Heroina, heriotza eta poliziaren jarrera hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 28a, 01:00

Justo Arriola elgoibartarrak 'A los pies del caballo' liburua aurkeztuko du Irunberri elkartean, datorren urtarrilaren 31n. Iluntzeko 19:00etan hasita, 80ko hamarkadan zuzenean edo zeharka belaunaldi osoa kolpatu zuen fenomenoaz jardungo du.

 

Liburuaren lehenbiziko ataletan munduan zehar narkotrafikoa intsurgentziaren aurkako tresna gisa erabili izan duten hainbat kasu aztertu ostean, Euskal Herrira hurbiltzen da egilea. Nork sartu zuen heroina Euskal Herrian 80ko hamarkadan? Zergatik? Eta nola? Galdera horiei eta gehiagori erantzuteko asmoz idatzi du liburua Arriolak. Polizia nazionalaren eta guardia zibilen jarrera, narkotrafikoa, ETAren hilketak, hildako gazteen kopurua, heroinaren munduan ibilitako testigantza pertsonalak… Helduleku asko ditu A los pies del caballo Txalapartak argitaratutako liburuak.

Idazleak onartzen du garai hartan euskal gazteriaren zati batek errealitatetik ihes egiteko heroina kontsumitu zuela. Baina halaber, iruditzen zaio beharrezkoa izan zela polizia indarren konplizitatea droga hori Euskal Herriko kaleetan barra-barra eta gupidarik gabe mugi zedin.

Egileak tesi hori datuekin eta testigantzekin plazaratzeko ahalegina egiten du. Liburua idaztean, baina, bigarren helburua bilatu ahi izan du: Urte horietan guztietan heroinaren eta HIESaren ondorioz hil ziren gazteei gorazarre egitea. Urrutira gabe, egileari berari Elgoibarko lagun asko hil zaizkio heroinaren eta HIESaren eraginez. 

Liburua Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu du Arriolak, eta egundoko arrakasta lortu du Euskal Herrian eta Espainiar estatuan. Dagoeneko bosgarren edizioa argitaratu dute. Arriolak Aiurriri aitortu dionez –elkarrizketa laster argitaratuko da– liburuak berebiziko interesa piztu du, erreakzio ugari sorraraziz. “Jende ugari hurbildu zait ezkutatua dagoen errealitate hori argitaratzea beharrezkoa zela adieraztera".

Arriola gizarte ekintzailea dugu, hainbat herri mugimendutan murgildu dena; besteak beste, Elgoibarko Gaztetxea, Zazpiki Irrati librea, antimilitarismoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!