25 urtez Santa Agedaren usadioa berritzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 5a, 01:00

Santa Ageda bezperako errondari eutsi zioten hainbat lagunek atzo, igandearekin, Larramendi Bazkunaren eskutik. Elkarteak Doktor Huizi kalean daukan egoitzan balkoiko mastan ikurrina ipini eta gero, Andoaingo hainbat kale eta plazetan ohiko kantutegia berritzen aritu ziren ilunabarrean. Berezia izan da aurtengoa, izan ere, 25 urte bete dira Larramendi Bazkunak Santa Ageda kantu-erronda berreskuratu zuenetik.

[Argazkiak | Bideoak: Erronda, Eskertza ekitaldia]

“Santa Agedaren lagun” izendapenak

Urteurren biribila modu berezian ospatu zuten kaleko ibilaldiaren ostean Ontza elkartean egin zuten afarian; “Santa Agedaren lagun” izendatuz urte horietan ezinbestekoak izan diren pertsonak, alegia. Ramon Berzaa zuzendaria izan zen lehendabiziko nabarmendua, Bazkuneko lehendakari den Jon Unanueren hitzetan “urtero-urtero, hutsik egin gabe abesbatza zuzendu duelako eta entsegu guztiak jan dituelako”. Unanuek Berazaren eskuzabaltasuna azpimarratu nahi izan zuen, umorea erabili horretarako: “Gizonak, bere profesionaltasun eta pazientzia guztiarekin auskalo zer irentsi behar izan duen, gure ahotsak entzunez!”. “Gustura etorri izan naiz beti, eta eskaera jasotzen segitzen badut, berriz ere etorriko naiz” esanez jaso zuen oroigarria Berazak.

Musikariekin jarraitu zuen “Santa Agedaren lagun” izendapenen atalak. Unanueren hitzetan “Errondan musika jarri izan duten musikari asko izan ditugu gure artean, baina bi bereziki ia urtero-urtero izan ditugu: Susana Cencillo eta Josu Lekuona”. Garbiñe Agirre ere gogoan hartu zuten, 25 urte horietan antolaketa lanetan buru belarri jardun izanagatik.

Esker onen ekitalditxoarekin amaitzeko, Santa Eskearen osteko lau afari prestatzaileak izendatu zituzten: Joseba eta Miren Erkizia, Fermin Loidi eta Jabier Lizarribar. Azkenik, Ontza elkartea aipatu zuten, Bazkunari beti jarri izan dizkiolako erraztasunak afaria bertan egin ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!