"Sektorea indartsu eta aldaketarako prest dago"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

Garai berrietara egokitzeko lanean ari dira sagardogileak, beti ere tradizioari muzinik egin gabe. Baserria eta familia negozioaren erdigunean daude, oraindik ere. Amaia Zubeldia Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko ordezkariari egin diogu elkarrizketa.

Garaien aldaketan, aldaketa ugari ematen ari dira ekoizleen baitan. Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak estrategia berritzailea du, kalitatea edota nazioartekotzea ardatz hartuta.

Sektorea 2018an indartsu dagoela esan al daiteke?
Bai, indartsu eta aldaketarako prest. Garaiak aldatuz doazen kontzientzia hartu dute. Egokitzen ari dira . Garai batean beste modu batean lan egiten zen, txotxak arrakasta izan du baina berrikuntzak egin behar dira eta alde horretatik sektorean apustu handia egiteko prest daude.

Zuek bideratu duzue ikuspegi aldaketa, ala alderantziz izan da?
Denon artean iritsi gara egoera honetara. 40 kide gara Gipuzkoan. Guk zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkiegu eta harreman horretan behar zehatzak antzeman dira. Estrategia aldaketa bi ataletan oinarritzen da: produktua eta restaurazioa.

Garaiak aldatu direla diozu. Zeintzuk dira joera berri horiek?
Bezero mota, adibidez. Garai batean gizona bakarrik joaten zen sagardotegira, astean hiru edo lau alditan. Familiak, bikoteak, turistak... bezero mota aldatu da eta horrek zerbitzuen eta produktuen osagarritasuna ekarri du. Aipagarria den beste joera berria sagardotegira joateko eguna da. Astean zehar mugimendua jaitsi egin da sagardotegietan, eta asteburuetan berriz bazkariak nabarmen igo dira. Eskaerak ere aldatu egin dira. Lehen bakoitza bere ibilgailuan joaten zen, orain garraiobidea eskaintzen zaie.

Garai berriak datoz, baina baserria eta familia ezinbesteko dira sagargotegi baten gidaritza lanean.
Nekazal ustiapen bat da, eta negozio familiarra: Sagardotegia hori da. Bi horiek gabe aurrera egitea zaila da, ez ginateke sagardotegi baten aurrean egongo. Produktuan dago negozioaren oinarria. Artisau lana da, bertako sagastiekin eta bertako sagarrarekin egindakoa.

Kalitatearen aldeko apustu sendoa egiten ari zarete azken urteotan.
Eusko Labelarekin hasi ginen, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura marka lortzea izan da  hurrengo urratsa. Bertako sagardoa eta kalitatezkoa lortzea, horixe da sagardotegien egungo erronka nagusia.

Eta zeintzuk dira abantailak ekoizlearentzat?
Jatorri izendapenak Europa mailan ospe handia du. Ezaguna da, eta aitortza bat dago zigilu horren baitan. Bezeroari konfiantza eragiten dio, erosketa egiteko orduan. Bestalde, ekoizleari produktua modu kontrolatuan eta arautuan lan egiteko aukera ematen dio. Kontrol lanak, gainera, ekoizpen prozesu osoari eragiten dio.

Sagardozaleari ere bogan dagoen 'esperientzia' eskaini nahi zaio.
Bertakoek akaso barneratuta daukate, baina sagardoaren kultura urrunekoa zaionari sagardoa, sagastia edota baserria nondik datozen adierazi behar zaizkio. Euskal kulturaren eta nortasunaren ikur dira. Produktua nola egiten dugun erakutsiz, produktua bera balioan jartzen ari gara. Jateaz eta edateaz gain, orain esperientzia oso bat eskaini geniezaioke bezeroari: sagarrak bildu, ekoizpenean parte hartu, dastaketa saioak egin...
Sagardotegia turismo sektorera egokitzeko laguntza eskaintzea gure zereginetakoa da.

Txikitik handira enbidoa jo behar baduzue, kanpora begira aliantzak beharrezko izango dira, zeren eta euskal sagardoa ez da hemendik kanpo oso ezaguna.
Beharra handia da. Estatu mailan sagardo asturiarra ezaguna da, gurea ez. Hona etortzen diren turistak, sagardotegia ezagutzean, harrituta uzten ditugu. Administrazioarekin batera hori indartzea gure erronkatakoa da. Nazioartekotze egitasmoetan egon nahiko genuke.
Bertako eragileekin ere ari gara lanean, Albaolarekin adibidez.  Euren proiektua mundu zabalean zabaltzen ari dira, eta gurearekin zerikusia badu. Museoan atal bat sagardoari eskaini diote, Terranovara zihoazen arrantzaleen edaria sagardoa baitzen. Aliantza horrek elkarrekin mundu zabalean ezagutzera emateko aukera ematen digu. Albaolarekin batera, esaterako, Bretainiako itsas jaialdian sagardoa promozionatzen izan ginen iaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!