Pozik itzuli da, baina arantzatxoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 9a, 01:00

Amorru puntu batekin itzuli da Olatz Odriozola, sailkapen hobea galerazi zion erorikoa izan zuelako. Igande gauerako etxean zen urnietarra, Linburg-eko Munduko ziklokros txapelketako gizonezkoen azken proba ikusita.

Odriozola larunbatean lehiatu zen, eta proba bukatzea lortu zuen, 36. postuan sailkatuz. Lokatz arrasto guztiak kentzear, asteburuko esperientziaren bilduma egin zion Aiurriri: "Kontent nago, proba bukatu ahal izan nuelako. Eta batez ere, bost hilabete atzera erietxeko ohe batean nengoelako, oinazeak jota". Baina, lehiakorra da oso Olatz, eta arantzatxoa sartuta ere badu, postu hobea egiteko hankak eta aukera izan baitzituen. "Gaizki hasi nintzen. Atzealdean, lasterkariak saihestu ezinik, eta aurreratzeko komeriekin". Lucia Gonzalez eta Aida Nuño selekzio kideak zituen begiz jota, haiek non, euren arrastoa segitzeko asmoz. Bigarren itzulian katea atera zitzaion, pilatutako lokatzaren ondorioz, eta "deszentratu egin nintzen". Aurrera egitea lortu zuen, nola edo hala, eta erritmoa hartzen ari zenean, lokaztian erori, eta zirkuitua balizatzeko erabiltzen den makil baten kontra kolpe handia hartu zuen sorbaldan eta belaunean: "Min handia hartu nuen, baina egoskorra naiz, eta 'segi, segi aurrera'" esan nion nere buruari. Azken itzuli eta erdian gorriak ikusi zituen, proba osatzeko.

Aldapa pikoa oinez igo eta bizikleta gainera igotzerakoan bizikletak esertokia erabat jiratuta zeukala ikusi zuen, kolpearen ondorioz. Box edo mekanikoen gunera iritsi, eta beste bizikleta hartu zuen, baina hartu zuenerako, Gonzalez eta Nuñoren arrastoa galdua zuen. Kalbario handi samarra pasa zuen helmugara iristeko: "Aurtengo Espainiako txapelketa ikusi duenarentzat, Limburgekoa bi aldiz gogorragoa izan zen". Lokatz asko, korrika egiteko tarte luzea eta teknikoa, horrela definitu du urnietarrak.

Euskaldunekin harrituta
Olatzentzat lehen Munduko txapelketa zen, eta etorkizunak zer ekarriko dion ez dakienez, asko gozatu omen du: "Ikaragarria izan da. 37.000 pertsona bildu dira zirkuituan bi egunetan, eta hori nahiko jende gutxi ikustera ohituta gaudenontzat, sekulako berotasuna da". Belgika eta Holandako jende asko asteburu pasa joaten da, festa gogoarekin. Euskal Herrikoek ez dute hutsik egin: "Harritzeko moduko taldeak ziren, ikurrina asko han eta hemen. Haiek bai meritua, haraino joatea ez baita merkea, ezta erraza ere".

Eta orain zer? "Atsedena hartu, aste pare bat edo. Eguraldi txarra datorrela entzun dut, beraz ezin hobe, sofan etzanda egoteko". Mendiko bizikletan hasi nahiko luke, "baina eskumuturra eta beste nola dauden ikusi behar dut. Ez dut arrisku handirik hartu nahi".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!