“Bizikidetzaren hainbat ertz erakusten saiatu gara”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 26a, 01:00

Aiora Zulaika “Pirritx” bilakatzen da taula gainean. Asteburuan, “Borobilean” ikuskizuna eskaintzera datoz Basterora.

Garrantzia handia hartzen du grafismoak muntaia berrian.
Taldeak jada hogeita hamar urteko ibilbidea egin du, eta Tolosako Bonberenea Gaztetxeak hogei. Ideia horretan sortu da musikaren soinu eta estetika gaztetxero eta rockeroagorako joera, Joseba Poncerekin eta Karlos Osinagarekin landu duguna. Estetikan eta musikan egin dugun lanketa izan da.

Lan berrian hizpide dituzue umeen kasketak. Nolakoa izan da lanketa prozesua?
Hizpide hartu dugu egun hain modan dagoen adiera: bizikidetza. Hori bai, beraien hizkuntzara egokituta. Askotan galdetzen dute: Nork agintzen du etxean? Kalean? Eta eskolan? Egunero suertatzen zaizkigun gatazka txiki horien soluziobidea irudikatu nahi izan dugu. Uxue Alberdik oso ondo lagundu digu gai hori lantzen, lau ipuintxotan. Haurrari zail egiten zaio demokrazia edo diktadura moduko terminoak ulertzea, baina modu sinplean azalduz gero erraz ulertzen du. Eta borobil txikietan gatazka txikiak konpon daitezkeen bezala, hainbat borobiletan bildu beharko ginateke gatazka handiagoak konpontzeko ere.

Bizikidetza, familia edo elkarrizketa adierekin laburbildu daiteke ikuskizun berria?
Bai. Baita lagunartea, elkar ulertzea eta enpatiarekin ere. Uxue Alberdik borobiltzen lagundutako esaldi batean laburbiltzen dugu borobilean ikuskizuna: Lurrean borobilean eseri gara denak elkarri begira: nork bere mina, nork bere desira… tirabirak tirabira borobila elkarrizketan ari da! Hori da funtsa. Hamabi abesti rockerotan, batzuk dantzagarriagoak eta beste batzuk lasaiagoak. Bizikidetzaren hainbat ertz eta ikuspegi erakusten saiatu gara, beti ere aurrean ditugun haurren begietatik.

Guinness liburuan egon beharko zenukete, ez baita munduan inor zuek bezainbeste musu eman dituenik.
Urteetan plazaratzen ditugun ikuskizunetan, saioa amaitu eta gero jasotzen dugun goxotasuna, txalo zaparrada, besarkadak..., Horrek ez dauka ordainik. Oso exigentea da gure lana, baina oso esker onekoa. Oso eskertua sentitzen dugu gure burua Euskal Herriko lagunek han eta hemen erakusten diguten maitasun guztiagatik. Nahiz eta Guinness liburuan ez azaldu, berdin dio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!