Oilagor-ehiza txapelketatan, Jon Urkaregi punta-puntan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 27a, 01:00

Andoaindarra Espainiako txapelduna izan zen 2017an, oilagor-ehizan. Bere ustetan, ‘Lur’ zakurrak dauka meriturik handiena lorpen horretan.

2017ko abenduan Espainiako txapelduna bihurtu zinen, baina gutxi iraun dizu tituluak…

Hala da, nahiko aldrebesa izan da gauza. Lleidan 2017ko urtarrilean zen jokatzekoa Espainia mailako txapelketa, baina atzera bota zuten elurtea zela eta. Errioxara eraman zuten lehia, abenduaren 2rako, baina orduan ere elurra gertatu! Azkenean, abenduaren 23an jokatu ahal izan zen, Almarza de Cameros herrian. Han irabazi nuen txapelketa. Orain dela gutxi, berriz, urtarrilaren 13an, 2018ko urteari dagokion txapelketa jokatu da, Sajako babesgunean (Cantabria). Oraingoan, atzera samar geratu naiz.

 

Egingo al zeniguke bi txapelketen kronika txikia?

2017koan lau partehartzailek berdinduta bukatu genuen, bina oilagor bota baikenituen. Nolanahi ere, nik tiro bana eginda bota nituen bitartean, besteek tiro gehiago egin behar izan zituzten; horri esker lortu nuen irabaztea. Aurtengoan, Lur zakurrak bost oilagor bilatu zizkidan, eta bi tiro egin nituen; bat bota eta bestea kale. Zakurra arrastoan ibili zen beste hiru oilagorrekin ere, baina horiekin ez nuen izan ikusi eta tiro egiteko aukerarik. Ni baino finago ibili zen zenbait ehiztari, eta ezin izan nuen igo podiumera.

 

Zertan datza oilagor-ehiza?

Oilagorra hegazti basatia da, sasietan-eta ezkutatzen dena. Geldi-geldirik egoteko sena dauka, inguruarekin mimetizatu egiten da. Nonbait, horrela egonda iruditzen zaio inork ez duela sumatuko. Nahiz eta zakurra inguruan sentitu, ez da mugituko. Gure arbasoek gorra zela uste izaten zuten, eta hortik oilagorra izena jartzea. Kantabrian, esaterako, sorda deitzen diote.

Oilagorra paseko hegaztia da, eta ehizatzeko denboraldia urritik otsaila bitarte luzatzen da. Komunitate autonomo bakoitzak bere txapelketa antolatu ohi du, eta lehen hiru sailkatuek Espainiakoan parte hartzeko txartela lortzen dute. Ehiztariak zakurrarekin hartzen du parte txapelketan; sei ordu irauten du lehiak. Piezak lortzeak bezainbesteko garrantzia du tiro kopuruak; hortaz, ez da komeni nolanahi tiroak botatzea.

 

Zer ezaugarri behar da lehian punta-puntan ibiltzeko?

Niretzat, zakurrari dagokio arrakastaren %80a. Muestra-zakurra deitzen zaio. Edozein zakurrek ez du balio lan hori egiteko. Normalki setter arrazako zakurrak erabiltzen dira oilagorretarako. Oso usaimen ona dute, eta ondo heziz gero ikasten dute ofizioa. Zakurrak badaki oilagorra dela bere saria, baina badaki, baita ere, bere kasa ez duela harrapatuko; beharrezkoa duela, oilagorra bilatzea eta usaintzea, harengana hurbiltzea eta ehiztariari itxarotea geldi-geldi egonda. Zakurrek soinua egiten duen aparatua eramaten dute, ehiztariari geldi daudela jakinarazteko. Nik ‘Lur’ zakurra eraman izan dut txapelketetara azken urtetan. Emea da, oso langilea eta leiala da eta bizkorra zeharo. Konplizitate handia daukagu biok.   

Zakurraren ezaugarriez gain, ehiztariak ere jarri behar du berea, jakina. Punteria eduki behar du, nondik nora ibiltzen jakin eta sasoia eduki, ez baita ahaztu behar ehizaldi batean kilometroak egiten direla mendian gora eta mendian behera; sei bat ordutan, 30 kilometro egin ditzakezu. Ehiza hitza aipatu, eta uso-pasako postuan dagoen ehiztaria etorriko zaio burura askori, baina gure ehiza motak zerikusi gutxi dauka irudi horrekin. Kirolera gehien hurbiltzen den ehiza mota da hau.

 

Zenbat zakur dituzu? Zeuk hazten dituzu?

Zortzi dauzkat etxean gaur egun, denak ehizarako bideratuta. Badira zakurrak hezitzen aritzen diren entrenatzaileak, baina normalki ehiztariok nahiago izaten dugu geuk hartzea eta heztea zakurra, kumea denetik. Gazteak eta zaharrak hartu eta mendira joaten naiz; zaharren laguntzaz, gazteei erakusten diet nola behar duen jokatu muestra zakur batek. Ordu asko behar dira ibili mendian, ikasten joan daitezen.

 

Maiz galdetuko zizuten zer daukan ehizak, zu hainbeste erakartzeko...

Lagunek eta ezagunek galdetzen didate, bai. Ehiztaria jaio egiten dela esan ohi da, eta ez dabil oso oker uste hori. Etxean, aita eta osabak beti sentitu izan ditut ehizarako joaerarekin. Zerk erakartzen ote nauen? Zaila da hitzez adieraztea. Bizikleta bueltaxka egitera atera, bidean euritan blai egin eta hotzak akabatzen geratu arren, gustura itzuli den kirolari horren antzera sentitzen naiz.   

Maiz egindakoa naiz, zera, taberna gauean itxi, goizeko 05:00etan jaiki, hiru bat orduko auto bidaia egin Huesca aldera, han sei bat ordu ibili ehizan, eta egun berean berriro tabernara lanera itzuli. Lagunekin, nahiz bakarrik. Piezaren bat harrapatu nahiz ez harrapatu. Baina pozik etxera itzuli! Hori nola esplikatzen den? Emozioa da sentitzen dudana. Esango nuke naturan barrena kirola egiten dudalako eta zakurrarekin nabilelako animatzen naizela ehiza modalitate hau praktikatzera. Badakizu noiz sentitzen dudan pena bakarra? Ezer ez ehizatuz gero, goiz horretan zakurrak ezin duenean saririk jaso.

 

Ehizarako grina familiatik datorkizula diozu, Jarraipenik semeekin?

Zakurrak, osasuna eta gogoa dauzkadan bitartean, segituko dut. Bi semeetatik txikiena da zaletasuna erakutsi duena, oraingoz behintzat. Behin edo behin eraman dut nirekin goiz pasa, leher eginda itzuli da etxera baina ez da kexatu. Nik ez dut behartuko ez bata ez bestea, nahi duten bidea egin dezatela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!