Propagandari buruzko ordenantza atzeratu egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

Publizitatea eta propagandaren inguruko ordenantza otsailean onartuko dutela jakinarazi dute Udaletik. Prentsa ohar bidez azaldu dute atzerapen horren zergatia:

Iragan abenduan udaleko gobernu taldeak (EAJ) udaleko gainerako talde politikoei (EH Bildu eta PSE) Villabonako espazio publiko desberdinetan publizitatea eta propaganda era egokian erabiltzeko udal ordenantzaren zirriborro bat bidali zien.

Proposamenak, negoziatu daitekeenak, Tolosa, Andoain, Soraluze, Donostia edo Irun bezalako beste herrietan jadanik onartutako antzeko arauak hartu ditu oinarritzat, eta bizitza kalitatea eta gizartearen elkarbizitza hobetzea du helburu, beti ere norberaren espresio-eskubidea nahiz kolektiboa, eta hiri-ondarea babesteko beharra bermatuz.

Jeltzaleen eta sozialisten artean adostasun maila handia duen testuak EH Bilduren lehen azterketa bat jaso du jadanik, talde horrek alkatetzari denbora gehiago eskatu diolarik lantzeko. Maite Izagirre alkateak ezker abertzalearen proposamen hori onartu du eta, horregatik, ordenantza berri honen onarpena otsailaren amaieran egingo den ohiko osoko bilkura arte atzeratu da: "Askotan kaleak kartelez eta propagandako elementuz josita daude, inolako ordenik gabe eta edozein tokitan jarritakoak. Desatsegina eta antiestetikoa gertatzen da. Villabonak hiri-paisaia garbia eta guztiontzat atsegina eduki behar du. Akordio on batetara iritsi gaitezkeela uste dut" dio alkateak.

Udalaren ideia ordenantza honen onarpenarekin batera herriko toki estrategikoetan horrelako propaganda ipintzeko panel bereziak ezartzea da. "Propaganda egiteko era duela hogei urtekoa bezalakoa ezin daitekeela izan onartu behar dugu. Teknologia berriak, sare sozialak, dira etorkizuneko adierazpen-moduak, eta kalean propagandak duen eragina gero eta txikiagoa da" azpimarratu du Maite Izagirrek.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!