Altura handiko arrantzalea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 11a, 01:00

Itsas zabaleko arrantzan aritzen da Beñat Armendariz Iraola andoaindar gaztea. Atun-itsasontzi batean, hilabeteak igarotzen ditu Ozeano Indikoan eta Atlantikoan.

Harrigarri samarra egiten zaigu Andoaingo gazte bat arrantzale gisa ikustea…

Txiki-txikitatik izan dut gogoko itsasoa eta surflaria naiz. Baina orain gutxi arte ez zitzaidan burutik pasako arrantzale bukatuko nuenik! Beharrak agintzen, ordea! Nolanahi ere, jendeak uste dezakeena baino harreman gehiago dauka arrantzale eta surflaria izateak. Surflari ugari topatzen da lanbide honetan. Erraz uler daiteke zergatia: arrantzuntzia beti ari da lanean itsasoan, baina arrantzaleok erreleboka aritzen gara bertan; lau hilabete lanean, hurrengo lauak etxean. Sistema horrek opor luzeak edukitzeko, surfa praktikatzeko eta noranahi olatuen bila joateko aukera eskaintzen dizu.

 

Lanean ari zaretenean ere, etorriko zaizu olatuen bila joateko tentazioa…

Bai, eta behin edo behin gertatu zait aukera edukitzea. Baina hori ez da normalena. Itsasontzira joateko hegazkina hartu behar izaten da, ekipaia bete-betea joaten da (jantziak, txokolatea, urdaiazpikoa, patxarana…) eta taularentzat ez da tokirik izaten. Hori bai, lurra hartzen dugun zenbait tokietan ohola erosteko modua izaten da, beste zenbaitetan ez. Izan ere, iruditzen zaigu mundu kapitalista eta kontsumista bazter guztietara iristen dela, eta ohola edonon eros litekeela. Afrikan, ordea, leku askotan hori ez da posible.

Nire kasa, munduko bazter askotako olatuak probatu ahal izan ditut: Venezuela, Maroko, Eskozia, Irlanda, Lanzarote, Indonesia, Seychelle irlak… Orain zailagoa daukat nahi dudanean eta nahi dudan tokitara joatea, andregaia baitaukat...
 

Zein aldetan ibili izan zara arrantzale gisa?

Eskozia aldean hasi nintzen, orain hiru-lau bat urte. Hurrena Ozeano Indikora abiatu nintzen, eta egun Atlantikoan nabil. Apirilean banoa berriro itsasora, Boli Kosta edo Cabo Verde aldera.

 

Zer egin behar da arrantzale izateko?

Lehenik eta behin: han edo hemen izan, lan egiteko prest egotea. Etxetik gertu lanpostua topatzea ez da erraza, baina nahi duenak hor dauka itsasoratzeko aukera. Normalki, Pasaian, Bermeon Ondarroan…, dauden ikastetxetan egiten dira ikasketak: marinel arrantzalearena lehenbizi eta alturako patroia edo ontzigintzako mekanikoa ondoren. Egia esanda, jendea ikasketa horietaz baliatzen da gero lehorrean lana topatzeko; inor gutxi erakartzen du itsasoak.

 

Ez al dira amaitzen ari euskaldunak ospe handiko arrantzaletzat jotzen zireneko garaiak?

Egia esan, atunaren arrantza mota euskaldunak asmatutakoa dela esan daiteke, eta oraindik ere, Bermeoko enpresek segitzen dute nagusi sektorean. Bermeo, Ondarroa eta horietan, bertako gazteek jarraitzen dute itsasoan, baina egia da afrikarrak sartu direla erruz. Gure tripulazioan 40 lagun gara, eta makina bat jatorrikoak biltzen gara: Euskal Herria, Galizia, Senegal, Tanzania, Bolikosta, Kenia… Gaur egun arrantzaren munduan euskaldunak gehiago ikusten dira agintzen, aginduak betetzen baino.

 

Zein da zure zeregina arrantzuntzian?

