Juan Bautista Barandiaran sortzailea zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 13a, 01:00

Otsailaren 12an, asteartearekin, hil zen Juan Bautista Barandiaran Iturriotz. Andoainen irakasle, musikazale eta margolari ezaguna izan zen Barandiaran. Hileta elizkizuna asteazkenean egingo da, San Martin parrokian, seiak eta erdietatik aurrera.

[Argazkiak] [Bideoa: Erramueta abestia]

[Hemeroteka: Aiurri, 2010eko erreportajea]

Barandiaran Tere Errorekin ezkonduta zegoen, eta hiru alaben aita zen: Itziar, Olatz eta Idoia. Zumea kalean 1928an jaio zen. Andoaindar-andoaindarra zen Juan Bautista, eta San Juan egunean jaio zela harrotasunez eta umore puntu batez aldarrikatu ohi zuen.

Euskaltasunaren sentimendu sendoa zeukan familia baten altzoan jaio zen Juan Bautista; 1936ko gerran gogotik sufritzea tokatu zitzaion familiari horregatik. 1936ko uztailean militarrak altxatu zirenean izua nagusitu zen Andoainen, eta Barandiaran Iturrioz familiak ehunka pertsonek osatutako exodoan parte hartu zuen. “Andoaingo haurrak erbestean” dokumentalean ederki asko biltzen dira bere senideek eta herriko beste zenbait haurrek ihesaldian bizitutako bizipenak. Bi urte igaro zituzten Frantzian., eta itzuli zirenean, Andoain erabat eraldatuarekin egin zuten topo. Frankismoak inposatutako beldurra, isiltasuna eta euskararekiko zapalketa ziren nagusi. 

Barandiaranek goi mailako ikasketak egin zituen, eta ondoren Beasainen, Zumarragan eta Deustun irakasle izan zen. Gerora Laborde lantegiko ofizioen eskolan eta La Sallen aritu zen irakasten; azken honetan hartu zuen erretiroa.

Musika zale amorratua zen, eta autodidakta izan zen arlo horretan. Besteak beste, Laborden eta La Sallen sortu izan ziren abesbatzetako zuzendaria izan zen. Abestien konposatzailea ere izan zen; doinua eta letra sortzeko ohitura zuen. “Erramueta” izango da bere sormenetik ateratako azken pieza alaia; 2008an sortu zuen, Sorabillako baserria inspirazio iturri edukita, eta urte hartan bertan estreinatu zuen Andoaingo Udal Musika Bandak Sorabillako jaietan; omenaldi berezia jaso zuen egun hartan, Sorabillako bizilagunen partetik.

Marrazkilaritzarako joera ere eduki zuen, eta ehunka kuadro egiteaz gain, etxean herriko haurrei margotzen irakatsi izan zien.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!