Parte hartze prozesua martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 2a, 01:00

Herritarren zalantzak argitze aldera, informazio karpak ipiniko dituzte asteburu honetan, herriko leku ezberdinetan. Zalantzak argitzeaz gain, informazio karpan proposamenak aurkezteko aukera izango da.

2018ko aurrekontutik 125.000 euro parte hartze prozesura bideratu ditu Urnietako Udalak. Modu horretan, herritarrek erabaki ahal izango dute kopuru hori zertan inbertitu nahi duten; eta asmo hori praktikan jartzeko garaia heldu da.

Urtarrilaren 16an egin zuten aurkezpen publikoa, prozesuaren xehetasun guztiak azaltzeko. Agerraldia egin bezala, herritarrek informazio liburuxka jaso dute etxean.

Otsailaren 11 bitarte aurkez ditzake proposamenak, 16 urte edo gehiago dituen herritar orok. Honako lekuetan aurkez daitezke proposamenak: Lekaio, Kiroldegia, Denda Berri, Anbulatorioa, Egape ikastola, Azkorte, Presentacion de Maria Ikastetxea eta Salesiar ikastetxea. Baita baliabide teknologikoak erabiliz ere. Oraingo honetan Udalaren urnieta.eus webgunearen eta Urnieta APP aplikazioaren bitartez.

Proiektuak onartuak izateko sei baldintza bete behar dituzte. Batetik, 16 urte edo gehiagoko herritarren proposamena izatea; bigarrenik, Udal-eskumenekoa izatea, beti ere, obrak, hirigintza eta mantentze lanei loturikoa; hirugarrenik, ekonomia edota teknika aldetik bideragarri izatea, 25.000 euroko kostu ez gainditzea; laugarrenik, iraunkortasun ekonomiko eta finantzarioa bermatza; bosgarrenik, urnietarren interesa norberaren interesaren gainetik jartzea, eta azkenik, udalerriko auzoen arteko oreka bermatzea.

Proposamenak bidaltzeko epea amaitzean, udal teknikariek proposamen guztiak aztertu eta ondoren erabakia hartu eta herritarrei jakinaraziko diete.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!