Aldaketak Uztartzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Lehiaketara atera zuten Uztartza etxearen kudeaketa. Iban Velaz, Unax Luzuriaga eta David Merino dira arduradun berriak otsailaren 1az geroztik

Garai bateko apaiz-etxea konpondu, eta zerbitzu ezberdinak eskaintzeko bideratu zuten Adunako Uztartza etxea. Taberna eta jatetxeaz gain, aterpetxea ere bada, eta jende askok erabiltzen du zerbitzua urtean zehar. 

 

Sukaldari berriak

Otsailaren 1an hasi zen adjudikazio berria. Hiru kideren artean eramango dute Uztartzaren martxa datozen zazpi urtetan. Tartean da Iban Velaz. Berak oso ongi ezagutzen du bertako lana, aurrez ere berak izan baitu zerbitzuaren ardura. “Aldaketa nagusia sukaldean izan da. Unax Luzuriaga eta David Merino sartu dira taldean. Aurrez ere gurekin lanean aritu izan dira eta orain, hiruron artean hartu dugu ardura. Aldaketa hau zerbitzuaren onerako izango delakoan gaude, noski”.

 

Ordutegi zabalagoa

Adjudikazio berriarekin batera, baldintza berriak ere jarri diztuzte martxan. Besteak beste, ordutegi berria izango du aurrerantzean Uztartzako jatetxe-tabernak. Ibanek azaldu duenez, “orain arte, goizeko 11:00etan zabaltzen genuen taberna aste egunetan, eta aurrerantzean, 09:00etarako zabalik izango da”. Honakoa izango da, aste osoko ordutegia:

Astelehenetan, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara zabalduko dute taberna eta ordu horretatik aurrera, itxita egongo da. Astearte, asteazken eta ostegunetan, goizeko 09:00etan zabaldu, eta gauerdirarte zabalik egongo da. Ostiral eta jai egun bezperatan, 09:00etan zabaldu eta goizaldeko ordubata arte izango da zabalik Uztartza. Asteburuari dagokionez, ordutegi zabala izango du zerbitzuak; larunbatetan 11:00etan zabalduko dute eta goizaldeko ordubiak arte mantenduko dute irekita. Igandetan berriz, taberna zabalik izango da goizeko 10:30etarako eta halaxe mantenduko dute gauerdira arte.

 

Eskaintza

Eguneko menua, karta, asteburuetako menu bereziak, plater konbinatuak, bokadilloak, pintxoak…, aurreko urteetako eskaintza beretsua mantenduko dute jatetxean eta tabernan,. “Otsailaren 1ean hasi zen esleipenaren aro berria, baina gure eskaintza, nagusiki, aurrez genuena izango da. Urtarrilaren 31n txukunketak egiteko itxi genuen eta hortik aurrera, betiko bideari eutsi diogu. Gustura gaude orain arte jaso dugun erantzunarekin”.

 

Aterpetxea

Taberna eta jatetxeaz gain, aterpetxea ere bada Uztartza eta zerbitzu hori urte osoan zehar izaten dute martxan. 26 pertsonentzako prestatutako literadun gela da gelarik handiena baina horrez gain, badituzte zortzi pertsonentzako moldatutako gelak, edota baita bi edo hiru pertsonentzako modukoak ere. Ikasle talde handientzako, zein familientzako ere aukera aproposa izan daiteke, beraz.

Uztartza jatetxe-tabernan erretserba egiteko, 943 69 34 81 telefono zenbakira dei daiteke eta www.albergueuztartza.com webgunean ere topa daiteke informazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!