Hitzartu, erraustegiaz harago doan ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 26a, 01:00

Gipuzkoarrak hondakinen gaineko partaidetza-prozesura eraman nahi dituen ekimenak herriz herriko aurkezpenei ekin dio urtarrilean. Autofinantzaketarako faseak ere egunotan bilduko du uzta.

Hitzartu ekimenak 2016ko ekainean du jatorria, Jose Ignazio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen diputatu izendatu berri, hondakinen gaineko plangintza berri bat agindu zuenean. Horrek prozesu parte-hartzailea ekarri behar zuen legez, baina halakorik burutu gabe ekin zitzaion Zubietako errauste planta eraikitzeko lanari, eta GuraSOS ekimenak, etsitzetik urrun, bere kabuz egingo zuela erabaki zuen. Halaxe sortu zen Hitzartu, alegia, etxeko hondakinen politikan parte hartzeko plana, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen laguntzaz diseinatua, autofinantzatua, eta urte osoan eskualdeetan barrena luzatuko dena. Informazioa zabaltzea eta jasotzea, gipuzkoar guztien iritziak biltzea eta horren araberako txosten integrala osatzea ditu helburu.

Joseba Belaustegik filologiari heltzen dio ekimenaren zentzua azaltzeko: “hitzartu edo adostu, ezin garelako gatazka amaiezinean egon; sendotu eta sendatu egin behar dugulako, leloak dioen gisan”. Era berean, hitza hartzearen garrantziaz ohartarazi nahi du izenak:  “instituzioa gotorleku bihurtu da, herritarrengandik urrun eta beldur bizi da, baina ba al da demokraziarik herritarrik gabe? Hitza eskaintzen ez badigute, hartu egin behar dugu. Hitzartuk dakarrena duintasun ariketa bat da”. Ariketa bat, zeinaren bidez “gipuzkoarrek beren indarraz jabetu beharko luketen”.  Era berean, mobilizazio prozesu bat izango da, “baina ez hitzaren zentzu zaharrean, ez baitiogu inori ezer eskatuko. Parte-hartzea bera izango da mobilizazioa”.

“Jarrera kontua ere bada”, dio Gurasos elkarteko lehendakari Joxemari Izetak, “agintariek ez dute parte-hartze prozesurik egin, iritzia ematea ukatu zaigu, eta zer egin behar dugu? Horrela bukatu behar al du kontuak? Ikusteko dago prozesua noraino iritsiko den, baina ez dugu behintzat, horrela utziko, honezkero dena alferrik dela pentsatuz”.

Partaidetza proiektuan ertz guztietatik erreparatu nahi zaio errausketaren gaiari, ez osasunaren aldetik soilik, baita ekonomiaren ikuspegitik ere; “bereziki etorkizunera begiratu nahi da, erraustegiaren hipoteka 35 urterako izango baita”, jarraitu du Joseba Belaustegik. Horren ondorioz, arreta berezia eskainiko zaio gazteen iritziak eta irizpideak biltzeari.

 

Bi mahai eta berme batzorde bat

Hitzarturen lehen oinarrizko helburua, herritarren parte-hartzea da, ahalik eta iritzi gehien biltzea. Bigarrena, berriz, zaborren gaineko plan integrala idaztea litzateke, hau da, arazoari bere osoan eta esparru guztietatik helduko dion txostena osatzea: “zaborrak nola bildu eta tratatu nahiko liratekeen ez ezik, prebentzioa ere kontuan hartu beharko du planak, hau da, horrenbeste hondakin ez sortzeko zein neurri hartu beharko liratekeen ere aztertu beharko da”. Funtzionatzeko moldeari dagokionez, bi mahai eratuko dira. Mahai sozialak, herritarren iritziak bilduko ditu, eta ondoren, mahai teknikoaren esku utziko ditu, adostasun handiena lortu duten irizpideen araberako oinarriak idatz ditzan. Osasun publikoan, hondakinen kudeaketan, ekonomian nahiz beste hainbat esparrutan adituak batuko dituzte mahai teknikoan.  Berme batzordea ere izendatu da.

“Zoritxarrez, herri honetan, zein etiketa daramagun begiratzen zaigu denoi, zein markakoak ote garen. Galga ikaragarria da, baina hala da eta kostako da gainditzen”. Halaxe justifikatu du berme batzordearen premia, Joseba Belaustegik. “Konbentzituta daudenak ez ezik, gainerako guztiak ere erakarri nahi baldin badira, ezinbestekoa da prozesua bermatzea”, gaineratu du Joxemari Izetak. Izen ezagunak eta beren alorretan estimatuak bildu dituzte bertan, guztira sei: Pedro Ibarra, zientzia politikoetan katedraduna; Garbiñe Biurrun, epailea; Ernesto Ganuza, soziologian doktorea; Juan Jose Alvarez, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna; Esther Larrañaga, abokatu eta politikaria; eta Bernardo Atxaga, idazle, euskaltzain eta ekonomialaria.

