Udal aurrekontuak onartu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 8a, 01:00

Urtarrilaren 29ko osoko bilkuran onartu zituzten udal aurrekontuak. 6,5 milioi eurokoak izango dira aurten, iaz baino %3 gehiago. Aurrekontuen ildo nagusiak azaltzen dituen prentsa oharra igorri du Udalak:

EAJ eta PSEren botoekin onartu zen. EH Bildu abstenitu egin zen

 

Gobernu taldeko zinegotzien (EAJ) eta Mª Luisa Arija zinegotzi sozialistaren oniritzia jaso zuen aurrekontuak eta EhBilduk abstentzioaren hautua egin zuen.

Gizarte zerbitzuetan zentratutako aurrekontu-lerroa egonkortzen da (aurreko ekitaldiarekin alderatuta +%6), hirigintzako hobekuntzak (+ 29,81), kulturaren eta euskararen sustapena (+%7) eta gizartearen elkarbizitzaren sustapena.

Berrikuntza nabarmenen artean, eta kulturaren atalean, streaming (zuzen-zuzenekoa) formatuan opera ikuskizunak eskaintzera, musika kontzertuak antolatzeko parrokiako elizako organoa konpontzera eta Aljibean kultur programazioa berreskuratzera bideratutako partidak dira azpimarragarriak. Bertsolaritza sustatzeko "Harituz" taldeak 4.000 €ko laguntza jasoko du bultzatu nahi duten eskola-proiektu berria laguntzeko. Aipamen berezia merezi du Amasa eta Villabona elkartzearen 400. urteurrenaren inguruan (1619-2019) liburu bat egiteko onartutako partidak, data horrek udalaren arreta berezia izango duelarik.

Udaleko artxibategian honako hauek egitea aurreikusten da: alde batetik, ikertzaileek estudio-gune berri bat edukiko dute, mahaia eta ordenagailuz hornitua, eta gainera, XVIII. mende bukaerako lamina historiko batzuk nahiz Aro Modernoan (1561-1799) Amasa eta Villabonaren arteko harremanak izandako gorabeherak jasotzen dituen liburua zaharberritzeko.

Euskara sustatzeari dagokionean, ikastaroetan matrikulatzea bultzatzera bideratutako zuzkidura ekonomikoa 11.000 €koa da (aurreko legealdiko kopurua bikoiztuz).

Kirol arloan, Arratzaingo futbol zelaiko instalazioak berritzeari bultzada nabarmena emango zaio. Horrela, azken urte hauetan garatutako lanarekin jarraituz, aldagelak zirenetan teilatua eta barne aldea berrituko dira.

Inbertsioen kapituluan, partida garrantzitsuena (85.000€) Fleming Herri Eskolako eraikinak baldintza hoberenetan egon daitezen, berregokitzeko eta mantentzeko obratara bideratuko da (teilatua eta euriaren aurrean frontoia babesteko, besteak beste). Aurreko legealdietatik datozen arazoekin amaitzea bilatzen duen gobernuko taldearen apustu nagusi bat da hau.

Larrea auzoko haur-parkea ere berritu egingo da (legealdi honetan berritzen den hirugarrena), parke hori estaltzeko egokitasunari buruzko estudio serio bat egiteko partida bat jasoz.

Kiroldegian, historian lehenengo aldiz, fatxadako gune osoa garbitzea aurreikusten da, eta tutueri sistema hobetzea, etorkizunean mantenua modu eraginkorrean bermatze bidean.  Amasamendiko baserri zehatz batzuetara doazen irisbideak hobetzeko (joan zen urtean egindakoaren antzera) eta Aranerreka ingurua (Etxeondo ingurua) berritzeko ere partida garrantzitsu bat jaso da. Era berean, Larrea eta Txermin inguruko zoladuran dauden akatsak hobetzera, eta hiri-altzariak aldatzera bideratutako partida aipatu behar da, horrela, hiriguneko beste guneetan jadanik ikusgarria den berrikuntzarekin amaituz. Bestalde, Txerminen ibilgailuen aparkalekua berritzearren estudio bat egiteko beste partida bat jaso da.

Eremu sozio-sanitarioari dagokionean, Irisgarritasunerako Planaren (batez ere mugikortasun murriztua duten pertsonei zuzendua) barne dauden obratan inbertsioa 47.000 €koa da. Gobernu taldearentzako erabateko lehentasuna du laguntza-behar handienak dituzten pertsonen arreta, eta horregatik, partida hau kentzeko EH Bilduren proposamena ez da onartu. Bestalde, eta ezker abertzalearen emendakinak bakarra proposatzen bazuen ere, azkenean lau desfibriladore ipintzeko partida bat sartzea aukeratu da: futbol zelaia, Arratzaingo Fleming ikastetxea, Olaederra kiroldegia, eta mugikor bat, Udaltzaingoaren ibilgailuan eramango dena uneoro. PSEren proposamenez, atal horrekin harreman zuzena duten bi partida onartu dira: lehenengoa, gizarte-inklusiorako mesedegarria dena, landa-gunetan bizi diren pertsonek taxi zerbitzua erabiltzeko laguntza ekonomikoa; bigarrena, egoera txarrean dauden Oriamendiko eta kale Nagusiko udal etxebizitzen ikuskapen tekniko sakona egiteko.

Bestalde, eta hasieran 12.000 €ko partida jasoz, Udalak herri argiteriaren oraingo egoera eta eguneko nahiz etorkizuneko beharrak aztertzeko estudioa egingo du, herriko argiteria puntu askotan eskasa baita, eta hamarkadak baitaramatza analisi sakon bat egin gabe. Estudio horren emaitzekin, argia berritzeko asmo handiko proiektu bat aurreikus zitekeen, teknologia berrietan eta gai honen kudeaketa-sistema berrietan oinarritua.

 

 

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!