Axerien Puska Biltzea, Sorabillan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 29a, 01:00

Axeri dantzariek Puska Biltzearen usadioari eutsi zioten joan den larunbatean, eguraldi petralari aurre eginez. Sorabillako baserri eta etxeetara inauterien jaia zabaldu zuten. Goiz guztian auzo horretan ez zen falta izan Axeri dantzako dantza-jokorik, jolasik edo eta umore eta ziri sartzerik.

[Argazkiak]

Hogei bat axeri dantzarik eta hiru txistularik osatu zuten erronda taldea. Goizeko 08:00etan Kale Nagusitik abiatu eta Sorabillako hainbat baserrietan (Allurralde Goikoa, Mendiluze, Borda, Intsusaran, Morkaio, Koskaran...) dantzan eta kantuan aritu, eta trukean, bertakoek eskainitako mokaduaz gozatu ostean, 12:30etan auzoko plazara iritsi ziren.

Frontoian, San Juan egunean Goikoplazan egiten diren dantza jokoak dantzatu zituzten dantzariek. Ondoren, auzoko Jai Batzordeak prestatutako hamaiketakoarekin amaitu zuten jaia, bertaratu ziren ikusleekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!