Heroinak hauts bihurtutako belaunaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 11a, 01:00

Justo Arriolak ‘A los pies del caballo’ liburua aurkeztu berri du Andoainen. 80ko hamarkadan heroinak hildako belaunaldia omentzeaz gain, estatuaren eta polizia indarren inplikazioa aztertu du.

Irakurleak zer aurkituko du liburuan?

Historian nahiko atzera egiten da aurreneko ataletan, gaia testuinguruan jartzeko eta aurrekariak azaltzeko, ikusteko munduan zehar makina bat tokietan droga erabili izan dela giza taldeak indargabetzeko asmoz. Narkotrafikoa intsurjentziaren kontrako armatzat erabiltzea, hori oso praktika zaharra da, eta historiak adibide ugari ematen dizkigu: hasi Ameriketako indigenak otzandu nahi izan zituen Espainiako erregeordearekin, jarraitu AEBetako Pantera Beltzekin, CIArekin, Vietnamekin, Italiarekin, Afganistanekin… Ondorengo atal batean kartzelak aipatzen dira, eta hizpide hartzen milaka drogazale dituen instituzio batean kartzela zaindariek derrigorrez daukaten ardura. Segidan, Katalunian trantsizioan bertako mugimendu libertario indartsua poliziak nola ahuldu nahi izan zuen droga zabalduz eta trapitxero txikiak salatari gisa jarriaz.

Nolanahi ere, atal gehienak, Euskal Herrian heroinak 80ko hamarkadan eduki zuen zabalkunde tragikoaren eta hori gerta zedin izan ziren konplizitateen kronika egiten da, testigantzak, datuak, kopuruak…, emanaz.

 

Zer moduzko oihartzuna eduki du liburuak?

2016ko Durangoko azokan plazaratu zen eta harrezkero leku askotatik hots egin didate aurkezpena egiteko, Euskal Herritik ez ezik baita Madrildik, Andaluziatik, Galiziatik… Liburuek gaur egun daukaten bizitza efimeroa kontuan izanda, harrigarria da daraman ibilbidea: bosgarren edizioan doa salmentan.

 

Zer motatako aipamenak egin dizkizute liburuaren irakurleek?

Etorri zaizkidan gehienek aitortu didate lehen orrialdetik kateatu direla irakurketarekin. Erreakzioak, denetatik jaso ditut. Barruak hustuz etorri dira batzuk; “bazen garaia halako idatziren bat argitaratzeko, ezkutatuta dagoen errealitatea azaleratzen hasteko!” adierazi didate. Azken horien artean, batzuek garai hura zuzenean bizitu zuten; beste batzuk gazteak dira eta iragana ezagutzeko gosea dute.

Hildako gazte batzuren senitartekoekin ere egon naiz, horiekin bizitu ditut unerik hunkigarrienak. Malkoak erraz isuri dira, min handia dagoelako gordeta oraindik. Testigantza pertsonala eman nahian ere hurbildu zait jendea. Adibidez, Soraluzeko tabernari bat; DGSan hamar egunetan eduki zuten atxilotuta, torturapean. Inspektore batek egunero tentatzen zuen euren salatari izan zedin; trukean, tabernan heroina trafikatzeko erraztasun guztiak eskaintzen zizkion.

 

Gaiaz gutxi idatzi dela diozu. Tabua izaten jarraitzen al du?

Bai, faktore asko daude errealitate hura ukiezin bihurtzeko, estali nahi izateko. Batetik, heriotza, ihesa, mina, lotsa, amorrua, tragedia pertsonal eta familiarrak…, daude, oso sentimendu sendoak, errotuak; badira nahiago dutenak aipatu ere ez egitea aro historiko hura, animikoki gaizki jartzen direlako. Baina bestetik, estatuaren eta bere menpeko polizia indarren inplikazioa daukagu; askok horren kontzientzia bageneukan, baina ia inoiz ez da jorratu ausarki.

 

Zerk bultzatuta heldu diozu gai konplexu horri?

Ni ez naiz ez idazlea ezta historialaria ere, baina gaiak modu berezian ukitzen nau. Bolada hura oso gertutik ezagutu nuen, lagun eta adiskide ugari dauzkat bidean geratu direnak. Lehengo egunean, lagun batekin hizketan, alde batera eta bestera musika kontzertuetara joan ohi ginen kuadrillakoak izendatzen hasi, eta ohartu ginen neu bakarrik geratzen naizela bizirik. Alde horretatik, bizirik irten den horietako bat naizela iruditzen zait. Hortaz, jada gurekin ez dauden guzti horiei omenaldi txikia egin nahi izan diet.

Errealitate hura azaleratzea izan da bigarren motibazioa. Ezkutuan mantendu nahi izan dira heroinaren atzean zeuden drama pertsonalak, inplikazioak, interesak…, eta zenbaitek, gaia ukitu dutenetan, ukatu egin dute poliziek esku hartu izan zutenik. Bertsio ofiziala ez den bestea plazaratu nahi izan dut, geuk pertsonalki bizitutakoa.

 

Torturen fenomenoa mahai gainean jartzen hasi dira azken aldian. Heroinaren atala izan al liteke hurrengoa?

