Inauterien atarian, umorearen makina prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

Aurtengo Inauterietako jaiei begira Andoainen antolatu den egitarau oparoa aurkeztu zen atzo, Basteron. Urtez urte gehitzen ari da ekitaldien kopurua eta herritarren parte hartzea. 600 lagun mugitzen dituzten hogei konpartsek osatuko dute kale desfilea.

Konpartsetako ordezkariez gain, herriko ikastetxeetako, kultur taldeetako, musika eskoletako eta gazte lokaleko eragileak eta kultura departamenduko langileak bildu ziren prentsaurrekoan. Argazki koloretsua ateratzeko moduan azaldu ziren guztiak ere, mozorrotuta eta inauterietako jaiekin gozatzeko prest.

Esti Mujika kultura zinegotziak adierazi zuenez, “Seguru Andoaingo eta Euskal Herriko etxe gehienetan hasiak daudela honezkero mozorro eta osagarriak prestatzen, inauteriak iristearekin batera, kalera atera eta ondo pasatzeko asmoz.  Ohitura zaharra da gurean mozorro festa; dakizuenez, debekatua izan zen gure herriko historiaren momenturik ilunenetako batean, baina azken hamarkadetan berreskuratuz eta ohitura indartuz joan gara”.

Egitaraua datozen egunetan Andoaingo etxeetan banatuko da. Bertan ekitaldiei buruzko xehetasun guztiak jakitera emango badira ere, aurrerapen bat eskaini zuen Mujikak.

 

Urtarrilaren 27an (larunbata):

- Axeri dantzarien Puska Biltzea, Sorabillako auzoan barrena. 08:00etatik aurrera.

 

Otsailaren 2an (ostirala):

- Kaldereroen kalejira Ondarretako ikastetxeko haur eta lehen hezkuntzako ikasleen eskutik. Arratsaldean.

 

Otsailaren 3an (larunbata):

- Kaldereroen kalejira. 17:00etan Ontza elkartetik abiatuko da. 17:30ean Goikoplazan kanpamendua jarriko dute, eta ondoren, kalejira Zumea Plazara bitarte.

 

Otsailaren 7an (asteazkena):

Oier Araolazaren hitzaldia: “Neguko festak, inauteriak dantzan”. Urigain kultur etxea, 18:00etan.

 

Otsailaren 8an (Ostegun Gizena):

- Ikastetxe guztietako ikasleak mozorrotuta irtengo dira herrian zehar.

- Beldurraren etxea. Gazte lokalean. 17:30-20:00.

- Maskara lehiaketaren sari banaketa, Urigain kultur etxean, 18:00. Maskarak ikusgai egongo dira otsailaren 8, 9 eta 12an.

- Pintxo-pote musikala. Olagain elkarteko txistulariak, Alberto Agirre abesbatza, Kantu-jira eta Udal Musika Eskolako musikariak eta abesbatzak. Kaleetan zehar, 19:30etatik aurrera.

 

Otsailaren 8an (ostirala):

- Mozorro festa, Gazte lokalean.

- Kontzertu Bufoa. Udal Musika Eskolaren eskutik. Basteron.

 

Otsailaren 9an (larunbata):

-Buruhandi eta Erraldoien eta Soinuak musika eskolako ikasleen kalejira. Eguerdi partean.

-Inauteri desfilea, Zumea Plazatik irten eta Goikoplazaraino. 20 konpartsa eta 600 lagun baino gehiago. Arratsaldean.

-Gazte jai disko festa, Nafarroa Plazan. Gauean.

 

Otsailaren 10an (igandea):

-Ez da ekitaldi berezirik antolatu, baina udalak herritarrak eta konpartsak animatzen ditu jaiarekin inauterietako jai giroaz gozatzen jarrai dezaten kalean.

 

Argazki irabazlea

Aurtengo esku programaren azalean, iaz argazki lehiaketa irabazi zuen Marga Oiartzunen argazkia ageri da. Urtero legez, aurten ere argazki lehiaketa antolatuko da, eta hurrengo urteko irudia hautatuko da.

 

Oharrak

Udalaren izenean, Mujikak herritarrei gonbidapena luzatu zien jaiek irauten duten bitartean etxeetako balkoi eta lehiak globoz eta koloretako oihalez jantzi ditzaten.

Bestalde, Udalak ozen adierazi du inauterietako jaietan ere sexu erasorik ez dela onartuko. Esti Mujikak gehitu zuenez, “testuinguru horretan karroza guztietan erasoen aurkako kartelak ikusiko dira, eta herritarrei eskatzen dizuegu ez halakorik ez onartzeko eta ez izateko egoera horien konplize”.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!