Sagasti, sagardotegi eta sagardo gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 27a, 01:00

Euskal Sagardoa jatorri deituraren bigarren uzta kupeletan dago jada, eta txotx garaian dastatu ahal izango dira, Jatorri Deiturara bideratutako sagardo desberdinak. Datu ugari eskaini dituzte denboraldiaren hasierako txostenean.

Uzta historikoa izan da kopuruz, eta aurreratua, heldutasunari dagokionean. Hori dela eta, sagardoak nahiko aurreratuak daude sagardotegi askotan. Euskal Sagardoa jatorri deiturak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastiak eta sagardogileak biltzen ditu eta beraz, tokiaren eta sagar moten arabera aldea izan liteke, baina orokorrean uzta handia izan da. Aurtengo uztan, lau milioi litro sagardo egin dira Euskal Sagardoa jatorri deiturara bideratuak, eta horretarako, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sei bat milioi kilo sagar erabili dira, iazko uztan baino lau bat milioi kilo gehiago. Bistakoa da, beraz, aldea.

Geroz eta sagardogile gehiagoren aukera da

Bertako sagarra gehiago izan bada ere, sagar guztiak ez du Euskal Sagardoa egiteko balio. Kalitatea bermatu ahal izateko irizpide batzuk bete behar baitira, eta horiek bete ezean ez dira sagardoa egiteko ekoizpen katean sartzen.

Aurreko urteekin alderatuta, ordea, geroz eta gehiago dira ekoizpenean sartzen ari direnak. Urrats garrantzitsua da, Euskal Sagardoa jatorri deitura indartzeko bidean.

Euskal Sagardoa egiteko 250 hektareatako sagarra erabili da eta berrehundik gora izan dira sagargileak. Ezinbestekoa da sagarzaleen lana, Euskal Sagardoak aurrera egin ahal izateko, oinarria lehengaia baita eta profesionalizazio lan horretan ari da jatorri deitura, kalitatezko sagarra eta uzta orekatuak lortu ahal izateko.

Aurten, iaz baino sagardo gehiago egin da Jatorri Deiturara bideratuta eta 48 sagardotegik egin dute sagardoa, aurreko uztan baino 13 gehiagok.

Kapsula eta sagartxo gorria

Kontsumitzaileak merkatuan erraz identifika dezan, botila bakoitzak bere sagardotegiaren etiketa darama, baina Euskal Sagardoaren irudia izango du botilaren goikaldean, kapsula edo/eta lepoko sagar gorria. Bi bereizgarri horietako bat edo biak daramatzaten botilak bakarrik izango dira Euskal Sagardoa jatorri deiturako sagardoak.

Bestalde, kontsumitzaileak txotx garaian ere identifikatu ahal izango ditu Jatorri Deiturara bideratutako sagardoak kupelean, sagar gorria eta prezintoak izango baitituzte kupelek.

Jatorri deitura duten sagardo-botila guztiek bi ezaugarri nagusi dituzte. Alde batetik, Euskal Sagardoa %100 bertako sagarrez egindakoa da. Hori da, hain zuzen ere, jatorri deituraren helburu estrategikoetako bat: bertako sagarraren aldeko apustua sendotzea eta bultzatzea. Horretarako Euskal Herriko 115 sagar mota desberdin onartu dira.

Bestetik, bigarren ezaugarria kalitatearekin lotuta dago. Euskal Sagardoa jatorri deitura duten botila guztiek kalitate-bermea izango dute. Fraisoro Laborategian egiten dira kalitate frogak, bai fisiko-kimikoak eta bai organoleptikoak. HAZI Fundazioak egiaztatuko du prozesu osoa, hasi sagastitik eta botilaren salmentara arte.

Kontsumitzaileak, beraz, Euskal Sagardoaren jatorri deitura duen botila bat erosten duenean, ezaugarri horiek biak bermatuak izango ditu: tokikoa eta kalitatezkoa.

Egitasmo honetan hasieratik parte hartu duten eragile guztiek nabarmendu dutenez, sektorea batu izana da Euskal Sagardoa jatorri deiturak lortu duen helburu nagusietako bat, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen elkarte guztiak, hiru herrialdeetako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza batu baitira jatorri deiturari bultzada emateko eta horren erakusle da geroz eta sagarzale eta sagardogile gehiago ari dela proiektuan sartzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!