Guztion ondarea berreskuratzeko auzolana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 27a, 01:00

Urrian kendu zuten elizako ordularia. 120 urte dituen altxorra da, eta behar dituen zaintzak emateko, larunbatero aritzen dira auzolanean, Betani etxean.

Ikusgarriak izan ziren ordularia San Pedro elizako kanpandorretik jaisteko lanak. Duela 120 urte Ygnacio Zubillagak Albizturren egindako ordularia, garabi handi baten laguntzarekin jaitsi zuten, zaharberritzeko. Betani etxera eraman zuten, zaharberritze prozesua aurrera eramateko eta hantxe elkartzen dira, larunbatero, Asteasuko ondarearen zati den ordulariari beharrezko zaintza guztiak emateko.

 

Auzolana

Auzolanean ari dira erlojua zaharberritzen. Lehendabiziko egitekoa erlojua garbitzea izan zen. 120 urtetan pilatutako koipe eta hautsa kenduta, dizdira itzuli diote makinariari. Erlojua askatuta, eskuilaz txukundu dute pieza bakoitza, kobreak berez duen dizdira atera araziz. Esferak berriz, Sebastian Mujikak karrozeroak margotu eta txukundu ditu. Aitor Villa erlojugilea da, eta berak gidatzen ditu auzolan lanak. “Lehendabiziko fase horretan jende askok hartu zuen parte, bakoitzak zuen denboraren arabera. Azalpen txiki batzuk emanda, erraz egiteko moduko lana zen. Orain, beste fase batean sartuta gaude. Ordularia muntatu egin dugu. Arazo ezberdinak sortzen joan dira bide honetan, eta pixkanaka, irtenbideak bilatzen saiatzen gara”.

 

Elkarrekin ikasten

Bide aberasgarria izaten ari da auzolanarena: “Asko ari gara ikasten. Alde batetik, gisa honetako erloju guztiak ezberdinak dira eta zaharberritze lanean, arazo bakoitzari irtenbide egokiena bilatu behar zaio. Bide horretan asko ikasten da, zalantzarik gabe. Bestetik, noski, elkarlana bera ere oso aberasgarria da. Ideia ezberdinen trukaketa egitea, lan egiteko modu ezberdinak ikustea…, oso polita izaten ari da”. Asteasuko erlojuak duen garrantzia azpimarratu du Aitorrek: “Herri askotan ordulari zaharrak kendu eta berriak jarri izan dira. Ordulari zahar haiek bazter batean daude kasu batzuetan, desagertuta beste askotan. Asteasukoa zaindu ahal izatea gozatua da”.

 

Dokumentatze lana

Auzolanean aritzen diren egun bakoitzean, egiten dutenaren berri zehatza jasotzen dute. “Prozesu osoa dokumentatu beharra dago; oso garrantzitsua da hori, biharko egunerako. Ordularia zein egoeratan zegoen jaso behar da, eta baita pieza bakoitzarena ere. Konponketa guztien berri zehatza ere jaso behar da, bai idatziz, baita argazki bidez ere. Peio Izagirrek hartu du ardura hori. Lan handia da, baina oso beharrezkoa. Etorkizunean ordulariak beste zaharberritze prozesuren bat edo konponketaren bat behar badu, jakin dezatela aurrez zein arazo izan dituen eta zein konponbide bilatu diogun arazo bakoitzari”, azaldu du Aitor Villak.

 

Pieza berriak

Zaharberritze prozesuan, erabaki ezberdinak hartu behar izan dituzte, taldean. Aitorrek azaldu duenez, “ordulariaren ardatzetako zorroak, edo kaskilloak, esaterako, nahiko egoera kaskarrean zeuden. Gure artean hitz egin ondoren, pieza berriak egitea erabaki genuen. Orain, pieza berri horiek egokitzen ari gara, ordulariaren makinaria modu egokian ibil dadin. Izan ere, pieza bakar batek ordulari osoari eragiten dio, eta lan handia eskatzen du”. Ordulariaren makinaria montatzen dutenean pendulua jarriko diote. “Horretarako, altuera batean jarri beharko dugu makinaria, penduluak batera eta bestera mugitzeko nahikoa toki izan dezan”.

