Inauterien iragarpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 26a, 01:00

Larunbat honetan, Axeri dantzarien Puska Biltzea biziberrituko dute Sorabillako auzoan. Axeriak eta txistulariak goizeko 08:00etik aurrera inauteri giroa zabaltzen arituko dira, dantza eta umorea nagusi izanik.

Inauteriak badatozela iragartzeko baliagarri izan ohi da  Puska Biltzea. Haien atzetik iritsiko dira Kaldereroak, otsailaren 3an, eta mozorrotzeko egunak, otsailaren 8tik 11ra. Andoainen eta Urnietan, larunbatarekin ospatzen da inauterietako egun handia.

Axeriak eta txistulariak, goizean goiz, baserriz baserri ibiliko dira. Baserri atarietan dantza egin, eta ordainetan, baserritarrek otordutxoa eskainiko diete. Aspaldiko ohitura da Andoainen, urte luzez ahaztuta izan zena. 2013an berreskuratu zuten, Axeri Dantzaren aldeko elkartearen eskutik. XXI. mendeko puska biltzean urte bakoitzeko baserri-auzo ezberdinean egin ohi da. Aurreko urteetan Leizotzen, Buruntzan eta Goiburun izan ziren, eta aurtengoan Sorabilla auzunearen txanda izango da.

Axeriek San Juan eguneko blusa gorria oinarritzat hartzen badute ere, aurpegia zapiekin estali ohi dute. Eta axeri dantzariak axeri mozorrotuak direnez, blusari axeri edo ardi larruak eramaten dituzte soinean. Zirikatzaile lanetan aritzeko maskuriak, erratzak, sardeak edota makilak hartzen dituzte. Itxaferoen hotsen bidez, baserri batera hurbiltzen ari direla iragartzen dute.

Ekitaldia eguerdiko 12:30ean, Sorabillako plazan
Puska Biltzea ikusi nahi duten andoaindarrei oharra: Goizetik auzoko baserri gehienetan bisitaldia egon ostean, eguerdiko 12:30-13:00ak ekitaldi berezia egingo dute Sorabillako plazan. Auzoko Jai Batzordeko kideek, gainera, hamaiketakoa denentzat prestatuko dute. Dantzariei, nola ez, eta baita ikuskizuna ikustera hurbilduko direnei ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!