Makinetako bigarren ofiziala naiz gaur egun. Makinetako zereginak egokitzen zaizkit, baina sarearekin ere aritzen naiz; inguraketa sistemarekin arrantzatzen dugu, eta txirrika hidrauliko erraldoiarekin lan egitea egokitzen zait, igual, takada bakar batean, 500 tonako arrantza egin baitezakegu.   

{{IMG-40105}}

Zer arrantzatzen duzue?

Ertamerikako Belize herrialdeko pabiloia daukan itsasontzian aritzen naiz ni, baina berez Bermeokoa da jabea. Atunetara joaten gara, landatutakoetara zein handietara (zimarroia edo mantxakoa deitzen dena). Harrapatutako guztiak kontserbatan eta umeentzako elikagaiko pote txikietan amaitzen du.
 

Teknologia berriek erraztu al dute zuen lana?

Balizei eta GPS sistemari esker, pantailan agudo ikusi daiteke non dagoen arrantza non ez. Atuna bistaratuz gero, ziztu bizian ateratzen da arrantzuntzia; orduko 35 kilometroko abiadura hartu dezake.

 

Lurretik erromantizismo puntu batekin ikusten da oraindik zuen lanbidea…

Gogorra izaten segitzen du hango bizimoduak, nahiz eta teknologia modernoa erabili. Jatorri eta kultura ezberdineko jendearekin bizikidetza, istripuak, gaixotasunak, itsas-piraten mehatxua... Ez dago ez ospitalik ezta medikurik ere; behin eskumuturrean ebakia egin nuen, eta tripulazioak zeukan sanitario bakarra ez zen ausartu puntuak ematera. Duela gutxi, lankide bati haizegailu batek besoa moztu zion, baina itsasoan jarraitu genuen lehorreratzen lanik hartu gabe.

    

Psikologikoki, noraino da eramangarria hango bizimodua?

Etxekoekin agurtzeko unea izaten da saminena. Haiek negarrez, neu negarrez… Bilboko aireportura eraman behar nauen taxista ere negarrez jartzen dugu azkenean. Barru-barrutik zeozer kendu izan balidate bezala sentitzen naiz Bilborako bidean. Hori bai, behin trantze hori pasatu eta gero, ontzian sartzen naizenetik, saiatzen naiz mentalizatzen etxetik kanpo, itsaso sakonean dagoen irlatxo batean konfinatuta biziko naizela lau hilabetez. Egun osoko lana dago egiteko bertan, eta ez dago atsedenik, lotarako ez bada.

Tartean beti dago burua pitzatu samarra daukan baten bat, baina orohar, jende jatorra dabil mundu horretan; denok dakigu zertarako itsasoratzen garen eta hoberena arazoetan ez sartzea dela. Badakigu liskarraren bat edukiz gero, etsaiarekin bizitzea beste erremediorik ez dugula edukiko hurrengo asteetan ere.

Ingelesarekin zer edo zer moldatzen naiz, eta gureak ez diren hizkuntza, kultura, jarrerak…, dituzten jendearekin bizitzera ohitu naiz. Urte hauetan asko ikasi dut tolerantea izaten beste herrialdeetako jendearekin. Kuriosoa da, baina euskaldunok errazago moldatzen gara afrikarrekin, galiziarrekin baino. Egundoko ezin eramana dago azken horien eta gure artean.

 

Nola izaten da etxekoekin komunikazioa?

Itsaso barrenean ez dago estaldurarik, gutxiago whatsappa, eta garesti ateratzen dira deiak satelitezko telefonoz eginda. Gurasoekin edo andregaiarekin aste behin jartzen naiz harremanetan.

 

Denbora librea nola igarotzen duzue, irratia edo musika entzunez, irakurriz…

Geratzen zaigun apurra, txinotan jokoan! Baina kontuz!, diru askorik jokatu gabe, euro bakarren bat edo beste baizik ez. Burura berehala etortzen zaizkigun borroken eta labankaden eszena horiek gehiago dira zinean asmatutako istorioak. Iaz, Seychelle irletan, gure arrantzuntziko sukaldaria hil zuten, nire laguna zena. Baina ez zen gure arteko xextra izan; lehorrean, portuan izan zen, lapurretagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!