"Martxoak 8, 8 emakume" kalejira iragartzeko grabaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 15a, 01:00

Udalak emakumeentzat tailerra antolatu du Urigainen, kalejira iragartzeko bideo grabaketa egiteko.

“Pausoz pauso. Martxoak 8, 8 emakume” egitasmoa iragartzeko bideoa grabatuko du Andoaingo Udaleko Emakume eta Gizonen Berdintasun lansailak, Pixelatu ekoiztetxearekin elkarlanean. Ideiak sortzen hasteko, "ahalduntze tailerra" antolatu dute otsailaren 24an Uriganen, 10:00etatik 13:30etara eta 15:30etatik 18:00etara.

Helburua emakumeak ikusentzunezko arloan trebatzea da, bideoaren lanketan parte hartze zuzena izanik. Tailerrera joaten diren emakumeek erabakiko dute zein izango den spot edo iragarkian zabaldu nahi den mezua, eta baita zein irudiren bitartez ikusaraziko den mezu hori ere. Tailerrean sortzen diren ideiak oinarritzat hartuko dituzte Pixelatu ekoiztetxeko kideek, eta eurek emango dizkiote azken ukituak bideoari. Prest dagoenean, zabalpen lanari ekingo zaio.

Omenduen aukeraketa
Gaur, otsailaren 15, aukeratuko dituzte aurtengo protagonistak. 18:00etan hasita, Urigainen deitu dute bilera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!