zirenek.

 

OREKA MANTENTZEAREN GARRANTZIA

Espazioen erabilera egokia izan zen lantegi hauek aurrera ateratzearen gakorik garrantzitsuenetarikoa. Horregatik eta Andoaingo txoko ezberdinetako espazioa ondo erabiltzeko, herriko lau puntu ezberdinetan ariketa fisikoa egiteko espazioa gunea dutela azpimarratu du alkateak. Honekin eta martxan jarriko den Ibili Andoain ekimenarekin batera, ariketa fisikoa egitearen beharra eta honek dituen onurak indartu nahi dituzte.

 

DANTZATUZ MANTENTZEN DA OREKA

Ana Sanz izan zen erortzeak ekiditeko orekak duen garrantziaren inguruan hitz egin zuena eta, horretarako ballet klasikoaren adibidea plazaratu zuen. Ballet klasikoa ez baita dantza bakarrik, berak ondo azaldu zuenez, ballet klasikoaren gakoa interpretazioan eta orekaren mantentzean dago. Hau esan ostean gainera tutu arrosa jantzi, musika jarri eta bertara gerturatu ziren jubilatu guztiak altxarazi eta dantzan jarri zituen. Dantzatuz, oreka lantzeko lagungarri egingo zaizkien lau pausu erakutsi zizkien.

 

ZER EGIN ERORIKOA GERTA EZ DADIN

Adinak gora egiten duen bezala, erortzearekin batera mina hartzearen aukerak ere gora egiten du. Horregatik Iñiguezek argi azaldu zuen zer hartu behar den kontuan erorikoa saihesterako orduan. Lehenik eta behin, etxean ditugun gauzen antolaketaren garrantzia. Hau da, argiztapen egokia izatea, behar ditugun gauzak ahal den neurrian eskura izatea, etxean eta batez ere komunean tenperatura egokia izatea, behar izanez gero altxatzeko eta esertzeko barra lagungarriak izatea etab. Horretaz gain, gomendagarria da oinetako aproposak erabiltzea ere, behar izanez gero bastoiak, muletak edo ibiltariak erabiltzea eta baita noizean behin medikuarenetik pasa eta entzumena eta bista begiratzea ere.

Egia da, hau guztia eginda ere askotan ezinezkoa dela eroriko bat ekiditea. Baina gertaera horren aurrean, Eduardok argi utzi zuen, oso garrantzitsua dela erorikoaren ostean medikuarenera joateaz gain, ahal den azkarren berriz ariketa fisikoa egiten jarraitzea. Berak azaldu zuen moduan “geroz eta gutxiago egin, gutxiago egin dezakegu”, beraz oso garrantzitsua da ariketa fisikoa eginez aktibo mantentzea.

 

ARIKETA FISIKOA, EZINBESTEKOA

Erorikoa ekiditeko ezinbestekotzat jo zuen Iñiguezek ariketa fisikoa egitea. Horri lotuta, eta horrelako ekimenek beste herri batzuetan izan duten arrakasta ikusita, Ibili Andoain ekimena antolatu du Udalak helduen mugikortasuna sustatzeko. Herriko jubilatuak kalera ateratzera bultzatzeko eta beraien arteko harremanak sustatzeko ekimena martxan jarri dute. Otsailaren 21ean eman zitzaion hasiera ekimenari eta herriko elkarte ezberdinen laguntzarekin asteazkenero errepikatuko dute herri-martxa. Andoainen barrena, lau ibilbide ezberdin prestatu dituzte. Asteazkenetako ibilaldiak, gerturatutako pertsonen mugikortasunaren arabera banatuko dira eta posible da egun berean talde ezberdinetan banatuz ibilbide ezberdinak gauzatzea. Hau horrela eta ariketa fisikoarekin batera elkarren arteko harremanak sustatzeko asmotan, ibilbidearen amaieran guztientzako salda beroa ere banatuko da jubilatuen etxean.

Salda beroa hartzeko basoak eta laguntzaileentzako txaleko islatzaileak nortasundu dituzte gainera, ekimenari lotutako irudiak erabiliz.

 

ZER EGIN PARTE HARTZEKO?

Jubilatu bakoitzak txartel bat jasoko du bere etxean (hala ez bada egunean bertan ere eskura daiteke) eta txartelak asteroko ibilbideetan parte hartzeko balioko du. Martxa goizeko 10:45eta hasiko da udaletxe azpiko arkupeetatik eta horretarako nahikoa da ordu horretarako txartelarekin agertzea, txartelari zigilua jarri eta martxarako prest! Gainera, lehen aipatu bezala, gerturatzen direnen mugikortasunaren araberako ibilbideak egingo dira, beraz ez geratu etxean eta animatu parte hartzera.

 

Andoaindik kanpo datozenentzat

Asteazkeneroko hitzorduan bat egin dezakete, 10:45etan Goikoplazan hasita. Bestela ere, urte osoan zehar udaletxe ondoko plazara ager daitezke bertatik abiatzen baitira seinaleztaturiko lau ibilbideak. Plazan bertan argibide guztiak eskaintzen dituen planoa dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!