Atxulondo tabernako esleipena zabalik

Zizurkilgo Atxulondo taberna-jatetxea itxia dago urriaren amaieraz geroztik eta Udalak lehiaketara atera du haren ustiaketa. Hamar urterako ustiaketa epealdia eskaintzen du Udalak, urtez urte luzagarria dena hamabost urte arte. Interesa duenak pleguetan zehaztutako zenbait obra edo erosketa egin beharko ditu, 35.500 euroko gutxieneko inbertsioarekin.

Beregain izango dira lokalaren mantenu gastuak eta 200 euroko alokairua izango du hilero. Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak adierazi duenez, “proiektu serio baten interesa erakarri nahi genuke, arrisku bat hartu behar da baina lokal ederra da, plazan bertan dago eta uste dugu funtziona dezakeela. Atxulondo kultur etxea itxuraberrituta dugu eta jatetxeak ere etorkizun oparoa izan dezala nahi genuke”.

 

Euskaraz

Baldintzetan jasotzen denez, tabernaren ustiapena hartzen duenak euskarazko arreta bermatu beharko du eta ezinbestekoa izango da agindutako ordutegiak betetzea, besteak beste. Lehiaketa aurkezteko bete beharreko baldintza guztiak www.zizurkil.eus atarian aurki daitezke, kontratatzailean profila atalean dauden pleguetan. Bertan daude aurkeztu beharreko agirien ereduak ere. Interesatuek, otsailaren 19ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!