Olatz Odriozola onenen pare

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 2a, 01:00

Kalbario handia pasa zuen 2017an: Bost hilabetez geldirik eduki duen motor istripua, entrenatzeko ezintasuna, langabezia..., baina argia ikusi du, lana beltz eginda. Saria lortu du, gainera: Munduko ziklo-kros txapelketan parte hartzea. 

Andoni Urbistondok eginiko erreportajea:

Andoni Urbistondo urnieta

Andoaingo Karrika auzoa. Astegun bateko ilunabarra. Xirimiria ari du, etengabe ia, azken bi asteetan bezala. Amorratzeko moduko eguraldia, askorentzat. Olatz Odriozola, ordea, gustura dago (Urnieta, 34 urte): "Euria ari du, baina hotzik ez dago, eta hori ziklo-kroslariontzat altxor handia da". Hitzontzi petoa da Olatz. Itxura du hitzak ez zaizkiola ahoan kabitzen, hitz egiteko mingaina hara eta hona mugitzeko denbora falta zaiola. Hainbeste gauza dituela kontatzeko, azkar kontatu nahi dituela, ahazteko beldurrez edo. Ziklokroslariak azken sei hilabeteetan bizi izan duenak elkarrizketa bat ez, eleberri bat idazteko ematen duelako. Gauza asko. Eta asko txarrak, mingarriak. Onak apur batzuk, baino txarren ondoren, eta horrek beti aho zapore gozoagoa uzten du. Olatz Odriozolak Munduko Ziklokros txapelketa bat korrituko du lehen aldiz bere bizitzan, 34 urterekin. Valkenburgen da hitzordua, Herbeeretan, etzi, larunbatez. Ez zuen espero Espainiako hautatzailearen deirik. Baina bertan izango da.

Espero, gauza gutxi espero zuen Olatzek, erietxeko ohean etzanda zegoenean. Irautea, akaso: "Oinazerik gabe bizitzea", ez aspaldi. "Edo entrenatu ahal izatea. Ordubete bada ere", orain hilabete eskas. Gaur barre egiten du. Osatu da. Itzuli delako. Eta itzuli delako osatu, bizi. Uztailaren 7a aipatzen badugu, euskal herritar gehienok San Fermin jaiekin gogoratuko gara. Olatz, aldiz, bere egunerokoa goitik behera aldatu zuen motor istripuarekin: "Sorabillako irteeran izan zen, N1ean, Tolosarantz. Geldituta zegoen auto bat zegoen bazterrean, eta ezin izan nuen saihestu. Aurpegiko ezkerraldea erre nuen, eta eskuin besoan erradio hezurra hautsi, eskumuturraren aldean. Orkatilan ere erredura bat izan nuen, eta bata eta bestearen artean, bost hilabete eman ditut osatzeko".

Besoko hezur hausdura itsusia izan zen, hezurra nahiko txikituta zeukan. Bi iltze jarri zizkioten, baina haustura ez zen egonkortzen, eta beste ebakuntza bat egin zioten Policlinican, osatze prozesua Mutua edo aseguru etxeak bereganatu ostean. "Txapa antzeko bat jarri didate, eta hori betirako edukiko dut besoan". Okerragoa izan zen orkatilako zauria: "Bigarren graduko erredura bat jasan nuen. Erredura sendatzen aritu ziren medikuak bi egunez behin, garbiketa saio nahiko bortitzekin". Hilabete pare bat pasa ziren, berriro hanka lurrean jarri zuenerako.

Prozesu horretan, beti izan zuen buruan osatzea nola azkartu: "Errehabilitazio lanak egiten hasia nintzen besoarekin, gauza txikiak jasotzen, ur botilak eta antzekoak. Hilabetera bizikleta bizkarrean hartzera joan eta ezi, ordurako gimnasioan pesak egiten ari banintzen ere". Altxa zuen behin, eta bitan, hiru aldiz...". Jasoaldi bakoitza egiteak zenbat sufrimendu eragiten zidan nik bakarrik dakit, baina era berean, sekulako indarra ematen zidan gogorrago saiatzeko".

Halako batean, orkatilako zauria ez zela ixten jabetu zen Olatz: "Neukan ehuna ez zen birsortzen, hezurra ere bistan zegoen, eta azal-mentua edo injertoa egin behar izan zidan zirujau plastikoak". Irailaren 8a zen.

