Jokin Lizeagak (Urnieta, 38 urte) harreman berezia izan du betidanik komunikabideekin. Sare sozialei muzin egiten die, borondate propioz, eta elkarrizketak ere tantaka ematen ditu. Aiurrik urteroko hitzordua eskatuta, "ez daukat zer asko kontatu", bota du. Baina zeozer badu, 32 minutuko grabazioa eman baitu fruitu solasaldiak. Harimutur asko ukitu ditu: korrikagintza, lesioak, aitatasuna, lana, seme-alabak, herria, jendearen balioak, boluntario jarduna, heriotza... Heriotzaren inguruan egiten dituen hausnarketekin eman nahi izan dio puntua elkarrizketari, Maritxu ama hil zela hiru urte bete direnean.
Pelikula bat izango balitz bezala, klaketa egin eta aurrera: "Zer kontatzea nahi duk?", galdetzaile Lizeaga. "Nahi dukena", erantzuna. 'Grabatzen!', eta hasi da. "2017a ondo joan da. Intza jaio zen otsailak 6an (hirugarren seme-alaba), 3-4 asteko baimena lortu eta apurtxo bat entrenatzeko aukera izan nuen, batez ere umearen karga edo neke handiena Ainhoa bikoteak eraman zuelako". Martxoan Tres Valles lasterketa korritu zuen La Albercan, Salamancan, "eta Miguel Heras bertako izarra garaitu nuenez, Espainiako atariko digitaletan eta nahiko oihartzun izan zuen nire garaipenak".
Astebete pasa zen, eta kalkaneo hezurra apurtu zitzaion Lizeagari, orkatilan. "Bi urte daramatzat borrokan hezur horrekin. Hezur edema edo kolpe bat daukat, eta azkenean apurtu egin zen". Edema edo inflamazioa korrika egitean astragalo eta kalkaneo hezurrek talka egiten dutelako sortzen da. Lesioa 2016ko apiriletik dator: "bihurritua eduki nuen, eta horrek halako hezur edema bat eragin zuen kalkaneoa eta astragaloan. Kalkaneoa fragilagoa da, eta hautsi egin zen". Teorian, gorputzak berak absorbitu edo osatu behar duen kontua izaten da hezur edema, "baina nire kasuan kontrakoa gertatu da. Susmoa dut dagoeneko ez dela desagertuko, berarekin bizi eta entrenatu behar izango dudala, zeren eta medikuek ez didate eperik ematen, eta medikuntza arloak ez du irtenbiderik ematen lesio hori osatzeko". Atsedena hartuta ere ez du bermerik edema desagertzeko, eta Jokin jakitun da gorputzari pasara handiak emandakoa dela. Horrek, epe luzera, bere koska ekarriko duela. Hilabete pare bat eman zituen geldirik, "ekaina arte edo. Txirriki-txarraka hasi nintzen, ekainean, eta bost karrera korritu ditut". Azkena Zeanurikoa, Gorbeia Suzien, Europako Txapelketa, urrian. Laugarren izan zen. Proba baino bi aste lehenago neumonia eduki zuen, "eta tripak-eta txikituta utzi zizkidan. Bukaeran ordaindu egin nuen, eta pena hartu nuen, ze banuen podiuma lortzeko erronka".
Kalkaneoa, neumonia... Lesio izurritea: Zahartzen ari ote da Jokin? "Baita, baita... 38 urterako noa dagoeneko. Zaindu ere ez naiz gehiegi zaintzen, denbora gutxi dudalako, entrenatu ere fundamentu handirik gabe... Goizetan lana, umeak jaso 16.30ean, ilunabarrean etxeratu egin behar haurrekin... zeregin asko ditut, eta dena egin nahi izateak dena gaizki egitea ekartzen du. Onartua dut orain lehentasuna bikoteak duela, batez ere lan arloan bera eszedentzian dagoelako haur jaio berria zaintzeko. Ordubete libratzen badut, ezin hobe, eta luzaketarik egin ez, dutxa ere aitaren batean... Egiten dudanarekin konforme nago, halere. Sarri, minarekin joaten da mendira: "Bai, bai, hor dago, ez da joaten. Egun batzuetan korrika egiten uzten egiten dit, besteetan ez...".