Sei lagunon esku, beraz, lanaren seriotasuna bermatzea, eta prozesua gardena dela ziurtatzea, “esandako helburuak beteko direla, eta ez besterik”, zehaztu du Belaustegik. Azken bermea, bestalde, autofinantzaketak eskainiko du, Hitzartu,  inongo baldintzarik onartzen ez eta independente den seinale.

 

Etsipenari aurre egin beharra

Zubietako errauste planta, ordea, eraikitzen ari dira dagoeneko, eta lanek aurrerabide azkarra bilatu dutela ikusirik, prozesu luzeegia antolatzea lepora dakioke Hitzarturi. Partaidetza prozesuak ezertarako balioko ote duen galdetzea ere, saihestezina da. “Hitzartu ez da obrak gelditzeko, herritarrek azken hitza izan dezaten baizik”, argitu du Joseba Belaustegik, eta gaineratu: “Errauste planta eraiki egingo da”. Baina 35 urterako aurreikusita dauden azpiegitura horien kostuari erreparatuz gero, “eraikitze faseak kostuaren %25 hartuko du, eta gainerakoa, %75, funtzionamenduari dagokio. Aukera guztiak jarri behar dira mahaian, funtzionatzen jartzea eta ez jartzea ere bai. Zentzurik ez du berez, baina horrainoko erokeriaraino iritsi gara”.

Errealitatea estaltzerik ez dagoela azaldu du Joxemari Izetak: “baina ez da legitimoa, egin ala ez egin erabakitzeko aukera ukatu digutelako. Hitza har dezagun eta erabaki dezagun behintzat, berresten dugun edo ez”. Erraustegia eraikitzeko lanari ekin ziotenean, jende asko etsiak jo zuela gaineratu du Izetak: “Borroketan normalak dira makalaldiak, eta horrela hartu behar dira”. Hala eta guztiz ere, substantzia nahikoa ikusten du Izetak, lehengo sugarretatik berriro ere sua pizteko, jende asko ikusten dutelako haserre edo kezkatuta, “eta jendeak, eskaintzen zaion erronkak garrantzirik baduela ikusiz gero, suspertuko dela esango nuke. Hori ere bada geure lana”.

Bestalde, gauzak agerian jartzeko ere balio beharko luke Hitzartuk, informazio falta handia ere badagoelako, bereziki erraustegiaren gainean. Joseba Belaustegiren aburuz, “gezur potoloak esan dira. Adibidez, Gipuzkoako zaborra besterik ez dela erreko, baina ez da egia. Kontratuan jartzen du baimenean jasotakoa erre daitekeela. Baimenak, berriz, zein zabor mota erre daitekeen azaltzen du, baina ez du esaten zaborrak nongoa behar duen izan. Berez, 200 mila tona erre ahal izango dira urtean, Gipuzkoak 20.000 besterik sortzen ez baditu ere”.

 

Europako bidea

Gurasos-ek bi gai ditu Europako auzitegietara bidean. Lehena prozesu parte-hartzaileari dago lotuta, eta Espainiako auzitegi gorenean dago momentuz. Hango ebazpena heltzen denean, Auzitegi Konstituzionalera joko dute, eta hura eta gero, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joango dira. Sei urte luze izan litezke guztira, beraz auzitegiak ez dira hondakinen kudeaketan sortu den arazoa konpontzeko bide gisa planteatzen. “Horrek ez du gure gaia konponduko, denok dakigu zein elite babesten duten auzitegiek. Bide horri herritarren duintasuna aldarrikatzeko heldu zaio, Europaraino edo behar den tokiraino ere helduko garela adierazteko. Parte-hartzearen aldeko epaia aterako balitz, demokrazia-maila hobetzeko balioko du”.

Bigarren gai bat ere badute Europako auzitegietara bidean. “Kontratuak lotzeko ingeniaritza juridikoaz baliatu dira, hau da, amarruak egin dituzte, eta horiek Europan salatuko ditugu. Zer dugu geure alde? Mekanismo horien bidez, defizit publikoari egin diote iruzur. Greziarrei erakutsiko dizkiegu amarruok, defizit publikoa dela-eta, gerrikoa estutu behar dutela esaten zaielako etengabe. Ez dakigu ezer mugiarazterik izango ote dugun, baina hotsa aterako dugu behintzat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!