GKEen lana munduan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 10a, 01:00

Andoaingo Udalak gobernuz kanpoko hainbat erakunderi diru-laguntza eman die euren proiektuetara bideratzeko. Aurkeztutako ekimenen artean daude eskolak eraikitzea, gaixoak artatzea edota emakumeen ahalduntzea sustatzea.

Joan zen ostiralean bildu ziren Andoaingo Udala eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak aurtengo proiektuen berri emateko. Hasi baino lehen, Ana Carrere alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien egiten ari diren bolondres lanagatik. Udalaren diru-laguntza txikia izan arren, helburu bera izaten jarraitzea garrantzitsutzat jo zuen.

Ekitaldian egitasmo guztien aurkezpena egin zuten. Hona lagin modukoa, mundu osoko egitasmoak biltzen dituena.
Herrialde batzuetan diru gutxirekin laguntza handia eman daiteke. Hori erakusten ari da Chiapas Enea fundazioa. Mexikoko Chiapas estatuko emakume indigenekin egiten dute lan, eta iaz eta orain bi urte lortutako diruarekin hiru hektareatako lursaila erosi dute etxola turistikoak eta ikasgelak eraikitzeko.

Deradein fundazioak Irisabako (Kenia) haurrei hezkuntzarako gunea eskaintzea du helburu, ikasteaz gain, gurasoak fabrikan lanean dauden bitartean babespean egoteko. Lanera joateko gurasoek orduak egiten dituzte oinez, autobusean gastatuko luketen dirua aurreztearren. Eskola ez balitz egongo, haur horiek kalean egongo lirateke egun osoan. Bestetik, hezkuntza seme-alabentzat inbertsioa dela erakutsi nahi diete haur horien gurasoei.

Mozambikeko probintzia den Inhambane hiriburuan, ikusmen arazoak sendatzeko aukera eskaintzea da Munduko Begiak fundazioaren helburua. Itsua den pertsonak neskatila edo mutiko bat izan ohi du ondoan laguntzeko, eskolara joateari utziz. Sendatzeko nahikoa bitarteko eta formazio eskaintzea da fundazioaren lana, eta baita emakumea lan munduan txertatzea ere.

Ruandako  emakumeen %85a baino gehiago nekazal girokoa da. Behar Bidasoa fundazioak, kualifikatutako agronomoen laguntzaz, emakume horiek lurra lantzen ikasteko lursailak erosi dituzte, formakuntza eman, eta  beren produktuak ekoiztu ahal izateko. Helburua bikoitza da: herritarrentzako janaria lortzea, eta lurra elikatzeko ongarria lortzea. Modu horretan, emakumeak gizartean  eta familian duen estatusa igo nahi da. Emakumeen kooperatiba bat ere sortu dute, eta egun ehun emakumez osatuta dago.

Libanon babesa hartu duten siriar eta irakiarren gizarteratzea sustatzea da Proyde-Proega fundazioaren helburua, batez ere, emakumeei erreparatuz. Elkarteak errefuxiatu horien seme-alabak bertako hezkuntza sisteman sartzeko prestatzen ditu. Siriako gatazkak eragin du errefuxiatuen talde handi bat Libanora joatea; eta irakiarrak ere bertara joan dira.

Bikarte elkarteak pobrezia egoeran dauden errusiar eta bielorrusiar gazteak aldi baterako Euskadiko familietara ekartzeko helburua du. Bertan dauden denbora (udan eta gabonetan, bereziki)  dituzten osasun arazoak sendatzeko baliatzen dute, eta baita hemengo kultura ezagutzeko ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!