Oier Araolazaren hitzaldia otsailaren 7an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 4a, 01:00

“Mozorrotik disfrazera: noruntz doaz gure neguko festak?” izenburupeko hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak otsailaren 7an Urigainen, 19:00etatik aurrera.

Elgoibarko dantzari, kazetari eta antropologoak Euskal Herriko neguko festak izango ditu hizpide, Urki dantza taldeak antolatutako hitzaldian.

Santu guztien egunetik (azaroaren 1a) Garizuma bitarte, Euskal Herrian egiten diren makina ospakizun eta festa aztergai izango ditu Araolazak: Santa Claus, Halloween, Olentzero eta Mari Domingi, Nikolas Txiki, Santa Ageda, Inauteriak...,

Bere iritziz, festa guztiek ba antzeko ezaugarriak dituzte. Era berean, mozorrotzea eta disfrazatzea ondo bereizten dituen bi kontzeptu dira berarentzat.

Labur azalduta, disfrazatzen denak (pirata, indioa...) “ni” izaten jarraitu nahi du, jendearen miresmena bilatuz. Mozorrotzen denak, ordea, nortasuna galdu eta anonimatoan murgiltzen da.

Araolaza ospe handiko dantzaria izateaz gain, euskal dantzen inguruan informazio iturri aberasgarriena eskaintzen du dantzan.eus webgunearen bitartez. Euskal Herriko tradizio eta folklorearen arloetan sona handia duen ikerlaria da. Makina bat ideia eta hausnarketa berritzaile plazaratu ditu azken urteotan, maiz apurtazaile izan direnak. Besteak beste, Halloween euskal jaia dela dio berak; izan ere, kalabazak hustu, kandela sartu eta jendea beldurtzen ibiltzeko ohitura hori historikoki Euskal Herriko leku askotan ezagutu da. Zizurkilen, urrutira joan gabe. Bestalde, Mari Domingi Olentzeroren ondoan jartzea hanka sartzea dela deritzo. Iraganean, Euskal Herriko zenbait herrietan (Leitza...) Olentzerok genero markarik ez zeukan, eta orain ezarri egin zaio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!