Aldaketak udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 31a, 01:00

Villabonako Udalak azken asteotan herrian egindako zenbait obra eta aldaketen berri eman du, prentsa ohar bidez. Batetik, Bizkaia haur parkearen eraberritzea, eta bestetik, zenbait gunetan autoen abiadura murriztea:

"Bizkaia" parkearen itxuraldaketa

Guztiz eraberritu da

Etxeondo auzoko "Bizkaia" haur-parkeak itxura berria du guztiz eraberritu ondoren. Jolasteko aparailuak, zorua eta haurrentzako jardueratarako gunea berritu dira. Hiri espazioak hobetzeko OSATUZ Herrigintza programaren barne dauden obra horiek, aurreikusitako epean egin dira (esleitu zirenetik sei astetan), eta eserleku berriak ere ipini dira dagoeneko. Beraz, gunea erabat egokitua geratu da.

 

Abiadura 30

Duela egun batzuk Villabonako hirigunera sartzeko hainbat gunetan (Etxeondo, elizaren ingurua, etab.) ibilgailuen abiadura gehienez ere orduko 30 Km/o mugatzeko panel adierazgarriak ipini dira. OSATUZ zeharkako planaren segurtasuneko atalaren barne dagoen neurri honek hirigunea bezalako mugikortasun handiko ingurune batetan oinezkoen eta gidarien arteko elkarbizitza beharretara egokitutako gidatze arduratsu baten beharrari buruz kontzientziatzea du helburu. Une honetatik aurrera, hirigunean abiadura handiz ibiltzen denak Udaltzaingoaren zigorra jaso ahal izango du. Alkatearen iritziz "ardura eta segurtasuna partekatzea da helburua. Eguneko momentu desberdinetan guztiok gara gidariak eta oinezkoak. Herriaren erditik gidatzen dugunean, oinezkoen tokian jarri behar dugu, beraien eskubideak errespetatuz eta beti ere beraien segurtasunarengan eta gurearengan pentsatuz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!