Santa Eskean, igande arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 3a, 01:00

Urnietarrak arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira Lekaiotik San Juan plaza aldera. Eta handik herrian zehar kalejiran ibiliko dira. Andoainen Manuel Larramendi Kulttur Bazkunekoak arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira Doktor Huitzitik. Irteera berezia izango da, kantatzen hasi zirenetik 25 urte bete baitira.

Jon Unanueren iritzia:

Azken hogeita bost urteetan bezala, aurten ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunak otsailaren 4an Santa Ageda bezperako erronda antolatuko du, herriko beste elkarte, ikastetxe eta talderen partaidetzarekin. Aurtengo berezitasuna zera da: otsailaren 4a Santa Ageda bezpera izateaz gain igandea dela, baina horrek ez du eragotziko urtero-urtero koplak kantatzera elkartzen den ehun lagun inguru horiek bere erronda egitea, arratsaldeko seietan hasita (18:00). Irteera Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean izango da, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriÒa lau haizeetara ipini ondoren. Ikurrina mastara igotzeaz, aurten, Ramon Beraza arduratuko da, hain zuzen ere azken hogeita bost urteetan Santa Ageda bezperako abesbatza zuzentzeaz hutsik egin gabe arduratu dena.

Jarraian, herriko kaleetan barrena ibiliko dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko otso beltzarenak ere. Gaueko zortzi eta erdietan inguru eman ohi diote amaiera errondari.

Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan errondan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzeko aukera izango dute, Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean. Aurten, ahotsak, kantak eta soinuak prestatzeko bi saio egingo dituzte: urtarrilaren 29an izango da lehenengoa, astelehenarekin, iluntzeko zortzietan (20:00) Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian. Bigarrena eta azkena, toki berean, urtarrilaren 31n izango da, asterazkenarekin, iluntzeko zortzietan ere (20:00).

Larramendi Bazkunetik adierazi nahiko genuke edozein herritarrek parte har dezakeela kantu errondan, tradizioak agintzen duen bezala jaztea eta kantatzea dela jartzen diren bi baldintza bakarrak, eta ahal dela –hori bai– iragarrita dauden bi entseguetara joatea.

Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Berrozpeko Ontza Elkartean izena aurretik ematen dutenek. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 31n izango da, iluntzean egingo den entseguan bertan. Egunean bertan ezin da izenik eman afaritara joateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!