Kale eta espaloien garbiketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 15a, 01:00

Villabonako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, urte honen hasieran Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziaren bidez kontratatutako langileak, kaleak eta espaloiak garbitzeko lanei ekin zieten alkatetzaren menpe dagoen hiri espazioak hobetzeko OSATUZ programaren barne.

Programa honen lehenengo fasean Oriamendi, Larrea eta Arroa auzoetan aritzea aurreikusten zen eta, lortzen ari diren emaitza onak kontuan hartuta, garbiketa-lan horiek herriaren hirigune guztira zabaltzea ekarri du Udalak.

Orain arte, aparejadorearekin eta obra eta zerbitzuetako lantaldearekin elkarlanean finkatu den kronograma jarraituz, Etxeondoko parkearen gunea eta auzoa, Larreako gune zabalak, kale Berriko erdi gunea ("akordeoiko etxeak"), kale Nagusiaren atze aldea (ibairantz ematen duena) Zubimusu zubiraino eta Arratzainera doan tunela garbitu dira.

Datozen egunetan autobus geltoki guztiak, Santio Kalea ("karkaroa"), Oriamendi, Arroa eta Larreako haur-parkea egokituko dira. "Hirigunean ez dugu utzi nahi gune bat ere garbitu gabe; urte askotan aspektu hau ez da bat ere zaindu, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Joan zen egunean bizilagun batek esaten zidan bere espaloiko baldosak bi koloretakoak direla ohartu dela orain" azaldu du Maite Izagirre alkateak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!