Txotx denboraldi berria

Sagardoa, urre koloreko Gipuzkoako gutizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 10a, 01:00

Sagardotegi eskaintza zabala dago Gipuzkoan bertako gutizietako bat den sagardoaz gozatzeko. Aurtengoan albiste izan da bertako sagastiek eman duten sagar emaria, aspaldiko urteetako handiena izan baita. Hori dela eta, sagardotegi askok euren ekoizpena handitu behar izan dute sagar guztia aprotxatzeko. Jarraian lau sagardogilek aurtengo sagardoaren inguruko berri eman dute.

Sagardogileek iritzi dute “bizi puntua” duen sagardoa dela aurtengoa, kolore eta usain ederrekoa, eta probatu dutenengan harrera ona eduki duena.

Euskaldun askorentzat, eta baita kanpotik etorritako askorentzat ere, urteroko zita izaten da sagardotegietara joatea, lagunartean zein familian bertako jakiez eta sortzen den giroaz disfrutatzera. Erreserba gehienak martxoko larunbatetan izan ohi dira, eta dagoeneko agenda ia beterik dute sagardotegi askok. Oraindik enkargurik egina ez baduzu, eta sagardotegia aukeratzerakoan zalantzati bazabiltza, hemen doaz zenbait sagardotegiri buruzko berriak, eskaintzak eta informazioa.

{{IMG-40094}}

Jon Mikel Arruabarrena. Mizpiradi sagardotegia, Andoain 

“Gogotsu ekin diot familiako negozioari”

Familiak heldu berri dio Mizpiradi sagardotegiko negozioari. 19 urte dituen Jon Mikel Arruabarrenak eta bere ama Pili Huartek hartu dute negozioaren ardura. Ama sukaldari lanetan aritzen da, eta Arruabarrena, berriz, parrilero, txuletak mozten, zerbitzari…, ardura ezberdinak ditu. Gogotsu ekin dio gazteak familia negozioari, eta lana gustura egiten duela adierazi du. Txikitatik bizi izan du sagardotegiko giroa, gurasoek eraman ohi zuten eta negozioa, baina orain bere txanda da eta irribarre batekin hartu du berria. Urte hasieran jakin zuten negozioari helduko ziotela, eta geroztik buru-belarri aritu dira lanean guztia prest egon dadin aurtengo txotx denboraldirako. Familiako kideak, lagunak eta ingurukoak gonbidatu zituzten inaugurazio ekitaldira, eta guztiak gustura egon zirela esan dute ama-semeek. Nahi duen orori gonbita luzatzen die sagardotegira hurbildu eta bertako jakiez eta sagardoaz gozatuz, tarte ederra igarotzeko.

Ordutegi zabala eskaintzen du Mizpiradi sagardotegiak: astelehenetik ostegunera afariak; ostiraletan eta larunbatetan bazkariak eta afariak; eta igandetan bazkariak ematen dituzte. Etorkizunera begira, pozik daude ama-semeak, negozioa indartu eta aurrera jarraitzeko gogotsu.

 

{{IMG-40095}}

Joxe Angel Gaztañaga. Gaztañaga sagardotegia, Andoain

“Edan errazeko sagardoa, zapore eta usain ederrekoa”

Gorenak zigilua daraman sagardoa da Gaztañaga sagardotegiak ekoizten duena, txapel beltzekoa. Aurtengoan sagardoaren %70 bertako sagarrarekin osatu da, eta %30 kanpotik ekarritakoarekin. Etxeko sagarrarekin 35.000 litro ekoiztu dituzte. Sagar biziak erabili ohi ditu Gaztañagak: Urtebi Haundia, Urtebi Txikia, Txalaka, Moko, Lanttoni, Goikoetxe sagarra, Patzolo eta Mozolo, besteak beste. Joxe Angel Gaztañagak adierazi duenez, “edan errazeko sagardoa da aurtengoa, usain eta fruta-gustu handikoa. Oraindik mikatz puntua badu ere, gustu oneko sagardoa dela azaldu du, sagardoak bere etapak igaro behar dituela argudiatuz. Iazko sagardoa botilaratzen bukatu berri dute.

