[HEMEROTEKA - 2018]

Origamia, paperarekin egiten den artea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 12a, 01:00

Paperez egindako artelanak sortzen ditu Daniel Dorronsoro zizurkildarrak. Duela hogei urte inguru hasi zen trebatzen, eta ehunka irudi osatu du dagoeneko.

Delineazioa ikasi zuen Danielek gaztetan, eta ikasketak amaitzen ari zela, arte grafikoetan aritu zen lanean, “beti paperaz inguratuta. 1990 hamarkadan, galdaragintzako ikastaro bat egin nuen eta garaitxu horretan iritsi zen nire eskuetara origamiaren inguruko liburu bat”. Horrelaxe hasi zen Daniel mundu horretan murgiltzen.

 

Eskulanetan trebe

Betidanik gustatu izan zaio eskulanetan aritzea eta, galdaragintza ikasten ari zela, sortutako piezen planoak kartulinatan garatzen zituen. “Irakaslea harrituta utzi nuen. Piezaren datu errealak eskalan kalkulatu, eta kartulinazko piezak sortzen nituen. Oso gustura egiten nituen horrelako gauzak”.

Origamiaren inguruko lehen liburua, ilobarekin jolasean eta denborapasa aritzeko baliatu zuen Danielek: “Artean txikia zen iloba, eta figura ezberdinak egiteko eskatzen zidan. Gustura aritzen ginen biok, eta pixkanaka, zaletu egin nintzen. Liburu ezberdinak lortzen saiatu nintzen, nire buruari geroz eta erronka zailagoak jarriz”. Bolada batzuetan gutxiago aritu izan bada ere, inoz ez du origamia guztiz bazterrean utzi eta, orain, gozatzeko modua ematen dion zaletasuna da. “Aurrejubilatuta nago, eta denbora gehiago dut orain. Plazida Otaño liburutegira etorri, eta origamiaren ingurukoak eskatzen ditut. Interesatzen zaizkidan figurak osatzen ditut eta fotokopiak ere ateratzen dizkiet liburuei, etxean gordetzeko”, azaldu du Danielek.

 

Ikusgai

Plazida Otaño liburutegian bertan ikusgai jarrita daude Danielek egindako zenbait paperezko artelan: “Lotsa pixka bat ematen dit. Nik ez ditut egiten erakusgai jartzeko, nire gozamenerako baizik. Oso ondo pasatzen dut figura jakin bat sortzeko erronka horri aurre egiten. Izan ere, zenbait irudi lortzea ez baita lan erraza”.

Elefantea, lore sorta, zalduna, matxinsaltoa, figura geometrikoak, karramarroa…, denetarik dago ikusgai Plazida Otaño liburutegian. “Paperaren tamaina, proportzionaltasuna…, gauza asko hartu behar da kontuan. Zenbait liburutan ez dituzte datu guztiak oso garbi azaltzen, eta pixkanaka joan beharra dago. Froga ezberdinak egin eta emaitza txukuna lortu arte etsi gabe jarraitu”. Aitortu duenez, batzuetan hobea izaten da eskuarteko lana alde batera utzi eta beste une baterako uztea: “Paseotxo bat eman, haize pixka bat hartu, eta itzuleran berriz ere ekiten diot horrelakoetan”.

 

Eskoletarako apropos

Origamia eskoletan erakutsi beharreko zerbait dela iruditzen zaio Danieli, “gauza asko ikusten laguntzen duelako. Marrazketa teknikoa gustatzen zaionari, origamia gustatuko zaio, ziur”. Pazientzia lantzeko ere baliagarria dela iruditzen zaio Danieli, “baita gauzak ondo egitearen garrantziaz jabetzeko ere. Tolesdurak ez badituzu oso ondo egiten, edota simetria ez baduzu behar bezainbat zaintzen, bukaerako irudia ez da nahi bezain ederra izango”.

Origamiaren inguruko zaletasuna pixka bat hazten ari dela iruditzen zaio Danieli, nahiz eta oraindik ere ez den oso zabaldua. “Japonen ikaragarrizko ohitura dute origamiarekin. Hemen, orain ari dira pixka bat eskoletan eta erakusten, baina oraindik gauza haindirik ez”.