Korrikari denbora gehiago emateko gogorik ez du
Lesioak lesio, urteak urte, eliteko kirolaria sentitzen al da oraindik Lizeaga? "Korrikalari sentitzen naiz, inoiz ez bainaiz buru-belarri ibili mendi lasterketetan onena izateko asmoz. Sasoi puntu ona azkar lortu izan dut, eta horri esker, asko egin gabe nahiko puntan ibili izan naiz. Lesioek-eta errespetatzen ba naute, esperantza badaukat oraindik Zegaman, edo Munduko Kopan aurrera samar ibiltzeko. Euskal Selekzioak konfiantza izaten segitzen du nirekin, eta hori ere lagungarria da niretzat. 2-3 hilabete onekin goi mailan ibil naiteke, eta horretan nabil, esfortzu ikaragarririk egin gabe kirolari guztiok gure egoa elikatzeko behar ditugun emaitza on horiek lortu asmoz".
Egin beharreko sakrifizioak onartzeko modukoak diren bitartean, jarraitu egingo du Jokinek, buruz-eta indartsu sentitzen baita. Emaitza onekin bada, aurrera. Ez bada, berdin. "Konsziente naiz hauskor nagoela fisikoki, eta akaso erretiratzetik gertuago nagoela, elitean ibiltzetik baino, baina azken bi urteetako joera aldatzea espero dut... Urte berriari 6-8 hilabetez saiatzeko tartea eskatu nion, eta ea ba, zer pasatzen den. Gorputzak bale esaten didanean oinez ibiliko naiz eta kito", dio ziurtasun osoz.
Grinarik ez dauka, lasterketei denbora gehiago eskaintzeko: "Ez. Jendeak galdetu izan dit, serioago hartu entrenamenduak eta... Mendi lasterketek eman didate eman beharrekoa, asetu naiz, eta egindakoarekin zoriontsua naiz. Europako lehena edo laugarrena izan, nire bizitza ez litzateke asko aldatuko: umeak zaindu, noizbehinka mendia edo hondartzara joan... ez naiz anbiziosoa. Orain egoki ikusten dudan denbora ematen diot: astean 4-10 ordu bitarte, eta ez diot gehiago eskainiko, horrek umeak zaintzaile batekin egotea ekarriko bailuke". Kirola hobby modura hartzen du Lizeagak, "eta ez kosta ahala kosta hobetzeko erronka modura".
Kirol prestatzailea
12-15 lagunen prestakuntza gidatzen du. "Batzuk kirolari onak, selekzioko kideak gehienbat, eta besteak, herrikoiak. Txukun egiten saiatzen naiz, eta haien lorpenek ere ematen didate halako poza". —abardura garrantzitsu batekin: "Erotu gabe. Exigentzia muga antzekoa dute biek, handia. Bai ondo dabiltzanak, baita hainbestean dabiltzanak ere, zoritxarrez". Lizeaga jendeak hankak lurrean izan ditzan saiatzen da: "sare sozialetan ego handia edukitzeak ez duela bere bizitza hobetuko esaten diet". Obsesio edo morrontza puntu bat antzematen du kirolariengan, esaldi gordin batekin: "kirolarien artean hobetu behar hori XXI. mendeko izurritea dela esango nuke. Saiatzen naiz aholkatzen, baina ez da lantegi erraza, jendea egoskorra da". Lizeagaren ustez, jendea itsututa dago kirol lorpenekin, "lorpen garrantzitsuenak beste batzuk direla jabetu gabe: aita ona izatea, lagunekin egotea, zure lanbidea... Sare sozialetan-eta dena da marka, 'hau egin dut', 'hurrena beste hori egin behar dut', eta agian bestelako mezuak zabaldu beharko genituzke: 'klase ona eman dut' nire kasuan, edo 'Iparlat-eko makina konpondu dut', edozein langileren kasuan. Gizarteak kirol markak baloratzen ditu gehiago, eguneroko gauza sinple baino garrantzitsuak baino".
