Gaia adostua zegoen, eta afitxetan egitaraua oparoa eta zehatza zen. Larunbat goizean hasita, eguraldia hain petrala izanik, aukera onena bazkaria epelean egitea zen. Eta epelean ez bazen ere, gutxienez babesean. Festarako gogoa hotzari gailendu zitzaion, pilotalekuko gazte bazkarian. Mozorroei erreparatuta zalantzarik ez zegoen, hura bazkari musikala zen! Cisne negro, Fama, Flash dance, High School musical, Patito feo, Mago de Oz, Aladino, Los chicos del coro,... Aiurriko webgunean ikusgai daude taldeko argazki horiek guztiak. Dena esaten hasita, bazkaria musikala izateko, bazkarian ipinita zegoen megafoniaren kalitatea zatar samarra zen. Petritegi sagardotegiko kupela erdian ipinita, Urnietako gazte asko ospakizun betean ziren.
San Juan plazan mozorroen kalejira iragarrita zegoen, 16:30erako. Hara iristeko, Bosko Anitz txarangakoak eta haiekin batera etorritako gazte konpartsa kaleak alaitzen aritu ziren. Plazan ez zegoen jende asko, baina haietako gaztetxo batzuk oso mozorro dibertigarriekin agertu ziren. Denbora tarte bat bertan igaro ondoren, txaranga kalejiran jaitsi zen Idiazabal kalera. Lastima, plazatik kalerako bidean mozorrotuen desfilea ez baitzen kopuruan asko handitu. Orduek aurrera egin ahala, talde gehiago ibili zen. Poxta Zahar taldeak, esaterako, ordutegia bere erara moldatu zuen. Beranduago agertu ziren San Juan plazara, eta iluntzean jaitsi ziren Idiazabal kalera.
Inauteriak igande arratsaldean jarraipena izan zuen. Etxeberri plazan izatekoa zena, eguraldi petralagatik, Egape ikastolako jolastoki estalian izan zen. Festa bakarra izan arren, ospakizun ezberdinak izan diren irudipena nagusitu da aurten.