Aurtengo denboraldian debuta egin dute biek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 18a, 01:00

Urnieta herrian profesional mailako bi txirrindulari daude. Eta dagoeneko biek ere debuta egin dute. Alonsok nahi baino beranduxeago, gaixotasunagatik. Iturriak dagoeneko zortzi lasterketa egun bete ditu.

Euskadi Fundaziokoak Murtzia eta Almerian korritu du, eta bigarrena bukatu; Iturriak zortzi lehiaketa egun pilatu ditu Frantziako errepideetan, eta kontent bueltatu da.

Gazteenak, Alonsok, Murtzia eta Almeriako klasikoetan parte hartu ahal izan zuen, pasa den asteburuan, Mallorcan debutatu ezinik geratu ostean, gaixotasunagatik. Euskadi Fundaziokoak ezin izan zuen lasterketa bukatu Murtzian, baina bai Almerian, igandean. Postu txukuna lortzeko bidean zen Alonso, baina helmugarako 15 kilometro falta zirela gurpila zulatu, eta onenen tropelarekin batera helmugaratzeko aukera oro galdu zuen. Alonsoren hurrengo lehiaketa Alenteixoko Itzulia izango da, Portugal aldean, martxoaren 14tik 18ra.

Mikel Iturria Euskadi Murias Team taldearekin
Iturriak ere debuta egin zuen Frantziako errepideetan. Denera 8 lehiaketa egun osatu ditu La Marseillase, Etoile de Besseges eta La Provence-eko itzulietan. 1.000 kilometro inguru, sasoi puntu ona lortzeko bidean. Iturriak abuztuan hautsi zuen izterrezurrean oinaze txiki batzuk sentitu ditu, "baina egunez egun hobeto sentitu naiz". Iturriak aste batzuk egingo ditu orain etxe aldetik, eguraldiak laguntzen badu bertako errepideetan ibiliz, eta ezin bada, eguraldiak laguntzen duen tokiren batera joango da. 7-10 egunez, bere prestakuntza fintzera. Litekeena da martxoan egun bateko proba pare bat korritzea, Nantes aldean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!