 

Liburuetan

Liburuetan oinarrituta aritu izan da orain arte buru-belarri, baina bere zaletasuna garatzeko, internet sarea erabiltzen hasteko asmoa du orain. “Izan ere, liburuak nahiko mugatuak dira. Oinarrizko zazpi figura daudela esan daiteke eta figura horiek errepikatu egiten dira liburu gehietan. Zaila da gauza berriak bilatzea. Interneten proposamen gehiago aurkituko ditudala iruditzen zait, eta horretan saiatzeko asmoa dut”, azaldu du.

Paper ezberdinak

Origamia egiten hasteko, paper mota guztiak erabil daitezkeela adierazi du Danielek; oparitarakoak, folioak, kartulina…, “baina ez da erraza paper ona bilatzea. Egin behar duzun irudiaren arabera, paper finagoa edo lodixagoa komeni izaten da. Zenbat tolestura dituen, zenbateko bolumena hartzen duen…, horren araberakoa izaten da askotan. Normalean paper zuriarekin hasten naiz ni lanean. Irudia ondo osatzea lortzen dudanean, harentzako egokia izan daitekeen papera lortzen saiatzen naiz eta berriz osatzen dut”.

Zenbait irudi osatu ondoren, askatu egiten ditu Danielek. “Harrigarria da papera nola geratzen den, zenbat tolestura ikusten zaizkion. Hori ikusita, nire buruari galdetzen diot irudi hori osatu zuen lehendabiziko pertsonak, sorkuntza lana egin zuenak, nola demontre egin ote zuen. Pixkanaka-pixkanaka, froga ezberdinak eginez eta pazientzia handiz egin beharreko lana izango da, zalantzarik gabe”.

 

Papera bakarrik

Kolarik ez, boligraforik ez, eta guraizerik ez. Horixe da origamiaren puristek behin eta berriz errepikatzen dutena. “Hala ere, zenbait libururen azalpenak jarraituz gero, momenturen batean guraizeak erabili behar izaten dira irudiak osatu ahal izateko”. Origamian ere, korronte ezberdinak badaude, beraz.

Irudi gehienak nahiko zailak direnez, ez da saiatzen buruan gordetzen. “Jarraian behin baino gehiagotan eginez gero, buruan hartzen ditut, baina denbora puska batera ahaztu egiten zaizkit. Horrelakoetan, liburuetara jotzen dut berriz ere. Horrez gain, zenbait pauso eta datu apuntatu ere egiten ditut, lanak errazteko”.

Erronkak

Bolumena oinarritzat duten irudiak egitea dago Danielen etorkizuneko erronken artean. Horretarako, ordea, paper berezia beharko duela azpimarratu du, “irudiak bere buruari eutsi behar diolako”. Jaiotza bat egiten erakusten duen liburua du etxean: “astoa, idia…, bolumenarekin jokatu behar da irudi horiek osatzeko eta oraindik ez naiz horretan buru-belarri hasi”.

Hemen inguruan, ez du origamia egiten duen beste inor ezagutzen. “Beasaingo mutil batek egindako lanak ikusi ditut, eta oso onak gainera. Oso tolestura perfektuak egiten ditu. Noizbait berarekin hitz egiteko aukera izan dut, baina bera da bakarra, ez dut beste inorren berririk”.

 

Babesa

Etxekoen, lagunen, eta bereziki ilobaren babesa du Danielek bere zaletasunean. “Berak ez du egiten, baina nik egiten dudanari balioa ematen dio. Txikia zenean ordu asko pasatzen genituen gauza errazak egiten eta gustura ikusten ditu orain egiten ditudanak”.

Neurriak, planoak…, horiexek izan dira Danielen lanbideko oinarriak eta origamia ere lagungarri izan duela azpimarratu du: “Irudia osatzerako garaian, interpretatu, ulertu egin behar duzu paperean jartzen duena. Horrek lantokiko planoak interpretatzeko erraztasuna ere eman didala uste dut. Lengoaia hori ere ulertu egin behar da”. Mahaia liburuz beteta edukitzen du beti Danielek, “baina ez irakurketakoak.

Nire entretenimendurako, marrazketa teknikoaren ingurukoak edo origamizkoak edukitzen ditut eskuartean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!