Inauterietako mozorro desfilearen azken xehetasunak lotu zituzten joan zen astelehenean egin zuten bileran. Bereziki, desfilatzeko garaian konpartsek jarraitu behar duten ordena. Egun handia gerturatzen ari da, eta hortxe ibiliko dira konpartsa eta mozorroei azken ukituak ematen. Larunbatekoa haur, gazte eta helduek inauteria batera ospatzen duten eguna da. Aurten, bestalde, ospakizunarekin bat egin dute urtean zehar kaleak girotzen dituzten hainbat kultur eragilek: Olagain txistulariak, Alberto Agirre abesbatza, Kantu kalejira, Soinuak, Udal musika eskolako ikasleak, erraldoi eta buruhandiak...