Boluntario jarduna krisian
Lizeaga Zanpatuz mendi elkarteko sustatzaileetakoa da, eta urtetan han eta hemen lagundu izan du. San Silbestre egunean ere aritu zen Poxta Zahar laguntzen, eta lasterketa hori antolatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, analisia egin du: "Boluntario lana ez da baloratzen. Urnieta beti izan da beste herri batzuk baino pasiboagoa, ez hain aktiboa, baina ni neu ere pasibo izan naiz azken urteetan. Ahal izan dudanean laguntzen dut, baina jabetuta nago eroso bizi nahi dugula, eta etekin pertsonala lehenesten dugula, etekin kolektiboa baino. Musu truk aritze hori garesti dago egungo bizitzan".
Hasi da, eta ez da berehalakoan isildu: "Urnietan mountain bike lasterketa zegoen, Adarramendikoa, Herri Bira... denak desagertu dira. San Silbestreko gazteak ere ez dira jende soberarekin ibili, eta pentsatzen dut IÒistorra edo dantza taldeetan ere antzeko izango dela. Zanpatuzen ere halamoduz gabiltza, 140 bazkide eta antolaketan 3-4 lagun... Jendeak dio 'Urnieta hala izan da betidanik', arrazoi osoz, baina pena da hala izatea". Zergatiak aztertzeko modukoak omen dira: "Udalak bere erantzukizun partea izango du, eta herritarrek berea. Denok nahi dugu korri egin, parte hartu, eta antolatu ez. Boluntario jarduna zail dago, eta okerrera egingo duelakoan nago. Adibide argiak daude, errauskailuaren kasua, adibidez... Egon zen mugimendua, gaur dagoeneko itzalean dago. Azterketa sakona egin beharko da, orokorrean, baina herritarren aldetik, gehiago, ez baitut uste Udalak herrigintza edo boluntario lana sustatzeko behar handirik duenik".
HAURRAK ETA MARITXU AMA
Hiru haurren guraso dira Jokin eta Ainhoa Jauregi bikotea: Lide, 7 urtekoa, Negu, 3koa, eta Intza, 11 hilabetekoa. Hirurekin bale? "Nire asmoa zen edo bat ere ez, edo asko, eta hiru baditugu. Hiru kopuru egokia da, lan handia ematen digute. Polita izan da, batez ere 2017 hau, Intzak aitari kaso egin diolako. Beste biek ama izan zuten begi bistan, Intzak ni ere existitzen naizela erakutsi dit, eta besteekin izan ez nuen harremana bizitzen ari naiz berarekin. Beste biak ere aitarekin gogoratzen dira, handitzen ari baitira". Ez daki besteren bat etorriko ote den, "baino igual bai, batek daki". Jatorrak eta irrifartsuak direla dio.
Bizitzaren hasiera eta amaiera, gizakiaren ezinbesteko bi prozesu horiek lizeagatarren etxean gertutik eta batera bizitzea tokatu zaie.
Solasaldia Maritxu ama zenarekin gogoratuz bukatu nahi izan du Jokinek: "hiru urte dira, dagoeneko, ama joan zela"
–abenduaren 26an bete zen hirugarren urteurrena–. Aita hobeto dagoela dio, bi urte zail pasa eta gero. Korrika egiten duenean eta hausnarketa dezente egin izan ditu Jokinek heriotzari buruz, "eta iritsi naiz ondorio batzuetara: bere zoritxarrean, heriotza ona izan zuela amak, oso epe motzean bizitza on batetik heriotza etorri zitzaiolako. Niri ere heriotza halakoxea izatea gustatuko litzaidake. Alegia, ahalik eta gehien iraun, bizi kalitate onarekin, eta heriotza iristen denerako, ba bizi kalitate onetik agurrera ahalik eta denbora tarte txikiena pasatzea. Gogorra da ama galtzea, baina trantsizio hori ahalik eta azkarrena izateak, heriotza egokia izan zuela erakutsi dit. Nire lehen 38 urtetan nahiko bizitza ona egokitu zait, kalitatezkoa. Heriotza kontutan ere, zortekoak izan gara. Hiru hilabetetan utzi gintuen, eta hiru urte pasa eta gero, positibo ikusten dut. Guztioi iritsiko zaigu heriotza, eta prestatzen edo hausnartzen joatea ere ez da txarra". Esana geratzen da.