Hondakinen bilketa pilotua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 5a, 01:00

Otsailean hasi eta sei hilabetez luzatuko da hondakinak biltzeko sistema pilotua. Herritarrek beharrezkotzat jo dute aldaketa, baina zenbait ekarpen berri egin dizkie Udalari pilotuaren esperientzia erosoagoa izan dadin.

Edukiontzia berdea kendu, eta grisa, errefusarena, jarriko da otsailaren 12tik aurrera Sorabilla, Olagain eta Alejandro Kalonge auzoetan. Txipadun edukiontzia izango da, organikoaren tankerakoa, eta txartelarekin irekitzen dena. Iaz Udalak aukeran eman zien herritarrei organikoaren edukiontzia irekitzeko txartela hartzea; otsailetik aurrera, berriz, beharrezkoa izango da txartela edukitzea edukiontziak ireki ahal izateko. Horrelaxe adierazi zuen Ana Carrere alkateak pasa den astean Sorabilan egin zen bileran. Ondoan izan zituen Ramon Varela Ingumen teknikaria eta Jon Zulueta proba pilotuaren bozeramailea ere

Egun %42 inguru birziklatzen da Andoainen. Europar Batasunak adierazitakoaren arabera, 2020. urterako gutxienez  hondakinen %50 birziklatu beharko da Europako herrialde bakoitzean. Ana Carrere alkateak azpimarratu duenez, "herritar gisa ingurumenarekiko arduratsu jokatu behar dugu, eta zoritxarrez legeak behartu behar gaitu arduraz jokatzen".

Astean 4 aldiz bota daiteke errefusa edukiontzira, txartelean horrela programatu baita. Salbuespen kasutzat hartuko dira fardelak erabiltzen dituzten etxeak; horiek eskaera berezia egin beharko dute, eta egunero eta nahi adina aldiz ireki dezakete edukiontzia. Orokorrean, errefusa gutxien sortzen den zaborra izanik, lau egun nahiko eta soberan direla adierazi die Carrerek auzotarrei.

Proba pilotua hasi aurretik, azterketa egingo da edukiontzi berdean jakiteko zein kopuru den birziklatu dena. Probaren erdialdean beste azterketa bat egingo da edukiontzi griseko birziklapen kopurua zenbatekoa den jakiteko; eta amaieran balorazioa egingo da pilotuak zenbaterainoko arrakasta izan duen jakiteko.

Herritarren ekarpena

Herritarrek aldaketa beharrezkoa dela adierazi dute, baina zenbait proposamen luzatu zizkieten Udal ordezkariei  edukiontzia irekitzeko txartelari dagokionean. Esaterako, etxe bakoitzean bi txartel edukitzea, edota Elkarteek euren txartela  edukitzea.

Bi ideiak teknikoki egin daitezkeela adierazi du Ramon Varela Ingurumen teknikariak. Hori bai, bigarrena eskuratzeko euro bat ordaintzearen ideia plazaratu zuen, eskatu beharreko kopuruak bikoitzak baitira.

Sortzaile bereziak

Organiko  kopuru altuak sortzen dituzten enpresa, merkataritza edota jatetxeei atez ateko bilketaren aukera eskaini zitzaien iaz. Organikoaren edukiontzia atariaren aurrean utzi, eta ondoren garbiltzailea joaten da  zaborra biltzera astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Jon Zulueta zinegotziak azaldu du  merkatariei "erosoa" suertatu zaiela organikoa jasotzeko sistema, eta harrera ona eduki duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!