Burugogorra eta lehiakorra

"Hankeko lesioa oso gogorra izan zen niretzat", dio, "oso pertsona aktiboa naizelako, eta ezin nuelako ezer egin". Etxekoek berarekin izan duten meritua eskertzen du, "ni entretenitzen izan duten pazientziarekin". Gurpildun aulki bat lortu zuten, aitonarena, eta oina jartzeko halako egur bat jarri, etxetik atera ahal izateko: "Paseotxo bat emateko, behintzat!". Egun guztia lana eta entrenamenduekin bete-betea izatetik, egun guztia etxean egon behar izatera pasa zen Olatz. Urria hasieran makuluekin hasi zen ibiltzen, etxean, eta etxe atarian ordu erditxoko bueltak ematen. "Normal ibili noiz? Azaroan. Kontutan eduki kanpotik 30 puntuko zauria neukala, eta horrek ere bere denbora behar du. Puntuak eta grapak kendu zizkidatenean arrabolan ibiltzen hasi nintzen, orkatila indartu eta zirkulazioa hobetzeko".

Abenduaren 7an eman zioten alta. 5 hilabete luze, ordu eta egun asko geldirik, "eta txintxo-txintxo" medikuen aginduak zorrotz betetzen. Kirolari izateak, sufritzen jakiteak asko lagundu dio egoera ondo eramaten. Eta ausart izaten. 7an alta jaso, eta egun bat geroago, Ametzagako proba korritu zuen. Eta bi egun geroago, Igorren. Batere entrenatu gabe! "Banekien margen handirik ez neukala, baina nire buruari erakutsi nahi nion Ametzaga eta Igorreko lasterketak bukatzeko gai nintzela. Ametzagan oso atzean ikusi nintzen, erreakzionatu beharrean, baina eguraldi txarrak, elurrak, hotzak, sufritzen jakiteak, asko lagundu zidan 8. postuan helmugaratzen (Espainiako bosgarrena)".

Bukatze hutsa sekulako lorpena izan zen Olatzentzat, eta berriro ziklo-kroslari sentitze horrek, ilusioak, sekulako bultzada eman zion. Bi egun geroago Igorren korritu zuen. "Asko gustatzen zaidan zirkuitua da, baina lokazti latza zegoen. Korrika asko egin behar da, bizikleta bizkarrean eman. Lasterketa erditik aurrera hanka zintzilik bezala neramala jabetu nintzen, eta besoak ere oso justu! Gogoan dut helmugatik pasa eta bi itzuli falta zirela ikusi nuela kartelean. Nire buruari esan nion: 'nola demontre egin behar dituzu bi itzuli gehiago, porru eginda zoaz eta?' Bada, bukatu nuen!". Hori bai, muga-mugan, hondoa jota". 40 minutu pasatxokoak izaten dira emakumeen probak: "Berez aise bukatu beharrekoak. Niri, normalean, motzak egiten zaizkit", dio urnietarrak. "Gorputza, ordea, alpertu egiten da urte erdian, egurra ematen ez badiozu, eta egurra ematen hastean, kexatu egiten da".

Pixkanaka hasi zen gorputza fintzen, buruan urtarrilaren 13an Legazpin jokatu zen Espainiako Txapelketa buruan zuela. Urrian, Villarcayo eta Medina de Pomar-en (Burgos), bi lasterketa korritzen dira. Hara joan zen gurasoekin Olatz, "gurpildun aulki eta guzti, eta han, Legazpiko lasterketako antolatzaileak, Ormazabalek, Espainiako txapelketa Legazpin jokatuko zela esan zidan, eta ea ordurako ondo jartzen nintzen. Hori akuilu ikaragarria izan zen niretzat, erronka jarri nion nire buruari: 'hor egongo naiz, eta ondo gainera', pentsatu nuen niretzat".

Baita bete ere, hirugarren sailkatu baitzen. Podiuma ez zen halako ezustekoa izan Olatzentzat, "datuak gorde zalea naizelako, eta hilabete horretan egin nuen progresioa ona zelako. Valentzia (abenduak 14), Euskadiko Txapelketa Izarran (abendu bukaeran) eta Espainiakoa Legazpin, hiru lasterketa horiek korritu nituen, eta banekien koskak igotzen ari nintzela egunez egun". Legazpin Aida Nuño txapeldunak bi minutu eta erdiko aldea kendu zion, baina ordura arte 5 edo 6 minutuko atzerapena pilatzen zuen.

