Sagardoa eta bertsoa, ogibide eta pasio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 26a, 01:00

Etorkizunera begira datu esanguratsua bota du Unai Agirrek: Gipuzkoan, azken bi urtetan, 47 sagasti hektarea berri landatu dira, datu handia da inondik inora. Hektarea berri horiek hemendik 8-9 urterara ekoizpenean sartuko dira, kalitatezko sagardoari bultzada emanez.

Aurtengoa, uzta historikoa izan dela diozue...
Holako uztarik ez dut ezagutu, handia izan da! 2008 eta 2015ekoak ere itzelak izan ziren, baina ez honen adinakoak. Horrek erakusten digu, batetik, noizbehinka antzeko uzta historikoetara ohitu beharko garela. Eta aldi berean, erakusten digu sagardogileak sagarra asko ari direla landatzen, eta dena ekoizpenean sartzen ari direla. Euskal Herrian aurtengoan hamabi milioi eta erdi litro sagardo egin badira, %80a bertako sagarrarekin egin da. Izugarrizko datua da hori.

Gainera, Jatorri Deituraren ikuspegitik, esan daiteke hamabi milio horietatik lau milioi jatorrizkoak direla. Bigarrengo uzta izan da hau; aurrenekoan, 1.320.000 ekoiztu ziren. Ez da ahaztu behar sagar guztiek ez dutela balio, nahiz bertakoak izan. Kontrola eta kalitatea aplikatu behar zaie.

Kalitatea goiburuan daukazue. Uztargarriak dira kalitatea eta herrietan eta auzoetan azken urtetan zabaldu diren sagardo txapelketak, dastaketak edota jaiak.?
Bere garaian, sagardo dastaketak eta lehiaketak sagardogileek beraiek bultzatu izan zituzten, eta mesedegarriak gertatu ziren sagardoaren kultura zabaltzeko. Baina iruditzen zait, gaur egun hausnarketa baten premian garela guztiok ere. Jai horietako batzuk –Urnietan usadiozko sagardoarekin egiten dena Santomasetan, konparazio batera– oso egokiak eta babestekoak dira, baina beste batzuk akaso ez diote pruduktuari behar adina balore ematen. Jaien antolatzaileek eta sagardogileek, denok elkarrekin mintzatzeko tartea topatu beharko genuke.

Sagardoaren denboraldi berriko kontuek bat egin dute BECkeko finalarekin eta bere ondorioekin. Zenbat aldatu zaizu bizimodua bertsolari gisa?
Azken aldian gehiago azaldu da nire burua plazatan, intentsitate berezia antzeman dut. Oparia izan da finala niretzat, eta ongietorriak dira kantatzeko jasotzen ditudan deiak. Uneari zukua ateratzen saituko naiz. Baina ez nuke esango egoerak aldatu nauenik. Badakit arintzen joango dela oraingo zurrunbiloa, eta kontziente naiz plazatan ibiltzeko nire neurria ondo hartuta daukadala. Familia eta lanbidea dauzkat, eta horiek ezin ditut ahaztu.

Finalean sartu izanak, jendearen ahotan bereziki egotea ekarri zizun...
Kale mailan bai! Biribila, polita izan da Hernaniko bertso eskolako kideentzat. Lau kide, finalean! Gainera, bi hernaniar bertan izateagatik, nabaritu dut ondorengo asteetako zurrubilo hori. Ezin kalean lasai ibiltzerik!

Mendiluze eta biak hamar urte besterik ez zenutenean hasi zineten elkarrekin plazan kantari. Ez al zaizu iruditzen txapelketak balio izan duela zuek biek bertsozale ugariren estimazioa lortzeko?
Nik pertsonalki ez du horrela bizi. Behin finalera iritsita, egia izan liteke pixka bat jendearen begien aurrean jarri naizela, “hau ere hor zegok” esateko moduan. Baina iruditzen zait erlatibizatzen jakin behar dela une jakin batean lortu litekeen oihartzuna. Aitorren kasuan, ordea, ez dut ukatuko deskubritze kontu horretatik zerbait gertatu ez denik. Bertsoaren mundukook bagenekien Aitor bertsolari puska dela, baina ematen du orain kontsagratu egin dela, jende asko jarri baitu, “hau oso handia dek” esaka.

Ba al daukazu bertso saiorik eskualdean, epe laburrean?
Gogoan dudala, gutxienez bi bertso saio behintzat bai. Datorren urtarrilaren 28an Aitor Mendiluze eta biok ENBA baserritarren sindikatuarekin kantatzekoak gara Urnietan; eguerdi parteko ekitaldian lehenbizi, eta Eula sagardotegian bazkaritan gero. Sahararen alde Andoaingo Basteron egiten den saiorako ere konpromisoa hartuta daukat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!