Bosko Anitz aisialdi taldeko begiralea da Lidia Martin. Urtetik urtera herritarren parte hartzea ugaritzen doala nabarmendu du. Otsailaren 10ean Idiazabal kaleko animatzaleetakoak izango dira, ikastetxeko ospakizunea igo aurretik.
Urte askoan inauterietako parte zarete. Nola bizi duzu zuk inauteri jaia?
Bosko Anitz taldea hasi zen kalejira antolatzen. Txikitatik oso pozik hartzen dudan ospakizuna da, herrian zegoen festa bakarra baitzen. Hasieran, Saroben eta Plazido Muxikan egiten zen. Eta azken urteotan Salesiar ikastetxean amaitu ohi dugu festa. Jende ugari etortzen da, 300 lagun inguru. Kaleko ospakizuna, egun, herri osoaren festa bilakatu da.
Musikala izango da aurtengo gaia. Zuena sekretupean gordeko al dugu, larunbata arte?
Iaz hasi ginen musikalaren proiektua lantzen, eta musikal bat egin genuen. Aurtengoan gai hori atera dela ikusita, iazko lanari buelta eman eta musikal berria egingo dugu. Zalantza ugari ekarri dizkigu, ez genuelako aurreko urteko ideia bera erabili nahi.
Egun berezia da datorren asteko larunbatekoa. Azalduko al diguzu eguna nola joango den zuentzat?
Begiraleak goizeko 10:00ak aldera hurbilduko gara Salesiar ikastetxera, karrozari azken ukituak emateko eta gozokiak prestatzeko. Eguerdian begiraleok ikastetxean bertan elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatzen dugu. Arratsaldeko 16:00tan San Juan plazara jaitsiko gara, eta 16:30ean herritarrekin bilduko gara. Bertan dantza egingo dugu, jendea hurbildu arte. 17:00ak aldera Idiazabal kalera jaitsiko gara, gainontzeko karrozekin elkartzeko. Herrian zehar kalejira egin eta gero, 18:00ak aldera Salesiar ikastetxera igoko gara bertako desfilean parte hartzera. Sari banaketa ekitaldia egingo dugu, ondoren, haur nahiz helduen mailakoa. Eta jaiari amaiera borobila emateko, txokolatada eta disko-festa gaueko 21:00ak arte.
Zenbat begirale zarete? Eta ikastetxeko desfilean zenbat haurrek parte hartuko dute?
25 begirale inguru gara, eta horiei laguntzera etorri ohi zaigun jendea gehitu behar zaio. Denera 300 pertsona irtengo gara desfilean, haurrak eta helduak batuta.
Urnietakoaz gain, beste herriren batera joaten al zara inauteriez gozatzera?
Ez. Urnietan inauteri giro handiegirik ez zegoelako hasi zen antolatzen festa, eta geroztik herrian geratu ohi gara. Urtetik urtera herritarren parte hartzea handituz doa, gainera.
Zalantzan dagoenari, mozorrotzeko nola konbentzituko zenioke?
Gaia musikala dela kontutan izanda, nire gomendioa honakoa da: musikal sinplea aukeratu, eta etxean dituzun gauzekin mozorrotu, konplexu handiegirik hartu gabe.
Zein mezu zabalduko zenieke urnietarrei, parte har dezaten?
Festara batu daitezela. Euria nahiz eguzkia izan, denon artean festa ederra egin dezagula.