“Gizartea, orohar, solidarioa dela esango nuke”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 16a, 01:00

Elkarte txikiak kontzertu handia antolatu du, otsailaren 15ean haur minbizidunen nazioarteko eguna dela eta. Almu Salas Super H elkarteko aurpegi ezaguna da Urnietan.

Larunbat honetan ez ohiko ekitaldia antolatu duzue, Saroben.

Eñaut Elorrieta ekartzeko aukera ikusi eta ez genuen bi aldiz pentsatu. Gainera, kontzertuaren bitartez, herriarengandik elkarte bezala jasotzen duguna eskertu nahi izan dugu.

Erantzun bikaina jaso duzue!

Bai, sarrerak astebetean amaitu ziren. Lagun zein ezagun askok sarrerak erosi dituzte, baina baita kanpoko jendeak ere. Oso gustura gaude.

Zer nolako jokabidea izan zuen Elorrietak, zuen berri izatean?

Nor garen eta kontzertuaren zergatia azaldu ostean, esker onez onartu zuen gure proposamena. Kontziente gara berak agian beste proposamen batzuei uko egin diela gure aldeko kontzertua eskaintzeko, eta hori oso positibotzat hartzen dugu.

Gaixotasun onkologikoak dituzten haurren errealitatea bistaratzea beharrezko da, oraindik ere.

Bai, gaixotasun arraroak eta onkologikoak bistaratu behar ditugu. Herria eta administrazioa dauden gabeziez kontura daitezen, eta baita ikerkuntzak duen garrantziaz ere.

Zuei esker, Donostia Ospitaleko haurren eremuak beste itxura bat dauka, erabat koloretsua.

Humanizazio proiektuak bezala definitzen ditugu. Haur batek ospitalean denbora asko pasatzen duenean bere beldurrak eta ezinegonak lasaitzeko lekua behar du. Eta ez soilik haurrak, baita harekin dagoen familiak ere. Paretak margoz eta kolorez betetzen hasi garenetik, jaso dugun erantzuna oso positiboa izan da. Jarraitzeko asmoa dugu.

Kontzertuaz gain zer gehiago duzue esku artean?

Nagusiki, bi ekitaldi. Lehena uztailaren 15ean izango da. Bigarrena, Super H festa. Horiez gain, inguruko herri txikietan gure ekintzak egiten jarraitzen dugu.

Ikerketan sakontzeko diru gehiago, beraz.

Normalean irabazi gehienak ikerketarako bideratzen ditugu, bai. Baina Eguberrietan egin genuen egutegi solidarioa humanizazio proiekturako bideratuko dugu.

Urnietarrak bereziki solidarioak direla esango al zenuke?

Gizartea, orokorrean hartuta, solidarioa dela esango nuke. Geroz eta ekintza eta elkarte gehiago dago, hainbat gabeziri aurre egiteko prest.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!