Milaka kilometro, zakur garraioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 10a, 01:00

Horretarako apropos prestatutako furgoneta berezian garraiatzen ditu zakurrak Eugenio Perez billabonatarrak. Ehiza du afizio, eta ehiza-zakurrak garraiatzen ditu bereziki.

Ehizarako duen zaletasunak eraman zuen Eugenio Perez furgoneta moldatu, eta zakurrak garraiatuz batetik bestera ibiltzera. Ez da hori, ordea, Eugenioren lanbidea, “tailerrean aritzen naiz, eta ahal dudanetan, bidaiak egiten ditut furgonetarekin, ehizarako zakurrak garraiatuz”. 

 

Estoniara

Urrian, esaterako, opor egunak hartu ohi ditu, Estoniara bidaiatzeko. Oilagorrak ehizatzeko toki ona da Estonia, eta horrek erakarrita, egonaldia egiten du bertan hainbat ehiztarik. Eugeniok zerbitzu berezia eskaintzen die. Furgonetan, eroso eta legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betez eramaten dizkie zakurrak Estoniaraino.

Ehizera, Estoniara egindako bidaia batek abiarazi zuen Eugenioren garraiolari lana. “Lagun batekin joan nintzen hara eta bidaia antolatzen zebilenak, zakurrak garraiatzeko norbait behar zuela esan zidan. Animatu egin nintzen, eta bigarren eskuko furgoneta erosi nuen. Egokitu, eta hurrengo urtean egin nuen nire lehen zakur-garraio bidaia”, azaldu du Eugeniok. Dagoeneko hainbat bidaia egin du Estoniara. 7000 km egiten ditu joan-etorri bakoitzean, baina oso gustura egiten duela azpimarratu du: “Dagoeneko ondo ezagutzen dut bidea, eta toki ezberdinak ikusteko aukera ere ematen dit. Hemendik atera, eta zakurrek behar dutenaren arabera geldialdiak egiten joaten naiz. Varsovian pasatzen dut gaua eta hurrengo egunean Estoniara iristen naiz”. Varsoviaraino, autobidez egiten du bidearen zatirik handiena. Hortik aurrera, norabide bikoitzeko errepide txikietan barrena ibiltzen da: “Nekagarriagoa da, baina baita polita ere”.

 

Eskaera gehiago

Beste zenbait bidaia luze egiteko eskaera ere izan duen arren, momentuz ez du konpromezu gehiagorik hartu nahi izan. Bulgaria, Errumania…, herrialde horietara ere inguru honetako jende asko joaten da ehizera, baina Eugeniok nahiago du salto hori ez eman: “Ez ditut lurralde horiek ezagutzen, eta hutsetik hara abiatzea gehitxo iruditzen zait. Nolanahi ere, ez ditut ateak guztiz itxi nahi, nork daki etorkizunean zer gertatuko den”.

{{IMG-40103}}

Moldatutako furgoneta

Erabat zakurren beharrei moldatutako furgoneta du Eugeniok: “Hamasei zakur eramateko diseinatua dago, baina hemezortzi ere sar daitezke. Tamaina ezberdinetako sei kaiola edo gelatxo ditu, bi zakur sartzeko adinakoak txikienak, 4 edo 5 zakurrentzako moduak handienak”. Legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu. Zakurrak zutik jartzeko adinako altuera du kaiola bakoitzak, eta zakurrak buelta emateko adina toki izatea ere premiazkoa da.

Bigarren eskuko furgoneta erosi, eta Eugeniok berak moldatu zuen premia berrietara. “Tenperatura mantentzen duen furgoneta da, isotermoa. Neronek egin nituen gelatxoak, zakurren erosotasunean pentsatuz. Tenperatura hotzak ez die zakurrei batere arazorik eragiten, gehiegizko berotasuna, ordea, oso arriskutsua da haientzat, horregatik, bi haizegailu ditu furgonetak. Elektrikoa da bata, eta bestea furgonetaren mugimenduarekin batera martxan hasten dena”. Behin moldaketa guztiak eginda, IAT-ITV berezia pasa behar izan zion ibilgailuari, ingeniari batek osatutako proiektua aurkeztuta. “Azterketa gaindituta, Trafikora joan, eta furgoneta homologatu zidaten. Denbora eskaini nion, baita dirua ere”.