Oraindik ere lana emango die elizako ordulariak: “Denbora beharko dugu guztia behar bezala jartzeko. Auzolanean aritzeak desabantaila txiki hori ere ekartzen du; bakoitzak ahal duen heinean eskaintzen dio denbora ordulariari eta zaharberritzea prozesua geldotu egiten da. Nolanahi ere, gauzak presaka egitea baino askoz ere hobea da ondo egitea, eta halaxe ari gara”. Zaharberritze lanetan, Aitorrek oso argi du beti utzi behar dela atzera pausoak eman ahal izateko aukera zabalik. “Gure herriko ondareaz ari gara, eta oso garrantzitsua da egindakoa desegiteko aukera irekita uztea, badaezpada ere”.

Egonkortzea

Betani etxean ordularia erabat zaharberritzeko prozesua amaitzen dutenean, elizara eraman eta beste prozesu bati eman beharko diote hasiera: “Bere tokian jarri eta kanpaiak eta gainerako elementuekin elkartu beharko dugu. Litekeena da makinaria erabat egonkortu eta bere onera etorri arte, arazo txikiak sortzen joatea. Ordua pixka bat atzeratu edo aurreratzea, esaterako. Hasieran oso gainean egon beharko dugu. Hortik aurrera, beharrezkoa izango da mantenimentu ona egitea ere, ordularia egoera ona egon dadin”, azaldu du Aitorrek.

 

Erlojugilearen biloba

Auzolanean dabiltzanen artean, hutsik egiten ez duenetakoa da Pedro Zubillaga. Ygnazio Zubillaga erlojugilearen biloba da. Berak ez zuen aitona zena ezagutu, baina aitarekin egokitu zitzaion erlojuren bat edo beste konpontzera joatea. “Nire aita zenak eta bi osabek lantegia jarri zuten, baina ez zioten eutsi erlojugintzari. Nolanahi ere, aitonak jarritako erlojuek arazoren bat zutenean beraiei deitzen zieten, eta konponketak egitera joaten ziren. Mutil-koskorra nintzela, behin baino gehiagotan joan izan nintzen aitari laguntzera”.

Asteasuko ekimenaren berri jakin zuenean, ez zuen zalantzarik egin, eta parte hartzera animatu zen. Urrian, gertutik jarraitu zituen erlojua kanpandorretik jaisteko lanak, eta orain, hutsik egin gabe joaten da Betani etxeko auzolan saioetara: “Duela 120 urte nire aitonak egindako ordulariarekin lanean aritzea oso pozgarria da niretzat. Lan ikusgarria egin zuen garai hartan, eta guri zaintzea egokitzen zaigu”, adierazi du.

120 urte
{{IMG-39996}}

Ygnazio Zubillaga Orexan jaio zen 1868 urtean, eta mutil koskorra zela, Betelura joan zen, ofizioa ikastera. Yeregitarrekin egindako egonaldian, errementaritza ikasi zuen. Yeregitarrak, ordea, ordulariak egiten ere iaioak ziren, eta hantxe ikasi zuen Ygnaziok, erlojugintza. 20 urterekin egin zuen bere lehen ordularia. Albizturren ezkondu, eta bertan jarri zuen tailerra Ygnaziok. Errementaritzan eta erlojugintzan aritu zen batik bat.

Asteasukoa, berak egindako seigarren erlojua izan zen eta oraindik ere makinarian garbi irakur daitekeenez, 1896an egin zuen, Albizturren. Garairako oso aurreratua da erlojua. Zortzi egunez behin eman behar zaio giltza, eta orduoro ez ezik, ordu-laurdenero ere jotzen ditu kanpaiak, baita Angelusa eta Abemariak ere.

San Pedro elizan jarrita badago ere, Udalaren jabetzakoa da eta Udalak bultzatu zuen auzolanean berritzeko ekimena. Lanak amaitzean, kanpandorrera itzuliko da, beste hainbat urtetan orduen berri ematen jarrai dezan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!