Inaugurazio ekitaldia urtarrilaren 19an egin zuten. Billabonako Oinargi dantza taldea arduratu zen giroa alaitzeaz, eta festa oso polita geratu zela adierazi du Joxe Angel Gaztañagak: “Urtero gauza berriak ekartzen saiatzen gara, eta aurtengo festa oso polita izan da”.

Sagardo Forum lehiaketako Euskal Herrian ekoiztutako sagardoaren sailkapenean brontzezko domina eskuratu berri du, 36 puntu eskuratuz, eta zerrendan atzetik Bereziartua eta Gartziategi sagardotegiak geratu direlarik, puntutan berdinduta.

 

{{IMG-40097}}

Ixabel Santa Kruz. Larre-gain, Ereñozu (Hernani)

“Bezero tradizionala da gehienbat gurera hurbiltzen dena”

Larre-Gain sagardotegia paraje natural ikusgarrian kokatzen da, Aiako Arriko parke naturaleko atarian hain zuzen. Primerako abiapuntua izan liteke mendi txango arin bat egiteko, bidean mairu-baratzak eta trikuharriak topatuz, eta azken batean, natura, kirola eta sagardoaren kultura batzen dituen egun-pasa eginez.

Baserrian betidanik egin izan da sagardoa, etxean kontsumitzeko. Nolanahi ere, 1995eko txotx denboraldian ireki zituzten ateak bezeroei begira. Familiako bost kidek -gurasoek eta hiru seme-alabak- egiten dute sagardoa erarik tradizionalenean, etxean daukaten tolare handiaz baliatuz. Horretarako, inguruko baserrietako sagastietatik jasotzen dute sagarra.

Kupelak soilik txotx denboraldian irekitzen dira Larre-Gainen; badauka autobus zerbitzua Hernanitik asteburuetan. Beti izaten da mugimendua sagardotegian; Euskal Herrira turismoa egitera Madril, Katalunia, Frantzia edo Ingalaterratik heldutako bezeroetara ohitzen ari diren arren, bezero tradizionala da gehienbat Larre-Gainera hurbiltzen dena, bertako sagardoa eta jai-giroa ondo estimatzen duena. Izan ere, normal samarra izaten da kupeletik kupelera jendea bertsotan edo kantuan sumatzea.

 

{{IMG-40096}}

Inaxio Sarasola. Sarasola sagardotegia, Asteasu

“36 urtez Mañukortak ireki du txotx denboraldia”

Sarasola sagardotegiak sari ugari irabazi ditu joan berri den urtean. Azkena Sagardoaren Lurraldeak antolatutako lehiaketa izan da, eta bertan urrezko domiña lortu du, puntutan Zapiain sagardotegiarekin berdinduta. Mota horretako lehiaketetan, kolorea, usaina eta txinpartak izan ohi dira irizpide nagusiak sagardoa baloratzerako orduan. Inaxio Sarasolaren iritziz, “sariak irabaztean jendeak gehiagotan hartzen du ahotan sagardotegiaren izena”. Gainontzeko sarietako batzuk hauek dira: Andoainen Zumeatarra elkartean eta Kale Txikin bigarren postua; Azpeitian bigarren postua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko sarian hirugarren postua.

Sagardoaren ekoizpenari dagokionean, ekoizpen osoa bertako sagarrarekin osatu da Sarasola sagardotegiaren kasuan. Kolore eta gustu ederrekoa da aurtengo sagardoa Inaxio Sarasolaren ustez.

Inaugurazio ekitaldian falta ezin zen pertsona da Mañukorta. 36 urte daramatza Sarasola sagardotegiko txotx denboraldiak irekitzen, eta aurten txapela jantzi diote urte gehiagotan jardun dezan lan horretan. Ondoan izan zituen Haritz Mujika eta Unai Mendizabal bertsolariak giroa alaitzen. Bertaratu zirenek otordu ederra egin zuten, konpainia eta giro paregabean.

Aste osoan irekita egoten da Sarasola sagardotegia. Astean zehar afariak ematen dituzte, eta bazkariak ere eskaintzen dituzte enkarguz; larunbatetan, bi otorduak eta igandetan bazkariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!