Andoaindarrak urtez urte erakusten ari dira badutela grazia eta irudimena, eta gainera, Inauteriekin gozatzeko gogo bizia edukitzen dutela. Ehunka andoaindarrek, kaleak hartu zituzten, Inauteriak berarekin dauzkan umorea zein egunerokotasun arautuari trufa egiteko asmoa erakutsiz.
Jai egitarau oparoari begiratuz gero, ostegun ilunabarreko pintxo pote musikala bereiztu behar da, berrikuntza nagusia zen aldetik. Egia esan, urtero errepikatuko den ekitalditzat jo daiteke, oso parte hartzailea suertatu baitzen.
Larunbatera eta igandera bideratu ziren ekitaldiek, berriz, txanponaren bi aldeak erakutsi zizkiguten. Batetik, umoretsuak eta guztiz partehartzaileak izan zen desfilea. 21 konpartsa irten ziren beren karrozekin Etxeberrieta auzotik, inoiz baino gehiago. Horietaz gain, beste hainbat herritar ere txukun mozorrotuta ibili ziren kalean gora kalean behera. Bestalde, aitortu beharra dago larunbat eguardia eta igande goiza hankamotz samar geratu zirela; beharbada giro txepelagatik. Jai giroa igande goizera luzatzea ez da andoaindarrengan oraingoz errotu den ideia.