16 zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduk udal aurrekontuen proposamenari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

Prentsa ohar bidez  jakinaraz duenez, 2018rako Udal Aurrekontuak aztertu ondoren, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak hainbat zuzenketa edo hobekuntza aurkeztea erabaki du.2018ko udal aurrekontuak, datorren urtarrilaren 29an, astelehena, 19:00etan izango den Udaleko osoko bilkuran jorratuko dira. EH Bilduren prentsa oharra:

2018rako Udal Aurrekontuak aztertu ondoren, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak hainbat zuzenketa edo hobekuntza aurkeztea erabaki du. Zuzenketa proposamen hauek pasa den astelehenean izandako Ogasun Batzordean azaldu zitzaizkien beste alderdi politikoei eta zuzenketen azalpen zehatzak biltzen dituen dokumentua asteazkenean aurkeztu zuen ofizialki EH Bilduko udal-taldeak.

2018ko udal aurrekontuak, datorren urtarrilaren 29an, astelehena, 19:00etan izango den Udaleko osoko bilkuran jorratuko dira eta EH Bilduk egindako zuzenketa proposamenak ere bilkura horretan eztabaidatu eta bozkatuko lirateke.

Zehazki 16 zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk eta jarraian hauen azalpen orokor bat egingo dugu:

Larreako parke estaliaren proiektua 2018an gauzatzea

Ikuspuntu ekonomikotik hau da egindako proposamenik garrantzitsuena, izan ere, proiektu hau behingoz egikaritzeko 201.000 euroko aurrekontua jarri du mahai gainean EH Bilduk. Zuzenketa honekin, borondatea izanez gero, parte hartze prozesu baten ondoren herritarrek zuzenean aukeratu zuten eta herriko espazio bat estaltzeko eskaera historikoari erantzuten dion proiektu hau, aurten egin daitekeela frogatzen da. Orain arte PNVk diru falta jarri du proiektu hau ez gauzatzeko aitzakia gisa, baina EH Bilduk erakutsi du hirigintza saileko beste hainbat inbertsio txiki murriztearekin nahikoa litzatekeela, zalantzarik gabe herritarrentzat lehentasunezkoa den obra hau egin ahal izateko. PSEko ordezkariak duela gutxi Larreako parkea estaltzea defendatu zuen publikoki eta orain aukera paregabea du proiektu hau errealitate bilakatu dadin, horregatik EH Bilduk zuzenketa hau aurrera ateratzeko interpelazio zuzena egiten dio PSEko zinegotziari.  

Etxebizitza hutsen diagnostikoa eta beharren azterketa

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldearen iritziz, funtsezkoa da udalak Amasa Villabonako etxebizitzen egoera ondo ezagutzea. Ondorioz, etxebizitza hutsak identifikatu eta gaur egun duten egoera ezagutzeko azterketa bat gauzatzea da zuzenketa honen bidez proposatzen dena. Honen helburua gaur egun hutsik dauden etxebizitza ahalik eta gehien merkatura ateratzea (bai salmenta eta baita alokairuen merkatura) bultzatzea da.

Honekin batera gaur egun Amasa Villabonan zein etxebizitza behar objektibo dagoen jakiteko azterketa bat egitea planteatzen du EH Bilduk. Etorkizun hurbilean etxebizitzak eraiki behar badira, ezinbestekoa izango baita amasa-billabonatarren artean zein etxebizitza behar erreal dagoen jakitea.

Udalak diagnostiko eta azterketa hauek egin ahal izateko, 15.000 euroko diru-partida sortzea eskatu du EH Bilduk.

Euskara: Euskaltzaleen aktibazioa. Herri dinamikak laguntzea

2018. urtea, euskaltzaleak aktibatu eta euskararen erabilera indartuko duten dinamika herritarrak pizteko urte emankorra izan daitekeela dio EH Bilduk. Galtzaundi euskara elkarteak prozesu bat abiatu du Tolosaldean herriz herri euskaltzaleak biltzeko helburuarekin. Bestalde, 2018ko azaro eta abenduan Euskaraldia ekimena izango da, 11 egunez euskaraz jardunez, Euskal Herriko txoko guztietan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. EH Bilduk, aukera hauek baliatu behar direla defendatzen du, Amasa Villabonan ere euskaltzaleak bildu eta martxan jartzeko helburuarekin. Zentzu honetan, Udalak bere ekarpena egitea proposatu du EH Bilduk, euskararen aldeko herri dinamikak laguntzeko sortuko litzatekeen 3.000 euroko diru partida berri baten bidez.

Hezkuntza eta Merkataritza Batzordeetarako finantziazioa

PNVren udal gobernuak osatutako aurrekontuan, aurten sortzekoak diren bi batzorde berri hauei atxikitako diru partidarik ez egotea ulertezina dela salatu du EH Bilduk. Beraz, batzorde hauetako bakoitzari 3.000 euroko partida bana lotzea proposatu du bi zuzenketen bidez. 

Oriamendiko udal etxebizitzaren berrikuntza

Oriamendi auzoko 6. zenbakian dagoen udal jabetzako etxebizitza egoera penagarrian aurkitzen dela azaldu du EH Bilduk, bizitoki bezala erabiltzea ezinezkoa delarik. Pisu hori egoera horretan uztea zentzugabekeria litzatekeela eta udal gobernuak etxebizitza horren inguruko erabakirik hartu gabe beste urte bat pasatzen utzi nahi duela salatu dute.

