Behar gorria arintzeko mikrokredituak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 9a, 01:00

Diru kopuru txikiko maileguak dira, dirua itzultzea errazago eta eskuragarriago egiten dutenak. Otsailaren 15etik aurrera egin daiteke eskaera. Gutxienez 600 euroko maileguak emango dituzte, eta gehienez 2.500 eurokoak.

Andoaingo Udalak eta Fiare Elkarteak mikrokredituen inguruko hitzarmena sinatu dute, langabezian, pobrezian edota gizarte bazterkerian aurki daitezken herritarrengan pentsatuz. Oinarrizko beharrak asetzeko diru-laguntzik jasotzen ez duten herritarrei finantzabidea ematea da mikrokredituen helburu nagusia. Andoaingo Udalak Fiare Banku Etikoa diruz lagunduko du, diru hori kudeatu eta beharra duten herritarren zerbitzura jartzeko. Mikrokredituen bitartez berme gisa jarri ohi diren baldintzak arindu egingo dira, dirua itzultzea errazago eta eskuragarriago eginez.

Mailegua eskuratzeko baldintzak
Gutxienez 600 euroko maileguak emango dira, eta gehienez 2.500 eurokoak. Mailegua itzultzeko 24 hilabeteko epea dute herritarrek, hilabetero diru kopuru jakin bat ordainduz, beti ere euren diru-iturrien arabera kalkulatuta. Eskatzaileak beregain hartu dezakeen diru kopurua eskura dezake, bere zorpetze ratioa %35 baino handiagoa izan ez dadin.

Eskatzailearen finantza ahalmena kalkulatu ahal izateko, beste finantza erakunde batzuekiko amortizatzeko dituen kredituen hileroko kuota ere zenbatuko da. Mailegua jasoz gero, onuradunak gastua egin izanaren faktura edo justifika dezakeen beste dokumenturen bat aurkeztu beharko du.

Otsailaren 15etik aurrera egin daitezke eskaerak Ataria Udalaren arreta zerbitzuan, Fiare Elkartean, Caritasen edota Kaleratzeak Stop Desahucios elkarteetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!