“Kaldereroen ospakizunera hurbil daitezela herrikideak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 1a, 01:00

Azken urtetan Unai Ormaetxea eta Ion Beloki dira Andoaingo kaldereroetako erreginak. Aurtengoan ere ez dute hutsik egingo. Jada prestaketa lanetan ari dira.

 

Zein da Ion Beloki eta bien zeregina, Kaldereroen konpartsan?
Andoainen antolatzen den festarekin bat egitea da eta horretarako, desfilean zehar, Hungariako bi erreginen rolak hartzen ditugu. Udaletxeko balkoitik, ongietorria ematen diogu kalderero jaiari, antzerki eta bertso batzuren bidez. Eta ondoren, Andoaingo herria karroza batean zeharkatzen dugu, txarangak lagunduta eta jende andana atzetik dugula. Hitz gutxitan esanda, ospakizunari umorea jartzea da gure zeregina.

Zer erregistro antzeztea eskatzen dizue pertsonaiak?
Komediatik, beste edozein generotik baino gertuago; inori minik egingo ez dion umore zuria erabiliko dugu antzezpenean.
Udaletxeko balkoiko diskurtsoan herriko kontuak hizpide dituzue...
Momentu oso berezia izaten da, bati ez zaio udaletxeko balkoitik herriari hizketan aritzea egunero egokitzen. Antzerkiari pisu gehiago ematen saiatu gara, baina bertsoek ere badute bere lekua. Euskararen aldeko aldarrikapena egitea ere ez dugu ahazten.

Pentsatuta daukazue zer esan aurtengoan?
Bai, badarabilgu ideia bat buruan. Orain esango banu, momentuko grazia osoa zapuztuko nuke. Bakar-bakarrik aurreratu dezaket, balkoian, Hungariako erreginek ez ezik, azken bi urtetan oso entzuna izaten ari den pertsonaia batek protagonismoa hartuko duela.

Nola animatuko zenituzke andoaindarrak kalderero jaian parte hartzera?
Andoainen geroz eta indar handiagoa hartzen ari dela esango nuke. Jende orori hurbiltzeko gonbitea luzatuko nioke, bereziki etxeko txikienei. Inor baztertzen ez duen ekitaldia da, andoaindar guztien parte-hartzea bultzatzen duena: izan kalderero edo musikari, izan erregin edo ikusle…

Une honetan ba al daukazu ikuskizun berezirik esku artean,  bakarrizketarik edo antzezlanik?
Egia esan nahiko alboratuta ditut nire rol horiek, beste lan eta ikasketa batzurekin denbora askorik ez dudalako. Nolanahi ere, era honetako jaiekin oraindik barruan daramadan pertsonaia hori irteten uzten didate, eta ondoan Ion Beloki laguna baldin badaukat, zer gehiago eskatu?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!