Gehiago dakitenek esan beharko dute izaera politikoko indarkeriaren ataletako bat izan ote zen heroinarena, baina baietz esango nuke nik. Elgoibarko Udalak eskatuta, 1956-2016 epean herrian gertutako indarkeria politikoaren inguruko txostena egin berri da, testigantzak bilduz. Niregana ere etorri ziren, eta nire kasua azaltzeaz gain (ertzainek kolpatu egin ninduten, eta epaile batek errudun jo zituen), aipatu nien heroinaren fenomenoak bazituela konnotazio politikoak. Beste lekuko emaileek ere nire antzera egin zuten proposamena. Bada, txosten egileek, zera adierazi dute atal batean: “halako herri txiki batean heroinak izan zuen zabalkunde errazaz -salmenta zein kontsumoa- eta ulergaitzaz ari gara, eta horren ondorioz, zuzenean edo zeharka sorrarazi zituen dozenaka gazteren heriotza kopuru ikaragarriaz. Zenbait solaskidek diotenez, drogaren fenomeno horrek nolabaiteko harremana izan zuen ETAk buruturiko erailketa batzuekin, baita garai hartako tentsio politikoekin ere”. Nahiko daturik ez dutenez, gaia sakon ikertzea eskatzen dute txostenaren egileek.

 

Zein da gogoko ez duzun bertsioa, eta zein zeurea?

Drogen gaian estatuan aditutzat jotzen diren Antonio Escohotado edota Juan Carlos Usók diote estatuko leku guztietan zabaldu zela droga kontsumoa; Euskal Herrikoa ez dela zertan bereiztu behar. Franco hil ostean, gaztediaren zati batek errebeldia eta inkonformismoa drogen kontsumoarekin identifikatu zuela, eta kito; dirua irabazi asmoz polizia ustelduren bat ibili zela, bai, baina salbuespena izan zela. Ni bezalakoak konspiranoiko batzuk garela. Nik gaztediari buruzko analisi hori ez dut ukatzen, onartu baizik; liburuan jorratzen da gaia. Baina eransten dut Euskal Herrian faktore gehiago eman zirela; hots, poliziek permisibitatez eta konplizitatez jokatu zutela droga trafiko hori guztia eman zedin, eta are gehiago, zenbaitetan, eurek ere bultzatu egin zutela, batez ere euskal gaztedia lotarazteko asmoz, eta jokabide hori estatuaren estrategia antiterroristaren baitan kokatu behar dela.

 

Gertakizun zehatzak aipatzen dituzu zure teoria indartzeko…

Permisibitatea diodanean, konparazio batera, Trinitate eta Konstituzio Plazak datozkit burura: hamarnaka lagun egoten ziren heroina zainetatik sartzen egunero, han bertan trafikatzaileei materiala erosi eta gero. Elgoibar eta beste hainbat herrietako trapitxeroak ere lasai asko joaten ziren Donostiara materialaren bila. Donostian eta Euskal Herrian adina polizia ez zen egongo Europan inon; erabat kontrolatuta zegoen lurraldea, baina ez zuten aktuaziorik egiten. Irrigarria da urtez urte trafikatzaileei atzematen zieten materialaren kopurua. Noizean behin sarekadak egiten zituzten kontsumitzaileekin, baina agudo askatzen zituzten; marketing operazioak egiten zituzten.

Inplikazioari dagokionez, Navajas txostena alde batera utzita, ebidentzia zehatz ugari daude, eta horien bilduma egiten saiatu naiz. Beharbada argienetakoa, Arrasateko kasua izan liteke. Jose Antonio Ardanza bertako alkate izan zen garaian (1979-1982), honek udaltzainen buru zenari agindu zion ikertu zitzala  herriko kaleetan heroina zabaltzera tarteka azaldu ohi ziren auto susmagarriak. Auto horiei jarraituz-jarraituz, kalez jantzita zihoazen Arrasateko udaltzainek La Salve eta Intxaurrondoko atarietan amaitu zuten. Orduan udaltzainen buru izan zenak aitortu berri dit datu hori.

 

Zer da Navajas txostena?

Luis Navajas Gipuzkoako fiskal-burua izan zen 80ko hamarkadan. Bada, txosten potoloa osatu zuen Guardia Zibilaren barne ikerketa batekin, zenbait trafikatzaileren lekukotzekin eta beste zenbait daturekin. Txostenak zioenez, bost trafiko tramek edo sarek funtzionatzen zuten Gipuzkoan, polizia indarrek bultzatuta; tartean zebiltzan Galindo generala eta bere taldea. Heroina, kokaina, speeda, hatxisa, tabakoa… Irabazien zati bat gerra zikinean erabiltzeko izaten zen; zaila da sinestea trama horrek funtzionatuko zuenik estatuko agintarien baimenik gabe. Bada, lau fiskalen eskuetatik pasa zen txosten famatu hori, inork ez zion hariari tiraka egin nahi izan, eta artxibatu egin zuten.        

 

Salaketa edo mehatxuren bat heldu al zaizu?

Sare sozialetan jaso izan dut irainen bat edo beste, polizien foroetan ere aditzera eman dute liburuko salaketak ez direla inpunitatean geratuko. Baina oraingoz, nire aurkako ekimen zehatzik ez da jarri abian. Etor liteke, kontuan hartuta hor daukagula Mozal legearen mehatxua eta twitterren Carrero Blanco aipatzeagatik kartzela zigorrak ezartzen ari direla…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!