 

Geldialdiak

Legeak ez du bereziki esaten bidaietan zenbat geldialdi egin behar diren, baina Eugeniok oso kontuan hartzen du zakurren ongizatea. “Toki jakinetan geratu eta zakurrak kaioletatik atera, paseotxoak egin, ura eta jana eman…, oso garrantzitsua da hori guztia. Kaiolaren barruan ura eramatea ere beste aukera bat da, baina ibilgailuaren mugimenduarekin zipriztindu egiten da kaiola osoa eta zakurrak bustita iristen dira. Horregatik, nahiago izaten dut maizago geratu eta ura ematea”, azaldu du.

 

Paperak, egunean

Europan barrena bidaiatzeko, zakur bakoitzak Europako pasaportea behar du. Txertoak egunean dituela da bereziki pasaporte horrek jasotzen duena. Amorruaren aurkako txertoa da gehien zaintzen dutena. “Horrez gain, beti komeni da mukieria edota parbobirosisa bezalako gaitzen aurka zakurrak babestea”, gaineratu du Eugeniok.

Herrialde batetik bestera pasatzeko mugetako kontroletan geratu izan dute furgoneta, baina sekula ez du arazorik eduki izan: “Asko zaintzen dut paper guztiak zuzen edukitzea, baita furgoneta beti puntuan eramatea ere. Kilometro asko dira eta, ahal den neurrian, arriskuak saihestu beharra dago”.

 

Denerako prest

Ehizean dabiltzala edo bidaian bertan zakurren batek arazo txikiren bat badu, botikin txiki bat ere eramaten du furgonetan. “Hanketako mina arintzeko botika, zauriak sendatzekoa, antiinflamatorioa…, denetarik izaten dut furgonetan”.

Estoniako bere helmugara iristen denean, zakurrak jaitsi, jana eta ura eman, eta haientzat bereziki prestatutako tokietan uzten ditu Eugeniok. “Hurrengo egunean bertan hasten dira gehienak ehizean. Oilagorretarako oso toki ona da Estonia eta bidaiak oso ondo antolatuta egoten dira. Zakur onarekin joanez gero, oilagor asko ikusten da. Batzuetan, zakurrak bertan utzi eta hegazkinean etxera itzultzen naiz, eta ehizaldia amaitzen denean, Estoniara itzuli eta furgonetan etortzen naiz, zakurrak ekarriz. Beste batzuetan, bertan pasatzen ditut egun batzuk. Ehizera doazenen premiak agintzen du bidaia nola antolatu”, azaldu du.

Varsovia, Riga, Kiev…, toki ezberdinak ezagutzeko modua eman dio garraiogintzak Eugeniori. “Ez ditut geldialdi luzeak egiten, baina pixkanaka, geroz eta toki gehiago ezagutzen ari naiz. Oso toki politak ikusten dira bidean barrena”.

 

Adiestramendua

Zakurrak ehizerako prestatzen ere aritzen da Eugenio. Andaluziara, Jerez de la Fronterara joan berria da. “Zakur gazteak eramaten ditut, ehizean erakustera. Nireak bezala, beste ehiztari batzuenak ere eramaten ditut, hala eskatzen badidate. Horrelakoetan, jabeak esaten didanaren arabera prestatzen ditut zakurrak”. Lagun eta ezagunen zakurrak eramaten ditu bidaia horietara. “Ez dut inolako publizitaterik egiten. Lagunak ditut Jerezen eta oporraldia dudanean, deitu egiten diet, niretzat tokirik ba ote duten galdetuz. Baiezkoa bada, hemengo lagun eta ezagunekin harremanetan jartzen naiz eta nahi dutenek, zakurrak ekartzen dizkidate”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!