Etxebizitza hori berriro ere Gizarte Zerbitzuen mesedetara jartzea eskatzen du EH Bilduk eta gizarte larrialdietarako, pertsonen gizarteratzerako, edo beste gizarte-programa baten baitan erabili ahal izateko urratsak ematen hastea. Horretarako etxebizitzaren berrikuntza burutzeko beharrezkoa den azterketa edo proiektua egitea planteatu du koalizio abertzaleak, helburu horretarako 6.000 euroko diru partida bat sortzeko eskatuz. EH Bilduk azaldu du erreforma proiektu bat edukita, udalak beste erakunde publikoetara (Gipuzkoako Foru Aldundira edota Eusko Jaurlaritzara) jo ahal izango duela berrikuntza obra osoa egiteko finantziazio bila.

Desfibriladore bat erostea

EH Bilduk Arratzaingo eskoletan kokatzeko desfibriladore bat erostea proposatu du, hezkuntza zentroetako haur eta nerabe kopuru handiagatik eta bertan egiten diren kirol ekintza ugariengatik. Gainera desfibriladorea Futbol zelaiarekin konpartitzea eta eskoletako irakasleei zein futbol taldeko monitoreei desfibriladorea erabiltzeko kurtso bat eskaintzea ere planteatzen da. Honetarako 2.000€ proposatzen dira

"Aljibe Gauak" emanaldiak eta kultura aniztasunaren aldeko ekintzak

Kultura sailerako ere egin ditu proposamenak EH Bilduk. Alde batetik, 2014 eta 2015. urteetan antolatzen ziren ostiral gauetako Aljibeko emanaldiak berreskuratzea eta horretarako 4.000 euroko partida bat sortzea proposatzen da. Eta beste alde batetik, Amasa Villabonako kultur eta jatorri aniztasunaren aldeko ekimenak (beste herrialdeetako gastronomia ezagutzeko azokak, kultura ezberdinetako folklore emanaldiak, beste kulturak ezagutzeko topaketak...) antolatzeko planteamendua legoke, herrian bizi diren eta jatorri zein kultura ezberdina duten pertsonen arteko elkar ezagutza, errespetua eta elkarbizitza bultzatzeko asmoz. Horretarako 3.000 euroko diru-partida sortzea proposatu du EH Bilduk.

Diru laguntza berriak sortzea:

Diru laguntzen atalean, bi diru laguntzen partida ekonomikoak handitzea, eta PNVk egindako aurrekontuetan jasotzen ez diren lau diru laguntza berri sortzea proposatu du EH Bilduko udal taldeak.

Gehikuntzak:

Euskara ikasteko laguntzak:

Atal honetan 3.000 euroko gehikuntza proposatzen da, euskara ikasteko urratsa ematen duten eta baldintzak (klaseetara asistentzia, euskaltegiek egindako txostena etab.) betetzen dituzten pertsonek euskara doan ikasi ahal izan dezaten. Euskara bertako hizkuntza ofiziala izanik, euskara jakitea eskubidea dela defendatzen du EH Bilduk eta eskubidea den neurrian, horretarako ordaindu behar izatea ez dela bidezkoa adierazten du.

Harituz bertso elkartea:

Elkarte honi bideratutako diru laguntzan 1.000 euroko gehikuntza. Izan ere, Harituz bertso elkarteak, bertsolaritza eta bertsozaletasuna lantzen ditu eta aurten lau bertso eskola talde ditu Amasa Villabonan. Udalean 4.000 euroko diru laguntza eskatu zuten proiektu bat aurkeztuz eta PNVk egindako aurrekontuetan soilik 3.000 euroko laguntza ematea jasotzen da. Beraz, EH Bilduk, elkarte honek egindako eskaera bere osotasunean betetzea proposatu du.

Diru laguntza berriak:

Seaska haur eskolako matrikulazioetarako: 

Amasa Villabonako haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea da proposatzen dena. EH Bilduk gogoratu du udala haur eskola honetako partaide dela eta Seaska haur eskolaren biziraupena bera dagoela jokoan. Matrikulazio kopuruari dagokionez dauden arriskuak saihestea da honen helburua eta horretarako laguntza-sistema zehatz bat proposatzen da; gurasoek jasoko luketen laguntza ekonomikoa errenta aitorpenaren eta haurrek haur eskolan igarotzen dituzten ordu kopuruaren arabera kalkulatuz. Honetarako 10.500 euro bideratzea proposatzen da.    

Euskal Herriko zenbait erakunde diruz  laguntzea: 

Zehazki Udalbiltza erakundea, Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) eta Euskal Memoria Fundazioa bultzatzea proposatu du EH Bilduk, erakunde hauetako bakoitzari 1.500 euroko ekarpena eginez.

Eztabaidatu eta akordioak bilatzeko prestutasuna:

EH Bilduko udal taldeak, udaleko gainontzeko alderdi politikoekin biltzeko, eta zuzenketa hauen inguruko azalpenak emateko prest agertu da. Ez hori bakarrik, aurkeztutako zuzenketekin negoziazio fase bat zabaltzeko prestutasuna adierazi dute. EH Bilduren arabera, proposatzen diren zuzenketen finantziazioa nondik lortuko den, bigarren mailako kontua da eta a hor aldaketak egiteko guztiz prest agertu da koalizio abertzalea. Beraz, astelehenera bitartean (asteburua barne) PNV eta PSErekin bildu, eztabaidatu eta adostasunak bilatzea da EH Bilduko zinegotzi talderen nahia.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!