Valkenburg, espero ez zuen saria

Progresio horrek espero ez zuen saria eman zion: Munduko Ziklokros txapelketa korritzeko aukera, lehen aldiz: "Aurten lesioak progresio hori ahalbideratu du, eta goia Valkenburg-en jotzea espero dut. Aida Nuño eta Lucia Gonzalez selekzio kideek Legazpiko txapelketan goia jotzeko plangintza egin zuten, eta nik, aldiz, ez". Orain arte zergatik ez dute mundialera eraman Olatz? "Pascual Momparler hautatzaileak profesionaltasuna asko baloratu izan duelako. Alegia, dedikazio osoa eskaintzen dion kirolaria du gustuko, eta profesionala ez naizenez, ez nau Munduko txapelketako deialdietan sartu. Ametzagan erakutsi nuen adorea baloratu zuela esan zidan, deitu zidanean, alta eman eta biharamunean korritzea ez dela erraza, eta Legazpiko lasterketan ere lan ona egin nuela".

Eta Valkenburgen, Herbeeretan zer? "Presiorik ez dut, hainbeste denbora lesionatuta egon eta gero, garrantzitsuena ondo osatzea delako. Disfrutatu, besterik ez", dio, umiltasunez. Desio bakarra du: zapore onarekin bukatzea, Valkenburgeko proba korritu eta gero atseden hartzeko. Ondoren, mendi bizikletako denboraldiari kosk egiteko.

Zein erronka du Valkenburgen? "Badakit ez dudala irabaziko, eta badakit ez naizela hamar onenen artean sailkatuko. Daukaten guztia eman eta gustura bukatuko banu, konforme. 10.-a edo 50.-a izan".

Espainiako selekzioko lehena izatea, posible ikusten al du? "Gai ikusten naiz. Aida Nuño gainditzea zaila da, baina Lucia Gonzalez mendera dezaket. Top 25 kristoren postu ona da. Azkeneko Munduko txapelketa izan liteke...Esperantza galduta neukan, eta begira! Bizikletan jarraituko dudalakoan nago, baina gaur gaurkoa, eta bihar biharkoa. Istripuak egunean egunekoa bizitzen erakutsi dit".

Ez dute sosik jasoko Munduko txapelketa korritzeagatik, "baina hegazkinean goaz, behintzat. Atzerrira joaten garenean, normalean 14 ordu egiten ditugu furgonetan". Mekaniko eta asistentzia propioa emateko aukera dute, "anoa postuan zuk konfiantza duzun norbait egotea garrantzitsua delako, keinu batekin elkar ulertzen garelako".

Profesionala bai, "baina ez soldatagatik"

Kirola betidanik asko gustatu izan zaion neska bat bezala aurkezten du bere burua Olatz Odriozolak. Bizikletan hasi zen, 20 urterekin, bikotea txirrindularia delako. Orain arte lanean eta bizikletan aritu izan da, baina orain langabezian dago, eta hobexeago moldatzen da. "Lanak nekea eragiten du, eta entrenamenduekin, neke hori ez da desagertzen. Langabeziak denbora ematen dizu, baina ezin da luze iraungo duen egoera bat izan".

Olatzek garbi du berea afizioa dela, ez ofizioa: "Dirua galtzen dudan afizioa da. Baina betetetzen nauen bitartean, aurrera. Lan saioak laburrak dira, neguan normalean ez gara errepidera ateratzen, saio esplosiboren bat egin behar ez bada. Egunean ordu eta erdi, edo bi ordu eskaini izan dizkiot, asteburuan gehiago. Ez dauka errepideko profesionalen lan saioekin zerikusirik". Ziklo-krosean hobe omen da ordubeteko lauzpabost lan saio on egin, kalitatezkoak, luze kaskar bat baino. "Gutxi eta ondo, asko eta gaizki baino", Olatzen laburpena.

Profesional sentitzen da, baina ez ziklo-krosa bizibide duelako, "ordu asko eskaintzen dizkiotelako baizik". Euskal Herrian garbi esan behar zaio hasten den gazteari, "ez duela ogirik irabaziko. Begira Felipe Orts: Espainiko onena da, alde handiarekin, baina atzerrian maila ikaragarria dago. Orts ez da ziklo-krosari esker bizi".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!