“Lanak martxa onean doaz, aurreikusitako epeak betez”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 8a, 01:00

Urtarrilaren 8an Juan Bautista Erro eta Kale Nagusiaren zati bat ixteari ekin zioten, azpiegiturak berritzeko lanei ekiteko. Lauzpabost asteko epea iragarri zuten, lehen lanak amaitzeko. Aiurrik lanen egoerari buruzko galderak luzatu dizkio Pedro Unanue Udaleko Zerbitzuak Lansaileko zinegotziari.

Kale Nagusiko obran, aurreikusitakoa betetzen ari al da?
Martxa onean doaz lanak, aurreikusitako epe guztiak betetzen. Lehen fase honetan Juan Bautista Erro kaletik Doktor Huitzi kaleko sarrera bitarteko tartea egiten ari gara.

Zein epe darabilzue lehen zatia amaitzeko?
Aste honetan bertan emango diogu amaiera. Asfaltatze lanak falta dira egiteko, nahiz eta eguraldiak sortutako arazoengatik itxiera fasea pixka bat luza daitekeen.

Zailtasunik edo ezustekorik izan al da lehen aste hauetan?
Ez dugu aparteko zailtasunik izan, oraingoz. Aurretik egindako lanean eta proiektuan jasotakoa betetzen ari da.

Eta hura amaituta, zein izango da hurrengo pausoa? Non jarraituko du obrak?
Hurrengo fasea Doktor Huitzi kaleko sarretatik Agustin de Leitzara bitarte izango da. Fase honetan Pio Baroja kaleko tarte bat ere berrituko da. Pio Baroja eta Rikardo Arregi kaleekin bat egiten duen tarte horretan. Fase hori burutzeko tartea bospasei astetakoa izango da. Azken fasean, eraberritze lanak Goikoplazaraino iritsiko dira.

Trafikoari dagokionez, auto gidariak zer moduz erantzuten ari dira?
Oso jarrera ona erakusten ari dira. Ez da arazorik egon eta prestatu den bide alternatiboarekin ondo moldatzen ari gara. Espero dugu beste bi faseetan erantzuna bera izatea.

Ur hoditeri zaharkitua berritzea da xede nagusia. Dagoeneko ur galera nabarmen jaitsi da...
Bai, azken bi urte eta erdi hauetan esku hartze handia izan da. Ikusgarritasun handiko obra handiez gain, ur galera txikiak antzeman eta konpondu ditugu. Ur presioa jaisteko aparailuak ere jarri ditugu, matxurak saihesteko lagungarri direnak. Lan eskerga egin dugu, eta emaitza jasotzen ari gara. Matxurak egon badaude, eta egongo dira, baina gero eta gutxiago izango dira. Ibiurretik datorren ura geroz eta gutxiago galtzen da lurrazpian. Horrek urte osoko fakturan aurrezki ekonomikoa dakar berarekin.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!